Uda honetako oporren lehenengo zatitxoa pasa da dagoeneko. Astebeteko oporrak izan ditut (abuztuak 3tik 12ra), nahiz eta motz xamarrak izan ederki aprobetxatuak izan dira. Batetik bestera ibili naiz geratu ere egin gabe: udalekuak, Bardeak, Landak, Jaka, Pirinioak…
ABUZTUAK 3-6: ATXONDO (UDALEKUAK)
Opor egun hauen lehen geldialdia Atxondon izan zen; Ibarrako Txiribitu Astialdi Taldekoei bisita egin nien udalekuetara. Bertan beraiekin aspaldiko oroitzapenak berpizteko aukera izan nuen (begirale nintzen garaiko uneak gogora ekarri…) Egun ederrak pasa genituen; haur eta gazteekin jolas nahikoa egin, txorakeria nahikoa esan, begiraleen artean apustuak egin, mendiko rutak organizatu, gau giroan terrazan tertulian egon… Lo-ordu askorik ez genuen izan baina beno, egun gutxi zirenez ahal zen guztia aprobetxatu beharra zegoen!!!
Toki paregabea da Atxondoko etxe hau, Anbotora bista zoragarriak eskaintzen dituena etxeko ataritik. Urkiolara ere bisita egin genuen, mendiko rutak prestatzen ibili ginenean umeekin gau bat bertan pasako genuela pentsatu genuen. Eta beraz, bertan lo egiteko leku egoki bat bilatu beharra zegoen. Eta Urkiolan geundela aprobetxatuz harriari ere buelta batzuk eman behar ba!! 7 buelta eman behar omen zaizkio ( eta guk badaezpada 7 buelta zentzu batean eta 7 buelta beste zentzuan eman genizkion… jejeje!!!)
Ba lo-tokiarekin zorteko izan ginen eta bat ez, bi aterpetxe topatu genituen: Santutegiaren ondoan daude biak; bat librea da, normalean egunez bakarrik egoten da irekita baina azkenaldian gauez ere irekita edukitzen dutela esan zigun interpretazio zentruko langileak. Bigarrena, berriz, pribatua da, (Santutegiarena) baina oso prezio onean alokatu daiteke 4€/pertsonako eta gauko. Hori bai, minimo 60€ eskatzen dituzte. Guztiz ekipatua dago, 22 ohe, bainugela, sukaldea tresna guztiekin, jangela… Norbaitek Urkiola-Anboto aldetik asteburu pasaren bat egiteko asmoa badu, bertan lo egiteko toki paregabea da. Guk, ruta bi taldetan banatuta egin behar genuenez biak hartu genituen.
Igandean abiatu behar genuen mendi aldera motxilak hartuta, baina eguraldi iragarpenek notizia onik ez zutenez, astelehenera atzeratu genuen. Nik astelehenean Ibarrara itzuli behar nuenez hantxe agurtu nituen mendi aldera abiatu zirenean!
ABUZTUAK 6-9: BARDEAK BIZIKLETAN
Bazkalondoan Atxondotik itzuli eta iluntzean bertan Bardeetara joateko geratuta nengoen Irungo lagun batekin Ibarran. Etxera etorri, motxila hustu, bizikletako gauzekin berriro bete eta furgonetan bizikleta eta traste guztiak kargatu ostean iluntzeko 8ak aldera abiatu ginen Nafarroa hegoalderantz.
