Hilabete batzuk badira jada Leitzan ESAITek antolatu nahi zuen EH Mendi Erronkaren berri izan nuenetik. Hasierako momentutik ez nuen inongo zalantzarik egin bertan parte hartzeko. Prestakuntza, ordea, ez da nahi bezala joan. Tartean mendi lasterketa batzuk ( Antzuolako 8 milak, Senpere Trail, Sara), Raid pare bat, beste triatloi pare bat ( Bermeo eta Hondarribia) egin ostean, egutegian iristear zen ekainaren 1a.
Ostiral arratsaldean Unai Ugartemendiak eta Joseba Usabiagak jaso ninduten Ibarran Leitzara dortsal bila joateko. Berastegin taxi parada egin eta Aitor Etxarren eta Arantxa Atxukarro hartu genituen. Bidean bakoitzaren sentsazioak, urduritasunak, lesioak... komentatuz joan ginen, denok bagenuen han edo hemengo min edo aitzakiarik, en fin!
Leitzara iritsi eta jende ugari zegoen bertan, eguraldia orduan ere erdipurdikoa, ordurako mentalizaturik geunden lasterketa egunean ere zer izango genuen bidelagun... Dortsalak jaso, ezagun batzuekin hitz egin eta bueltan etxera itzuli ginen. Pasta platerkada afaldu, hurrengo eguneko motxila eta arropak prest utzi eta ohera. Gaueko 11ak jada. Aukeran nahi baino beranduago.
Goizeko 4:45etan jo zuen iratzargailuak. Gau osoan seko lo egin ondoren, ziztu bizian jaiki, gosaldu, jantzi eta etxetik irten nintzen. Ez zuen euririk ari eta tenperatura atsegina zen. 5:30etan elkartu ginen Ibarran Luis Lasa, Joseba Jauregi ibartarrak, Unai, Joseba Usabiaga, Joseba Tobar eta ni. Denon nahia hauxe zen "eguraldiak oraintxe bezala iraungo balu egun osoan zehar..." Aiixxx, ez genuen ilusio gutxi gure baitan...
Leitzara iritsi, aparkatu eta plazara txiparen bila. Ezagun batzuekin beste pare bat hitz egin eta aldatu aurretik kafe bat hartzera geratu ginen. Kotxetik beharrezko gauza guztiak hartu, plazara itzuli eta konturatzerako 6:45 ziren. Argazki batzuk atera eta 7ak gainean genituen.
Bi ibartarrak irteera gunean |
Laster batean eman zen irteera. 7ak pasatxoan. Hortxe abiatu ginen 500 parte hartzailetik gora, denok tipi-tapa, 65km eta +3500m desnibel gainditu eta helmugara iristeko esperantzarekin. Herritik atera eta berehala bidezidorrean sartzeko enbutua, hantxe denok kabitu ezinik tropelean. Bakoitzak bere tokia hartu arte erdi geldirik erdi oinez joan ginen. Pagozelaitik behera abiatu eta Iker topatu nuen, "Zemuz Iker?" eta bere erantzuna "bueno..." ez zidan gehiegi konbentzitu, belauneko lesio bat dela eta molestiak nabaritzen hasia zen jada. Biok batera egin genuen Betelutik Gaintzarako bidea, bertan, Ikerrek lasterketa uztea erabaki zuen. (hurrengo lasterketarako bere onena emateko moduan ikusiko dugu, seguru!)
Kilometro bertikalaren hasiera zen hementxe, hormigoizko pista batetik gora lehenik, belaze lokaztuan irristaka ondoren, iritsi nintzen Irumugarrieta gailurrera. Tartean herriko batzuk ere bai ikustera gerturatuak (Amaia, Joseba, Mikel, zuen animoak ere eskertzekoak!!).
Eguraldi kaxkarra goietan, haizea, euria, hotza eta lokatza. Irumugarrietatik San Migelerako bidea ia inor topatu gabe egin nuen, Unako putzuko hornidura gunean zeozer jan, ur botillinak bete eta beherantz. Albi arte. Hemen bazen jende mordoxka bat eguraldi txarrari aurre eginaz beraien animoak ematen zizkiguna. Jaitsieran eskuin belauneko molestiak hasi zitzaizkidan. Berriro aldapa gora tokatzen zen, Artxuetako igoera. Tontorrera iritsi eta kilometro bateko jaitsiera asfaltoz San Migelera. Bertan nituen zain gurasoak, eta nire harridurarako Unai ere bertan zen. Erorikoa izan zuen eta berarekin hitz pare bat egin ondoren beherantz abiatu zen. Nik ere salda bero bat hartu, belauna hala nola bendatu eta beheranzko bideari ekin nion. Jaitsiera luzea, 13 km. Aldapa behera ezin disfrutatu, belauna minbera, benda 2 kilometro egiterako askatu zitzaidan eta geroz eta gerra handiagoa ematen zidan belaunak. Bidean ipurdiko pare bat ere bai, lokatzetan irrist eginda. Lekunberrira iristeko 5-6km faltan urrutira Unai ikusi nuen berriro. Desesperaturik zihoan gizajoa, beste eroriko bat izan berri zuen, oraingoan handiagoa. Hemendik aurrerako kilometroak elkarrekin egin genituen, beste behin konpainia eskertzekoa, Unai!
Ez ginen nahi ordurako iritsi Lekunberrira!!! Bertan Gurutze Gorrikoengana joan eta bendaje txukunago bat egin zidaten. Hango hornidura postuan jakin genuen Joseba Usabiagak lasterketa utzi berri zuela, (Unaiek eta nik harrapatuko ote genuen beldurrez ote zen??) beraz, erdi kojoka bazen ere Leitzaraino iritsi beharra genuen.
Azken 21 kilometroak geratzen zitzaizkigun. Zati hau ezaguna nuen, bi aste lehenago bertan ibili nintzen belaunetaraino elurretan sartuta. Ireberren gora aldapa txikienak ere pisutsuak egiten ziren jada. Goian haize hotza. Hemendik helmugara genituen kilometroak aldapa behera ziren jada, niretzat sufrimendua, luze joango zitzaidanaren irudipena nuen, baita hala izan ere.
Azkenik, bistaratu zitzaigun Leitza. Herrian sartzean jendearen berotasunak uxatu zituen aurreko orduetako hotzak eta jendearen txalo eta animo artean irrifarrez heldu ginen plazara 10ordu eta 52 minutuan.
Leitzako plazara iristen |
Erronka lortua. Eskerrak eta zorionak antolatzaile eta bolondres guztiei. Lehen urtean eguraldiak nahiz eta gehiegi ez lagundu egun apartaz gozatzeko aukera izan genuen. Seinaleztapena eta hornidura puntuak ere bikain. Eta bertan zeuden bolondresek duten meritua zer esanik ez!!!
Amaieran, ezagun batzuk agurtu, Leire Agirrezabalari zoriondu (lasterketa bikaina egin zuen, eskerrak hasiberria den mendi lasterketetan, bestela... erakustaldi bikaina eman zuen) eta dutxatzera. Bueltan sari banaketa ikusi, pasta pixkat jan eta pote bat hartzera joan ginen Joseba, Unai eta hirurok. Lasterketaren gora beherak komentatu, beti bezala elkarri xirikatu eta Koldo eta Beñatekin batera (Lizarrako Raidean parte hartu zuten hauek) afaltzera joan ginen Ibarrara.
Lasterketa honekin amaitutzat geratzen dira aurtengo mendiko probak. Uztaila hasieran Oñatin beste Raid bat egin eta urte amaierara arte agur esango diogu hemen inguruko mendiei!!!