2013/02/02

MAROKO 2012ko GABONAK (1.zatia)


ABENDUAK 21 OSTIRALA (IBARRA-TARIFA)
Gipuzkoar askorentzat da gaur egun berezia, Santo Tomas eguna baita, parranda egiteko aitzakia ederra askorentzat, baita laneko bazkariak egiteko eguna ere, eta noski gure kasuan bezalaxe jende gehienarentzat OPORRAK!!!!  
Hainbeste denbora zain egon ostean azkenean iritsi da traste guztiak gainean hartu eta hegoaldera abiatzeko eguna. Helmuga: Marruekos. Atzo arratsaldea azken gauzak prestatu eta erosketak egiten pasa genuen. Hau dena sartuko al deu furgoneta barrun? Horixe zen gure dilema: bizikletak, alforjak, mendiko eta eskaladako materiala, janaria, erremintak… afalostean Tetrix-a montatzeko garaia iritsi zen. Dena kajetan sartu, armarioak ondo bete eta… txukun txukun ohe azpia kaxaz bete eta dena prest!
Gaur eguerdian bizikletak jartzea besterik ez zitzaigun geratzen, hauek prest jarri eta 12:etan irten gara Ibarratik. Ordu asko genituen aurretik… musika martxan jarri eta karretera!!!  Bidean bi aste hauetan egingo duguna definitzen joateko aprobetxatu dugu. Ruta ugari ditugu buruan bai bizikletaz, bai oinez eta baita mendian korrika egiteko ere. 2 aste nahikoa izango ote ditugu planeaturiko guztia egin ahal izateko?
Horrelaxe joan dira hegoalderako kilometroak, Burgos, Valladolid, Salamanca, Caceres, Merida, Sevilla, Algeciras eta azkenean gaueko 12:15etan ailegatu gara Tarifara. Portu ondoan aparkatu eta lotara, gidatzen pasatako orduen nekea nabaria  da eta,,,

ABENDUAK 22, LARUNBATA (TARIFA-CHEFCHAUEN)
Goizeko 9etan hartu dugu Ferrya. Portuan poliziaren kontrola pasa (txiste hutsa, begiratu ere ez digu egin) eta ontzi barrura sartu gara. Bertan gosaldu dugu eta pasaportea ere han zigilatu digute. 

Marruecos-en ordubete gutxiago denez 9tan Tanger.en geunden. Hemen ez da hain erraza aduana pasatzea, hala ere esan behar da gidaria emakumea izanik bentaja pixka batekin ginela… Polizia kontrola pasatzeko paper berde bat seilatu beharra dago. Horretarako pertsona batzuk egoten dira, tramite hori egiten laguntzen dutenak. Horietako bati deitu diogu eta berarekin izan naiz polizian. Ondoren hauei eskupekoa eman behar izaten zaie (10 edo 20€ inguru), gure kasuan 2€ eman dizkiot eta horrekin konformatu da, hori ere emakumea naizelako omen da…

Tanger-eko portura iristearekin hasten diren kontrasteak

Behin kontrol guztiak pasata (furgona juxtu juxtu atea irekiarazi digute…) Chefchauen aldera martxan jarri gara. Hemen hasi dira lehen inpresio eta kontrasteak: kotxeak edozein tokitatik gidatzen, oinezkoak nahi bezala errepidea gurutzatzen, karro eta motozikleta zaharrak errepidean, denak elkarri bozina joka, rotondatan inor ez da pasoa emateko gelditzen eta zebrabideetan zer esanik ez! Geldituz gero agian arriskutsuago… a ze kaosa!!! Baina beraien artean, esaerak dioen bezala “en orden dentro del desorden”, eta gauza guztiak lasaitasun handiz eginaz “prisa mata amigo!”. Furgonari gasolio depositoa bete (0,83€/l) eta Tanger-etik kanpora atera gara.
Chauen-era 2 ordu inguruko bidaia. Errepidean marrokiarren gidatzeko eraz jabetzeko aukera izan dut. Edozein tokitan aurreratuz, eta kurba bete betean bada hobe!!
Eguerdirako iritsi gara herrira. Beñatek hemengo berri ondo dakienez, zuzenean beraiek egon ohi diren hotelera joan gara “Hotel Zouar”. Ezagunak izanik, ongietorri eta tratu ezin hobea eman digute bertakoek. Bazkaltzeko paella bat posible den esan diogu Hamed-i eta 14etarako prest egongo dela esan digu. Pisto bertan den galdetuta inguruan dabilela esan digute hotelean. Bazkal aurretik, herrira jaisteko aprobetxatu dugu. Marruecosen bizitako lehen esperientzi eta sentsazio hauek ikaragarriak izan dira. Hotela herriaren erdialdetik 10 minutu ingurura aurkitzen da, goikaldean. Plazara iritsi eta medinan sartzerako mutil bat gerturatu zaigu atzetik “Hola amigo!” esanaz. Beñaten ezaguna. Medinan gora gurekin etorri da, atzetik beste bi tipo ere segika genituela konturatu naiz,  bere kolegak, hau bada hau mafia! Kaskadetara goazela esan diogu eta gero elkar ikustekotan geratu gara, topatuko gaituela (ez dut inongo dudarik egin ala izango dela, horretarako abilezia berezia baitu jende honek!). 