Bardeetako Parke Naturalaren sarreran (El Pasoko aparkalekuan) lo egiteko asmoa genuen, Carcastillotik 10km-ra. Baina azken herri honetara iristean herriko jaiekin egin genuen topo. Gure artean zera komentatu genuen “Bertan gaudenez, afaldu eta trago pare bat hartuko ditugu ezta?”. Esan eta egin. Furgoneta aparkatzeko toki egoki bat topatu, afaldu eta astelehen buruzuri batean hantxe atera ginen zerbeza pare bat hartzeko asmoarekin. Gaueko 23:30ak, ia inortxo ere ez tabernetan. Bertako zerbitzari bati galdetu genion eta honek 1:30ak aldera arte ez zela parrandarik hasten esan zigun. Bi aukera zeuden: furgonetara lotara itzuli ala bertako giroa ezagutu eta herriko festetan murgiltzea. Eta noski, bigarren aukeraketa egin genuen. Gainera herrikoen artean erabat integratzeko zapi gorri bana lortu genituen eta jada ez geneukan aitzakiarik parrandarako!!
ABUZTUAK 7, ASTEARTEA à Noches alegres…
…mañanas tristes. Ajea, resaka, biharamuna… edozein sinonimok balio du gure hurrengo eguneko panorama deskribatzeko. Bizikleta??? Gainean jarriz gero seguruenik 100 metro zuzen egiteko kapazak ez ginen izango! Izugarrizko beroa egiten zuen eta gosaldu ondoren herritik lasai-lasai buelta bat ematea pentsatu genuen. Siesta txiki bat egin eta pixka bat espabilatzeko erreka baten bila hasi ginen. Monasterio de la Olivara gerturatu ginen, handik Aragon ibaira joan ahal izateko. Beste gorputz bat geratu zitzaigun ur freskotan sartu ostean. Hori bai, erreka bazterreko moskitoen merienda izan ginen uretatik ateratzean!!!
Handik Figarolera. Bertan aterpetxe bat dago Dos Haches izenekoa. 2008 eta 2009.urteetan eginiko bizikleta irteeretan bertan egin nuen lo eta harreman oso ona egin nuen bertakoekin; Maria Angeles, bere senarra eta ahizparekin. Beraz, aspalditik pendiente neukan bisita egiteko aprobetxatu nuen.
Eta honen ostean behingoz “fundamentua” egiteko garaia iritsi zen. Arguedas-era joan ginen, hurrengo eguneko bizikleta ibilbidea Yugoko ermitatik hasi behar baikenuen. Hona iritsi eta hemen ere festak. Hala ere gure gorputzak ez zeuden jai girorako… Jende ugari kalean, errekortariak eta zezenen desfilea ikusten. Nafarren tradizioa baita! Gainera Arguedasen entzierro moduko bat egiten dute Yugora doan errepidetik. “El Estrecho” deitzen dioten jaitsiera da. Dozena bat zezen soltatzen dituzte goian eta hauek herriraino jaisten dira, zezen plazara iristeko.
Ilunabarrean Yugoko ermitara igo ginen. Taberna, albergea eta merendero handi bat ere badaude bertan. Aparkaleku handi bat du eta bertan pasa genuen gaua. Izugarrizko gau giroa zegoen, zeru izartsua bistan, zakuak atera eta kanpoan lo egiteko aparta (moskitoengatik izango ez balitz…)
ABUZTUAK 8, ASTEAZKENA à Bardena Extrem…
Gaur bai. Kuloteak eta mailota jantzi eta hankak astintzeko momentua heldu da. Goizago irteteko asmoa bagenuen ere azkenean 9:30ak jota jarri gara martxan. Goizean goizetik Lorentzo ederki hasi da berotzen, a ze eguna izango duguna aurretik…
Atzo gauean ibilbideari begirada bat botatzen aritu ginen eta 60km inguru izango zirela aurreikusi genuen, 5 ordu inguruko buelta. Virgen del Yugoko ermitatik beheruntz abiatu eta Ferialeko urtegira zuzendu gara.
El Ferial-eko urtegia
Handik pistari jarraituz Bajada de las Yeguas-etik barrena El Paso-ra gerturatzeko.
