2014/09/22

RAID Aiaraldea

Irailak 20, Arespalditza. Uda ostean jarraipena eman diogu Columbia Raid ligari. Asteburu honetan Gorobel inguruak ezagutzea tokatu zaigu. Inguru ezezaguna bezain zoragarria guretzat. Bertako txoko ugari ezagutzeko parada izan dugu larunbateko proban zein igandeko bizikleta itzulian.

Ostiral ilunabarrean iritsi ginen Arespalditzara, Beti bezala ijittuen antzera furgoneta bete-bete eginda. Bertan, oñatiar kuadrilarekin elkartu ginen. Hauek bai afizioa bildu! Dozena bat lagun etorri ziren Oñatitik. Afizio handiena duen herriarentzat saririk balego... duda barik hauek txapeldun! Giro ederrean zerbeza pare bat hartu eta konturatzerako ia gaueko 10ak. "Afaltzeko garaia izango da ba ezta?" Horrelaxe terrazatik altxa eta pasta platerkada afaldu genuen.

Goizean jaiki eta gosaltzen ari ginela, pixkanaka leihakide gehiago gerturatzen hasi ziren. Beharrezko material guztia prest jarri: trantsiziorako poltsa (via ferrata, trekking, buzeo eta espeleologiako materiala), gainean eraman beharreko motxila, bizikletei azken ukituak eman eta dena prest genuenean korrikalarien poltsa hartzera gerturatu ginen frontoira. Han ezagun gehiagorekin hitz batzuk egin, kafe bat hartu eta briefing-erako prest ginen. Aaronek probako xehetasunak adierazi zizkigun:

Proba hasi aurreko bilera teknikoa

1.Etapa: BTT score
2.Etapa: Trekking + via ferrata + espeleologia + buzeoa
3.Etapa: BTT score
4.Etapa: Memoria orientazio urbanoa

Proba hasi baino 10 minutu lehenago bizikletako 2 etapetako mapak banatu zizkiguten. Bikote bakoitzak bere estrategia pentsatzeko aukera eduki genuen. Nondik nora egin ibilbidea tartean ahalik eta puntu gehien lortzeko?

Estrategia ona ote da?
Zein ote da gure estrategia? Enteratu al zara Beñat?


10etan puntuan eman zitzaion hasiera lasterketari. Bizikletak hartu eta errepidez abiatu ginen zenbait talde. Gure asmoa trantsiziora bitarte eskuinaldean geratzen ziren balizak hartzea zen. 9 baliza guztira. Modu honetan, Gorobel mendizerrara gerturatzen ari ginen, Maroñoko urtegitik igaroz. 12ak aurretik trantsizioan ginen; bizikletak utzi, motxilan beharrezko materiala sartu, zapatilak aldatu eta zerbait jan eta edan ostean erdi korrika-erdi oinez 2.etaparekin hasi ginen: trekking + proba bereziak.


Eta horietan lehena buzeo proba. Kosta zitzaigun putzurako sarbidea topatzea! Behin bertan ginela, plasta! uretara! Eskertu nuen txapuzoi freskoa egiten zuen beroarekin! Ur azpian kalkulu matematikoa (DBHko matematikak aprobatuta!!!). Erantzun ona eman ostean berriro martxan jarri ginen.

Salto putzura!!!

Mapa aztertzeko aprobetxatzen
Ferratara bidean, igoeran baliza guztiak hartu genituen (pendiza ederreko aldapa eta bero ikaragarria gora iristeko) eta arnesak jantzi ostean 2.proba bereziari ekin genion. Kilometro inguruko luzera duen via ferrata zoragarria. Bertatik bistaratzen den bailara eta mendizerraren ikuspegiak hitzik gabe utzi gintuen.





Hau amaitu ostean, goiko mesetara irten ginen. Han beste baliza bat klikatu eta kobazuloko freskotasunera sartu ginen barneko 4 balizak bilatzera. Benetan eskertzen dugu kobazulo sarreran zegoen gizon kuadrilak beraien hozkailutik emandako ur-trago frexkoa!! Gure erreserbak ia ahituta baikenituen...

Goian zeuden gainerako baliza guztiak hartu eta zuzenean trantsiziora jaitsi ginen. Orain arte dena primeran zihoan: btt 1.zatian eta trekking-ean baliza guztiak hartuta! 15etan iritsi ginen behera.