Herriaren amaieran daude kaskada txiki hauek, toki lasaia eta politta, txiringito batzuk ditu erreka inguruan eta hauetako batean eseri gara terrazan laranja zuku bat hartzera. 10 minuturako han genituen hirurak, gure aldamenean eserita. Hauekin tertulian egon eta hotelera itzuli gara bazkaltzera. Jangelara sartu eta zein egongo bertan… Pisto Loco jauna. Hau ere laster enteratu da bertan garela! Berarekin hitz batzuk egin eta bazkaltzen hasi gara. Hau paella puska! Earra! Ta ondoren lehen te marrokiarra hartu dugu, mentarekin.
Dutxa bat hartu eta 5:30ak aldera, jada ilun-bistan, herrira joan gara. Plazako terraza batean te bat hartu lasai ederrean eta medina aldera sartu gara. Gauza politak dituzte salgai txiringitoetan, denetik topa daiteke. Aitzinako gauzak salgai dituen patio batera sartu gara. Negoziatuz, puffa 100 Dr-etan erosi dut. Ondoren, aldameneko dendara sartu gara; cedro egurraren landutako gauzak zituzten. Ispilu bat gustatu zaigu. Zenbat balio duen galdetu eta 1500 Dr eskatu dizkigu. Guk oso garestia dela esan diogu. Orduan berak zenbat ordainduko genukeen galdetu digu. Beñatek 300 Dr esan dio. Dendakoarekin negoziatzen aritu naiz eta azkenean 450 Dr-etan lortu dugu!!!! Ez dago batere gaizki, marrokiarrekin egiten dudan lehen negoziaketa izateko!!!



 Hotelerako bidean datil batzuk erosi ditugu, hurrengo egunetan beharko ditugu mendian eta bizikletan… hotelera itzuli eta eskatu diogun afaria prest genuen: zopa marrokiarra eta arraina (kalamareak, ganbak, kaballak…). Afalosterako beste te bat digestioa egiten laguntzeko. Pisto ere jangelan zegoen beste batzuekin batera eta hoteleko atarira atera gara berarekin batera. Istorio harrigarriak entzun ahal izan ditut bere ahotik. Ni oraindik aterrizatzeko nengoen; sinestezina ari zitzaidan egiten gaur bizitako guztia, baita orain kontatu dizkigun anekdota guztiak ere. Istorio asko bizitako tipoa dirudi Pistok. Autentikoa gizon hau, ezagutzekoa!!! Berarekin tertulia hau izan ondoren gelara igo gara, “El experimento” pelikula ikusi eta lotara!

ABENDUAK 23, IGANDEA (CHAUEN-TALASSEMTANE)
Goizean presarik gabe jaiki, ederki gosaldu eta Akchour-eko aparkalekura abiatu gara, handik mendian korrika Talassemtaneko parke naturalean zehar ibiltzekotan. Paseotxo lasai bat izan behar zuenez, ur botilin bat eta jateko ezer gutxirekin abiatu gara. Aldapa gora “Puente de Dios” aldera abiatu gara, jada goizeko ordu luzeak ziren eta eguzkiak ederki berotzen zuen dagoeneko… paregabea tokia, zubia ikaragarria da, arkaitzean naturalki egina. Uste baino lehenago iritsi gara hona eta handik aurrera bideak jarraitzen duela ikusi dugu. GPSan begiratu eta ruta zirkular bat egitea posible dela iruditu zaigu, goitik barrena ondoren Kelaa-ko ur-jauzietara jaisteko. Igoera km bertikala bezalakoa izan da, malda handia eta beste behin ere ohiturak galdu gabe “campo a través” igoaz. Goian bista zoragarriak bi bailaretara. 
Talassemtane Parke Naturala