Bertan “Monumento al Pastor Bardenero” izeneko eskultura bat dago. Ofizio honek orain hainbesteko arrakastarik ez badu ere, oraindik batzuk mantentzen dute lehengo artzainen ohitura. Bardeetan negu hotza igaro ostean maiatza aldera “Cañada Real de los Roncaleses” deritzon bidetik Piriniotako mendietara eramaten dituzte ardiak, ondoren azaro aldera berriro itzultzeko.
"El Paso"ko aterpea eta aparkalekua
Handik berriro basamortuan barnealdera egin dugu “El Rallón” aldera. Toki esanguratsua da hau. Pista zabalak utzi eta bidezidorretatik barna sartu gara bertara iristeko. Igoeran botatako izerdiek saria dute bertatik Bardena guztiko ikuskizunaz gozatu ahal izateko.
El Rallón tontorreko panoramika
El Rallón gaina eta azpian Paso de los Ciervos Jaitsiera
Bertan azaldu diot nire lagunari nondik nora izango diren gure hurrengo kilometroak. Rallonetik jaitsi eta kilometro bat atzera eginda “Paso de los Ciervos” deritzon jaitsierarako bidegurutzea hartzen da ezkerrera. BTT zaleei gehien gustatzen zaien jaitsiera da hau. Eta hemendik, bidezidor gehiagotatik barrena, “Poligono de Tiro”ko pistara iritsi gara. Dagoeneko ur faltan izango ginela konturatuta geunden eta “Castil de Tierra”ra iristeko biderik motzena hartzea pentsatu dugu. Eskerrak!!!! 40 gradutik gora egiten zituen dagoeneko, eguneko ordurik beroenak genituen bete-betean…
Poligono de Tiro-ren beste aldean Castil de Tierrara iritsi gara. Potx eginda dagoeneko. Ur eskasia, itzalik eza… ahuldadea hasi da agertzen… Castil de Tierra da Bardeetako formazio ezagunenetakoa.
Handik pare bat kilometro atzera egin eta Cañada batean sartu gara ibilbide hasieran hartu dugun pistara ateratzeko. Aurrera eta aurrera… bidegurutze batean duda sartu zaigu ondo gindoazen hala ez. Jarraitzen ari ginen bidea ez zen hasiera batean mapan jarraitu nahi genuena baina gure orientazioak ez gindoazela hain gaizki esaten zigun. Momentu horretan pajaroi latza etorri zait gainera. Bizikletatik jaitsi, lurrean etzan, gel bat hartu, geratzen zitzaigun azken ur tragoa edan eta xuabe-xuabe aurrera jarraitu behar izan dut. Ezin genuen denbora gehiagoan geldirik geratu, urik ez geneukan, itzalik ez zegoen eta eguerdiko 14:00ak inguru ziren, eguzkia bete-betean!
Poliki-poliki kilometroak egiten ari garela, oasi bat bezala agertu da ur putzu bat bidearen ezkerretara. “Aluzinazioa ala benetakoa ote???” Hau poza!! Horrelakoetan eskertzen da ura benetan!! Eskerrak potabilizatzaileak genituen… Botilinak bete, uretan burua eta gorputza freskatu eta azken ordu erdi pattalari buelta emateko gai izan naiz! Mapa atera, non gauden kokatu eta beste berri on bat!ez genbiltzan hain desbideratuta!!! eta laster irten gara hasierako pistako bidegurutzera. Handik Yugora beste 5-6 km geratzen zitzaizkigun. Umorea aldatu zaigu hau jakitean eta bromak egiten hasi gara “Virgen del Yugo”ren inguruan…
6 orduko ibiliaren ostean 15:30ak aldera iritsi gara furgonetara!!! 72km izan dira azkenean. Iturri azpian burua sartu, ur nahikoa edan eta zerbait jan ostean bizikletak furgonetan muntatu eta Ferialeko urtegira joan gara merezitako bainua hartzera. Hau bai izan dela “pequeños placeres de la vida” esaten dena!!! Ura edukitzearen zoriontasuna!!!
