2015/12/29

Sabaidee LAO


Abenduaren 24ean irten ginen etxetik, Bilbon hegazkina hartu eta hurrengo goizean Bangkok-era iritsi ginen. Hau beroa! 35-40 gradu egiten zituen gutxienez! Goizeko 6tan aireportutik tren geltokira joan ginen taxian, ez baitziguten utzi metroan bizikletak garraiatzen.


Bangkok-eko tren geltokia

Egun osoa egin genuen tren geltokian, bizikletak kaxatik atera eta prest jartzeko aprobetxatu genuen eguna, ezin baitzen kalean egon egiten zuen beroarekin...



Iluntzeko 8etan hartu genuen Bangkok- Non Khai trena, Laos mugaraino gerturatzen zaituena (700 km inguru) gau osoko ibilbidea, eskerrak literak genituen lo egiteko! Goizeko 7eta iritsi ginen Non Khai-ra ederki lo eginda, beharra bagenuen eta!

Azkenean heldu zen bizikleta gainean jartzeko eguna! Mugako tramiteak pasa ostean, "Friendship Bridge" delako zubia gurutzatu eta sartu ginen Laosera. Hemendik hiriburura, Vientianera, 35km egin genituen. Hiri lasaia, kalean postuak edozein lekutan janaria saltzen... Hegoamerikara itzultzea bezala izan da!




Hurrengo goizean, Vientiane-tik iparralderantz abiatu ginen eta pixkanaka jabetzen hasi ginen herrialde hau jasaten ari den aldaketaz. Aldaketa handiegia denbora oso laburrean... Kanpoko herrialdeak ari dira inguruak ustiatzen (Txina gehienbat...) eta ez modurik onenean, bertako baliabide naturalak erabiliaz. Proiektu horien artean daude, adibidez, Mekong ibaiean eta bere inguruetan eraiki nahi dituzten 70 zentral elektrikoak.






Pixkanaka-pixkanaka mendialdera gerturatzen joan gara, nekazal inguruak, herri txikiak... gure girora gehiago egokitzen direnak. Atzo Van Vieng herrira iritsi ginen. Inguru karstikoa denez, kobazuloz josirik dago. Gaur, alforjak aparte utzita, koba eta putzu bat bisitatzeko aprobetxatu dugu eguna.







Bihar, berriro bizikleta gainean, iparralderantz jarraituko dugu, Luang Prabang aldera. Tartean igoera gogorrak izango ditugulakoan gaude...

Urte zaharra non? Batek daki!!!