Bidegurutze batera heldu gara. Ezkerrera hartuz gero kaskadetara eta Taourarte herrira jaistea posible izango dela pentsatu dugu. Metro batzuk aurrera egin ditugu korrika, disfrutatuz, zuhaitz baten ondoan zerbait pikatzeko geratu garen arte. Ondoren, lehen ikusiriko bidea hartu dugu beherantz abiatzeko. Zatiren batean erdi galdurik ibili gara eta bide hori Taourarte herrira doala jabetu gara eta ezinezkoa dela zuzenean ur-jauzietara jaistea (izugarrizko maildegia baitago tartean). Herrira iritsi eta gure ustez bide ona zen bidezidor bat hartu dugu. Beherantz gindoazela aiton-amona parearekin gurutzatu gara, asto banarekin aldapa gora zetoztenak. Hala moduz elkar ulertu gara: nora goazen galdetu digute, guk Akchour-era joan nahi dugula esan diegu eta haiek hortik biderik ez dagoela esan digute, berriro herrira itzuli eta goitik doan beste bide bat hartu behar dugula. Goruntz abiatu gara beraien atzetik, astoari ipurdiko ederrak ematen zizkion bitartean… Dagoeneko ur tantarik gabe ginen eta oraindik furgonetara itzultzeko bide pixkat geratzen zitzaigun… Herrira iristean emakume batengana gerturatu gara. Botilina seinalatuz ura eskatu diogu, datil batzuk eskaini dizkiogu eta bere alaba bidali du etxe barrura ur bila. Ederki eskertu dugu ur trago hori!! Nora goazen esan eta Akchour-era iristeko bidea zein den erakutsi digu, nire hanketara seinalatuz (gero konturatu gara horrekin zer esan nahi zigun…).


 Bidezidorra hartu dugu. Geroz eta itxiago jartzen hasi da. Sastrakak, larrak, sasiak… hanketako minak hasi dira, baita madarikazioak ere bakarren baten ahotik. (ze ostia da hau? Hemen ez dao bideik! Kaskadak hor beran, kriston autopista aldamenen ta gu hemen 50 metro gorago bidea irikitzen!!! Txiringitok eta dena ikusten die aldamenen ta beida ze kaskada!!ta guk ezin bera jetsi!!!). Guztira 12km inguru izan dira Taourarte eta Akchour artekoak. Internetetik borratu zitzaigun R932 ibilbide famatua dela konturatu naiz.
Non ote dago bidea?


Eta halako batean… tatxan!!! Behekaldean zelai berde bat ikusi dugu eta bertara jaitsi ahal izateko bidea!!! Gure salbazioa! Eskerrak bide hau azaldu den, bestela ez dakit non bukatuko genuen… erreka ondoraino ailegatu gara eta hemendik aurrera geratzen zitzaizkigun 5km-ak disfrutatzekoak izan dira. Udan bainatu ahal izateko putzu ederrak errekan, txiringitoak iskinean… 16:30ak aldera iritsi gara furgonetara, hankak gerran baino marka gehiagoz josita, baina beste behin ere bide beretik itzuli beharrean ibilbide zirkularra eginda.
Furgoneta ondoan errekako ur hotzean garbitu gara, premia bagenuen eta! Handik Azrou-rako bideari ekin diogu. Bidaia ilunpean egin dugu, beraz, kontatzeko gutxi dugu zati honetan. Azrou-ra iritsi, eta GPS-a piztu dugu, hurrengo 3 egunetan egin beharreko bizikleta ibilbidea non hasten den jakiteko. Gu herritik gora igo gara, lotarako toki baten bila cedro arteko basoko bidean sartu gara. Azkenean buelta erdia eman eta beste toki bat aukeratu dugu, errepidean 5km inguru aldapa gora eginda dagoen merendero batean. Tximinoak ibiltzen omen dira bertan, ea bihar ikusten ditugun… Gaueko 11etan hasi gara afaltzen. Goseturik, nekaturik, ginen ordurako. Hala ere ardo botila ireki eta earki afaltzeko parada hartu dugu. Hori bai, bihar abiatzeko ezer ez dugu prestatu oraindik!!! Ondoloin eta bihar arte!