Gaurko honetan Bardeen alde gogorrena bizi izan dugu, “Extrem Bardenas“. Ni behin baino gehiagotan bertan egona nago, baina nirekin etorri denari ez dakit ze oroitzapen geratuko zaion basamortu honen inguruan, lehenengo aldia paraje honetara etortzen dena, eta kondizio hauetan…
Arguedasera itzuli gara, supermerkaturen bat irekita ote zen… baina festetan dena itxita. Zezenen entzierroa ikusi eta Tuterara joan gara fruta eta zuku batzuk erostera, hidratazio beharra genuen!
Errepide iskineko merendero batean meriendatu eta lasai-lasai tertulian egon ostean konklusio batera iritsi gara: “Ezin dugu beste egun bat gehiago bero hauekin hemen bizikletan ibili. Nora joango gara? Mendia ala kosta? Landetara??”. Ba horrelaxe, bi aldiz pentsatu gabe, martxan jarri gara iparralderantz. 2 ordu pasatxoan Capbreton-era heldu gara.
Kostako brisaren frexkotasunean afaldu, itsasoan beste bainu bat hartu eta lotara. Deskantsatzeko premia bagenuen eta biak!
ABUZTUAK 9, OSTEGUNA à LES LANDES
Bezperan harturiko pasatuaren ostean, gaurkoan presarik gabe jaiki gara. Itsasertzean lasai gosaldu, bainujantzia eta galtza motzak jantzi eta pare bat orduko bizikleta itzulia egin dugu Hossegor, L´Etang Noir, L´Etang Blanc eta Capbreton ingurutik.
A ze kontrastea egun batetik bestera; Bardeen bakartasunetik turista artera, basamortuko lehortasunetik pinudi berdeetara, ur putzu eskasetatik itsaso zabalera…
Furgonetara bueltan, bizikletak furgonetari muntatu eta azken bainu bat hartzera joan gara. Hondartza jendez lepo, eta uretan ere zer esanik ez! Bero honekin normala den bezala denak putzuan freskatzen…
Bazkaldu eta bidean martxan jarri gara etxerantz. Arratsaldeko 16:30ak aldera Ibarran egoteko.
Abentura eta bizipen ugariz beteak izan dira hiru egun hauek. Une oso onak eta noski, muturreko egoera horietan ez hain onak ere bai. Hala eta guztiz ere, momentu zail horiei ere aurre egiten jakin dugu eta nola ez, momentu onez topera disfrutatzen ere bai!
ABUZTUAK 10, OSTIRALA à JAKA
Atzo iluntzean beste behin motxila bat hustu bestea bete eta Jakara eraman beharreko traste guztiak prest utzi nituen.
Goizeko 9:30etan geratu naiz Izarorekin Jakara abiatzeko. Alerta emana zegoen beroarengatik, eta kotxean ur botilak aldamenean hartuta errepidean martxan jarri gara. Biok Jakara eginiko azken eskapada orain 5 urte inguru izan zen. Beti esan eta esan ari ginen “Pirineota jun behar deu ba berriro biak e…!” Eta horrelaxe iritsi da gaurko eguna. Azkenean martxan gara ilusio handiz eta astebururako plan zehatzik gabe… momentukoaren arabera erabakiko dugu zer egin.
Eguerdi alderako bertan ginen. Nire izebaren apartamentuan trasteak utzi eta terrazan Shandy bat hartuz astebururako behar ditugun erosketen zerrenda bat egin dugu. Kalera jaitsi, ostiral goiza zenez merkadillotik buelta bat eman eta supermerkatura joan gara erosketak egitera. Presarik gabe lasai bazkaldu eta laurak aldera igerilekura jaitsi gara.
Bainu bat hartu eta siesta txiki bat egiteko aprobetxatu dugu (bero gehiegi aukeran eta bigarren bainu bat hartu dugu denbora gutxira). Azken urteetan ikusi gabe nituen Jakako kuadrilako batzuk topatu ditut bertan; Eibarkoak, Donostiakoak… garai zaharrak gogora ekarri, azken urteetako berrien laburpen txiki bat bata besteari egin eta agurtu gara. Berriro terrazan meriendatzeko laranja zuku eta meloi zati frexko bana jan eta kalera. Iluntzeko 20:30ak eta 36º markatzen zituen termometroak!!! Hau ez da ohikoena Jaka bezalako herri batean… Giro bikaina kaleetan, betiko moduan erdiak baino gehiago euskaldunak eta ezagun ugari ere bai tartean! Poteo txiki bat egin eta 10ak aldera afaltzera. Pasta entsalada eder bat jan eta biharko egunari begira zer egin pentsatzen hasi gara. Eguraldi iragarpenen arabera bero egingo duela esaten dute, baina mendi buelta bat emateko giro bikaina. Beraz, Astunetik Pico de los Monjes mendira igoko garela pentsatu dugu.
ABUZTUAK 11, LARUNBATA à PICO DE LOS MONJES
Goizeko 8etan jaiki eta terrazara gosaltzera. Goizean goizetik bero sentsazio handia. Gaurkoan ere…
Motxilak prestatu, mendiko arropak jantzi eta kotxean martxan abiatu gara Astunera. 9:45etan bertan ginen eta 10ak aldera abiatu gara mendian gora. Astuneko eski estazioan, azken jatetxearen ondoko bidezidor batean gora abiatu behar da, errekatxo bati jarraika goruntz. Igoera honen ostean laku baten ondora iristen zara, hau zeharkatuz Col de los Monjes lepora ailegatzeko.
Hemen ezkerrera hartu eta segituan gerturatzen zara tontorrera. Azken zatiak du agian zailtasun apur bat, trepada txiki bat eta segituan Pico de los Monjes gailurrean!!! Uste genuena baino lehen igo gara, ordubete inguruan. Jaitsiera bide beretik egin beharrean, kresteriotik gainez gain jarraitzea erabaki dugu. Denbora soberan genuen eta giro bikaina mendi gailurretan. Guztira 3,5 orduko mendi itzulia egin dugu.
Hirurak alderako berriro etxean ginen bueltan. Zeozer jan (terrazan berriro ere) eta pistinara jaitsi gara. Txapuzoi eder bat eta beste siesta txiki bat, gaurkoan gainera tenperatura freskoxeagoarekin hobe! Dutxatu eta kalera. Pote pare bat hartu betiko tabernetan eta etxera afaltzera. Bihar igandea, dudan ginen Oroeleko mendi igoera ikusi edo guk beste mendi bueltaren bat egingo genuen… azkenean erabakita. Anayetera joango gara. Ni lehengo urtean igo nintzen koadrilako batzuekin, baina Izaro inoiz izan gabe zegoen eta ni ere berriz joateko gogoz. Beraz horixe izango dugu biharko plana!
ABUZTUAK 12, IGANDEA à PICO Y VERTICE DE ANAYET
Gaurkoan lehenago jaiki gara, 7etan. Ohiturei jarraituz terrazan gosaldu (gaurkoan freskotasun gehiago nabari zen), gauzak prestatu, motxilak hartu eta kotxean abiatu gara. 8:45etarako Formigalen ginen, Anayeteko eski estazioko sarrerako aparkalekuan kotxea utzita.
Kotxetik atera eta… hau haize hotza!! Gu galtza motzetan eta jertse ziztrin bat besterik ez genuela joan gara bertara!!! “Hemen horrelako haize hotza baldin badabil…hor goian zer edukiko ote deu?”. Ez zegoen atzera bueltarik, gainean genuenarekin, motxilak hartu eta hotzari aurre egiteko pausu bixi-bixian abiatu gara gorantz.