ABENDUAK 24, ASTELEHENA (BTT 1.EGUNA “AZROU-OUIWANE”)
Distantzia à 80km         Desnibel (+) à 2020m                  Denbora à 6:20h
Vmed à 12,5 km/h       desnibel (-) à 2165m

Goizeko 6tan 1800 metrora esnatu gara, zedro zuhaitzen arteko merendaleku batean. Kanpoan gradu bakarra. Inguruan tximinoak eta txakurrak. Gaur 3 eguneko bizikleta ibilaldiari hasiera emateko unea heldu da. Atzo gaueko 11ak genituen Azrou-ra iritsi ginenerako; alforjak prestatzeko denborarik izan ez genuenez, gaur goizean prestatu behar izan dugu material guztia.
Gosaldu eta 3 egunetan beharko dugun guztia sartzen hasi gara: arropak, janaria, lo-zakuak, bizikletako erremintak, botikina, dokumentazioa… bizikletak prest genituenean tipulak baino arropa kapa gehiago jantzita abiatu gara goizeko 10:30etan aldapa behera. Zerua urdin, eguzkitsu baina oraindik tenperatura fresko.
Abiatzeko prest!!
4km-ko portua jaitsi eta zedro arteko basoan barna sartu gara Toumliline aldera. Paisai ederrak, Azrou behean, afrikar mendiak inguruan eta gu basoan aurrera! Ondoren basotik atera eta aldea berebereetan sartzen hasi gara. Lehenengo ongietorria 6 zakurrek egin digute; zaunkaka inguruan segika hasi zaizkigu, akojono ederra pasa dugu!
Lehen herri “handira” iritsi gara 12:30etan: Ain Leuh. Ume ugari eskolatik aterata (ia denak mutilak). Handik errepidez portu bat igo eta bazkaltzen geratu gara bide iskinean, afrikar mendiak parez pare ditugula. Hauxe gure 24eko bazkaria: urdailazpiko pintxoa, txokolatezko turroi pixkat eta fruta. (Ibarran beste batzuk gure partez earki poteatu eta bazkalduko dute, bai hoixe!).
On egin!!!!
Zaouia D´Ifrane herrira iritsi gara handik. Errepidea amaitu eta pistaz egin ditugu honainoko azken  km-ak. Ur jauzi elegante bat herriaren goikaldean. Aurrera segi eta a ze igoera genuena aurretik… pista batean gora ta gora ta gora… Baina igoera gehienak bezala, goran genituen bistek merezi izan dute eginiko esfortzua. EH-ko lekuren batekin konparatzekotan Urbasa inguruarekin alderatu daiteke: kanpa zabalak, berdegune ederrak… Berebereen txabola batzuk igaro ditugu bidean; ahuntzek, astoek, behiek eta zaildutako pertsonek dute bizilekua bertan.

Zaouia D´Ifrane

Kanpa zoragarriak igoeraren ostean (Euskal Herrian ote gaude?)
Handik azken igoera bat errepidera iristeko. Eguzkia ezkutatzen ari zen dagoeneko, 1800 metrotan. Bidegurutzean gaueko ekipai guztia jarri (windstopper, xira, txaleko reflektantea, frontala…) argiak piztu eta 6km egin ditugu beherantz. Gure asmoa “Sources Oum Rbia” herrira iristea zen baina Ouiwane herrixkan aterpetxe bat ikusi eta bertan geratzea erabaki dugu laku baten ondoan (250 Dr bi pertsonen gaua+gosaria).
Dutxa beroa, logela eta sukaldea gure afaria prestatzeko. Dutxatu eta gora igo garenean Kanariar irletako familia bat ailegatu da. Tea eta pastak atera dituzte eta sala marrokiarren su ondoan egon gara epelean. Ondoren gure Gabon gaueko menua prestatu dugu:
-          Zopa marrokiarra
-          Pantumaca
-          Tomate eta atun entsalada
-          Risottoa kalamareekin
-          Idiazabal gazta eta turroia
-          Kaputxinoa pastakin
  
Eguberri on!!