Hasierako 1,5-2 kilometroak asfaltoan, eski estazioko instalazioetara iritsi arte. Handik aurrera bidea ondo seinalizaturik dago, hasieran GR-11ko marka zuri gorriak jarraitu behar dira, eskuinerantz egin eta Culivillas-eko barrankoan gora abiatzeko. Bidea harrizko hitoek markatzen dute, hala ere bidezidorra garbi ikusten da. Gainera, udan, jende ugari igotzen da bertatik Ibones de Anayet-eraino.
Guk ere jende ugari topatu dugu bidean, tartean euskaldun dexente eta ezagunak ere bai, noski! Ibonetara iristean parajeaz gozatzea besterik ez dizu eskatzen inguruak. Aurrez aurre Anayeteko tontorra eta verticea, eskuinean Midi D´Ossau eta ezkerrean Pico Arroyeras.
Argazki batzuk atera ostean aurrerantz jarraitu dugu, parez pare ditugun Anayet-eko tontor eta verticearen arteko lepora igotzeko. Hona heldutakoan aurrena tontorrera igotzea pentsatu dugu, ondoren verticetik barrena kresteriotik Pico Arroyeras-eraino heltzeko.
Beraz, eskuinerantz jo dugu, atzeko partetik hitoei jarraituz berriro ere lakuen aldera atera arte. Hemen, igoera txiki baten ondoren, pasorik delikatuenera iristen gara; harkaitzera anklaturik dagoen kate batetik egiten da aurrera, tximini batera iritsi arte. Hemen beste trepada txiki bat eta azken hitoei jarraituz gailurrean gara.
Gora iristean berriro bista zoragarriak. Argazki batzuk atera, briñoi bat gustura jan eta goian dagoen kuadernoan gure notatxo bat idatzi dugu (bakarren bat bertara igotzen bazarete hantxe ikusiko duzue).
Bide beretik berriro leporaino jaitsi eta verticera abiatu gara. Igoera zuzena, galbiderik gabea. Behetik begiratuta ez badirudi ere, esan verticea pikoa baino altuagoa dela.
Handik kresteriotik aurrera eginez, Pico Arroyeras genuen hurrengo jomuga. Bista ederrak eskaintzen dituen ibilbidea, erraza eta gora-behera handiegirik gabea. Azken zatiak du igoera polit bat, Arroyeras gaina zapaltzeko gainditu beharrekoa. Goian beste argazki pare bat atera eta jaitsierako bidearen bila hasi gara. Liburuak bi jaitsiera posible eskaintzen zizkigun. Guk lehenengoa aukeratu dugu, bestea baino garbiagoa ematen zuelako. Aukeraketa ona izan den? Ez dakit ba, hasieran ondo, baina gero harri solte asko, zati bat behintzat arriskutsu xamarra, malda handiarekin. Behin hau gaindituta, ez dauka konplikazio gehiagorik, belardi batera ateratzen zara eta handik Ibones de Anayet aldera jo behar da, bertara iritsi aurretik eskubitara berriro Culivillasko jaitsiera hartzeko.
Konturatzerako iritsi gara eski estaziora. Eta handik kotxerainoko bidea ezagun batzuekin (irakasle ohi batekin) tertulian egin dugu, orain dela 8-10 urteko istorioak gogora ekarriaz!
Guztira 5:30 orduko itzulia. Hasieran hotzaren beldur baginen ere, behin Culivillasko barrankoan gora abiatutakoan hotzak joan zaizkigu eta tontorretan ere eguraldi bikaina izan dugu.
Jakara itzuli, bazkaldu, dutxatu eta etxea garbitu. Gustura jaitsiko ginen pistinara siesta bat botatzera baina denboraz larri xamar genbiltzan eta zuzenean etxera abiatzea pentsatu dugu.
Hauexek izan dira nire abuztuko abenturak. Ederki aprobetxatutako astea izan da. Orain hurrengoen zain geratu behar…
P.D.: norbaitek Bardeei buruzko gehiago jakin nahiko balu www.bardenasreales.es webgunean dauka ibilbideen inguruko informazio guztia.