Earra afaria e?? egia izango da euskaldunak edozein tokitara joanda ere jale onak garela…
Gaueko 10etarako ohean ginen eta ederki lo egin dugu hurrengo goizera arte!

ABENDUAK 25, ASTEARTEA (BTT 2.EGUNA “OUIWANE-MERS OU ALI”)
Distantzia à 50km         Desnibel (+) à 1413m                  Denbora à 4:30h
Vmed à 11,1 km/h       desnibel (-) à 1460m

Atzo eguzkia eta 25 graduko tenperatura. Gaur, ordea, esnatu garenerako zerua erdi laino zegoen goizeko 7tan. Jaiki eta 7:30etarako gosari ederra prest: hori banketea! Gauzak prestatu eta abiatzera gindoazela…sorpresa Beñaten bizikletan! Grazioson batek gauean bizikleta ibili du eta pulpoa pinoien artean engantxatuta eta kanbioak mugituta zeuden. Ia ordubeteko konponketa lanen ostean 9:45etan abiatu gara.
Marruekos-eko garraio ofiziala
Bailara ederra gurutzatu dugu 12km-tan Sources Oum Rbia arte. Handik portu bat gorantz 1400m-ko altuerara. Miradore ederra bertatik. Oraingoz dena asfaltoan egin dugu, aldea berebere zoragarrietan llaneatuz. Abentura herriaren bukaeran hasi da; “zona de obras”. Errepidea bukatu da, krixton txokolatea gurpiletan itsatsiz eta gainera pintxazoa nire aurreko gurpilari!! Madarikazio batzuk bota eta jaitsiera baten ostean erreka gurutzatu eta errepidea begi bistan! Eskerrak! Hemendik 1800 metrora arte beste portu bat igo beharra baikenuen. Bide osoan zehar haizea, euria, kazkabarra eta berriro euria izan dugu bidelagun .
Berriro beste llaneo baten ostean bidegurutze bat hartu eta pistan sartu gara. Arkaitz batzuen aterpean bazkaldu dugu, txabolako bizilagunak ardi eta astoekin aurrera eta atzera zebiltzan bitartean. Bizikletan abiatzera gindoazela emakumea gerturatu zaigu, bere etxera joan eta te bat hartzera gonbidatu gaitu. Pena pixka batekin baina ezezkoa esan behar izan diogu, 14:30ak ziren eta km dezente genituen oraindik aurretik…

Hortik aurrera pixkanaka pistaren egoera okertuz joan da. Euria geroz eta biziago, kazkabarra ere bai aurpegia kolpatuz. 1,5km-ko jaitsiera bat genuen, ondoren 2000m-ra igo eta beste 25km eginaz lo egin nahi genuen lakura iristeko. Beraz, aldapa behera abiatu gara, (ia frenurik gabe geratuz zeukan maldarengatik) eta beheran herrixka bat ikusi dugu. “Esto me suena…” esan du Beñatek, orain 2 urte motoz bertatik pasa baitziren. Bertan geratzea erabaki dugu eta iritsi bezalaxe gizon bat etorri zaigu. Segituan bere etxera eraman gaitu, bertan lotan geratzeko esanaz; suaren inguruan zegoen familia osoa. Gu goitik beheraino bustita, lokatzez zikinduta… etxekoandrea gerturatu eta arropa bustiak kendu dizkit, gure gela erakutsi digute, traste guztiak bertara eraman eta arropa lehorra jantzi dugu.
Familian inork ez du frantzesa hitz egiten, bereberea eta arabea bakarrik, normala 1800 metrotan dagoen 24 biztanleko herri bat dela suposatuz… gure gainean egon dira denbora guztian, ea ondo geunden galdezka! Berriro sutondora itzuli eta te beroa, ogia, mermelada, olioa… atera dizkigute. Gure janari poltsa ere atera diegu eta ulertzen ez garen hizkuntza batean aritu gara tertulian herriko eskolako irakaslea etorri den arte (bera da herri guztian frantzesa eta ingelesa dakien bakarra!). eskola erakutsi nahi digula eta berarekin eraman gaitu. Orduantxe iritsi da herrira astean behin janariarekin etortzen den kamioneta ere. Irakaslearen etxolan ere tea hartuz tertulian aritu gara. 20 ikasle daude eskolan, inguruko aldeetatik etortzen dira umeak.
7ak aldera etxera itzuli gara afaltzera. 14 lagun elkartu gara sutondoan ( herriko gehienak ezagutu ditugu gaur arratsaldean…). Batzuk beraien etxeetara joan dira eta etxeko gizonari “chef”, irakasleari, kamioneta gidariari eta gu bioi afaria atera digute: oilaskoa patatekin. Ondoren, gure sobrak emakumeek eta umeek jan dituzte (aurretik jakin izan bagenu… hau bai injustizia!)


Afalostean bizikletak barrura sartu eta komuna erakutsi digu (herriaren erditik igarozten den erreka lehortu bat da pixatoki ofiziala). Manta eta alfonbrekin diseinatutako koltxoi bat egin digute eta gaueko 9tan lotara.

ABENDUAK 26, ASTEAZKENA (MERS OU ALI – AZROU)
Distantzia à 46km         Desnibel (+) à 854m                    Denbora à 3:10h
Vmed à 15 km/h           desnibel (-) à 597m

Gelan gurekin batera kamioneta gidariak eta seme batek egin dute lo. Hauei goizeko 5ak aldera jo die iratzargailuak eta kamioneta hartu eta Azrou aldera abiatu dira. Gu goizeko 6:15tan jaiki gara. Gauza guztiak prest jarri eta 7etan sutondoan ginen berriro familikoekin. Telefono zenbakiak eskatu dizkigute (gezurra badirudi ere, herrixka txiki horretara ere iritsi dira mugikorrak) eta behin eta berriz errepikatu digute berriro bisitan joateko.
Familia agurtu eta martxan jarri gara. 8:50tan bidean ginen.
Mers Ou Ali
Hasiera hasieratik maldan gora, zedro arteko basoan barrena, 2000 metrora igo beharra genuen eta 3.km-an… CRASSSHHH!!!! Beñaten bizikletako desbiadoreak bereak eman ditu… mekaniko lanak egitea tokatu zaigu berriro.
Beste erremediorik ez eta kanbio fijoa jarri behar izan du; erdiko platoan jartzen saiatu gara baina ezinezkoa zenez, plato handian portua igotzea egokitu zaio mutikoari, aldapa hasi aurretik karrerilla hartu eta gora!!!
Paraje eleganteak igaro ditugu: aldea bananduak, lakuak, mendixkak, elurra eta izotza… eta nola ez, LOKATZA!
Gora-behera eta llaneo baten ostean… errepidea begi bistan!!! Hemendik aurrerako km-ak disfrutatzekoak izan dira. Lac Affenouir (bart gaua pasa behar genuen lakua) pasa dugu eta errepideari jarraituz pixkanaka beherantz jaitsiz berriro zedro artean sartu eta furgonetara ailegatu gara! Gaurko etapako lehen zatian sufritzea egokitu bada ere 2.zatian ederki disfrutatu dugu.

Tximino artean gauza guztiak txukundu eta Azrou-ra jaitsi gara. Azkenean gaua bertako kanpin batean pasatzea erabaki dugu (arropak garbitu, bizikletak konpondu… egin ahal izateko). Dutxa bero bat hartu, arropak garbitu eta herrira joan gara. Etxera deitu bizi garela esateko eta telefonoz hizketan geundela tipo bat gerturatu zaigu, lagun gipuzkoarrak badituela eta bere etxera gonbidatu gaitu afaltzera eta lotara. Ezezkoa eman diogu, jada kanpina hartuta baikenuen. Izugarrizkoa da beraien eskuzabaltasuna. Medinatik paseo bat eman dugu cyber bat topatu nahian (ederki kosta zaigu bat topatzea), hurrengo egunetako eguraldia begiratu eta ruta batzuk errepasatzeko.
Afaldu eta kanpinera itzuli gara. Garbituriko arropa guztiak furgoneta barruan genituen zintzilik. Beraz, koltxoiak eta zakuak hartu eta Haimma barrura eraman ditugu bertan lo egiteko. Segituan etorri zaigu kanpineko guarda, ezin dela bertan gaua pasa esanaz. Berarekin batera kaputxino bero bat hartu eta azkenean baimena eman digu, hori bai, turno aldeketa baino lehen (goizeko 7ak) kanpoan egoteko baldintzarekin. Eta horixe egin dugu, bertan txiringitoa montatu eta lo!
 5 izarreko Suite-a