Aldaketa guztiak egin, bizikletak hartu eta azken zatiari ekin genion. Bagenekien geratzen ziren baliza guztietara iristeko denbora nahikoarik ez genuela izango. Beraz, bi baliza hartu gabe uztea erabaki genuen. Amaieran ikusiko genuen 4.etapa (memoria orientazioa) egiteko denbora geratzen zitzaigun ala ez.



Asfaltozko zatiak ahalik eta gehien aprobetxatuz, bukaeraraino estutzea lortu genuen, nahiz eta indar falta nabaria zen azken zati honetan. 10 minutu faltan iritsi ginen Arespalditzako frontoira. Bizikletak bertan utzi, memoriako 3 balizak mapan bistaratu eta proba hau egitea posible zela ohartu ginen. Korrika (edo ia arrastaka) lortu genuen dena amaitzea 6 ordu eta 57 minutuko denborarekin 127 puntu eskuratuz!!!


Orain arte gehien gozatu dugun proba izan zen. Hasieratik genituen sentsazio on horiek amaieraraino iraun zuten. Tartean minutu guztiak disfrutatuz, paisaiaz gozatuz, eta gorputzari estutu bat emanez!

Merezitako dutxa eta bazkaria izan genituen ondoren. Paella bikaina prestatu ziguten sukaldariek, bejondeizuela! Honen ostean sari banaketa eta produktuen zozketa etorri zen. Eta hortxe gure ezustekoa: kategoria mixtoan garaile izateaz gain, sailkapen nagusian ere garaile suertatu ginela!!! Hau bai sorpresa!!



Amaitzeko eskerrak eman eta zoriondu Raid zoragarri hau prestatu zuen antolakuntzari!!! Bertan izan ginen guztioi egun zoragarria eskaini zeniguten!!! Eta noski, partehartzaileei argazki zoragarri hauek eta beste ehundaka atera zizkiguten argazkilariei ere mila esker!!! Lan ederra!

Hurrengo zita urriaren 4an Otxandion izango da "Arratia Raid" proban.

Ondo izan!

2014/07/02

RAID Lizarra

Maiatzeko azken asteburuan Raid ligako 2.zita izan genuen, oraingoan Lizarran. 80 talde inguru elkartu ginen. Katalunia eta Zaragoza ingurutik etorritakoak ere baziren tartean.

Ostiral iluntzean Lizarrara iritsi eta kiroldegi ondoan aparkatu genuen, gaua bertan pasatzeko. Gu bezalaxe bezperatik joandako raider gehiago ere bazeuden beraien autokarabana eta furgonetetan. Gipuzkoa euritan utzi bagenuen ere, Urbasa gurutzatu ostean eguraldiak bapatean egin zuen hobera. Eskerrak! A ze txokolatea eduki behar genuen gainerantzean...

Goizean 7ak aldera esnatu ginen. Nire azken egunetako bizkarreko minak pasatzeko zeuden oraindik eta gerrialdea nahiko minduta nuela jaiki nintzen. Gosaldu eta bizikletak puntuan jarri ostean dortsal bila joan ginen. Pixkanaka jendea gerturatzen ari zen. Material guztia prestatu, gerrarako arropa jantzi, bizkarra berotzeko krema ondo igurtzi eta bilera teknikora gerturatu ginen 9:15etan.


Azalpen ugari eman zituzten. Izan ere, berrikuntza dexente zeuden proban: 4 etapatan banaturik zegoen, guztira 6 proba berezirekin.

E1: Herri orientazioa + espeleologia + mikro orientazioa
E2: BTT + kayak + memoria orientazioa
E3: Trekking + eskalada
E4: BTT + habilidade proba (zankoak)

Banaka egin beharreko proba bereziak aurretik banaturik genituen: nik espeleologia eta kayak egingo nituen. Beñatek, aldiz, eskalada eta zankoak.


10etan puntuan eman zitzaion hasiera. Lehen etapa 3 sekziotan banaturik zegoen. Lehenengo zatia bikoteka egin behar genuen. 2.zatian bikotea banandu eta bakoitzak bere puntuak lortu behar zituen, espeleologia ere zati horretan zen. 3.zatirako berriro biok elkartu eta mikro orientazioko proba egin behar genuen.

Ordubete inguruan amaitu genuen etapa. Kiroldegiko trantsiziora itzuli, bizikletak hartu eta 2.etapa hasi genuen. Kayak-eko gunera gerturatu ginen, lehen talde mixtoa ginen bertara iristen. Jarraian, memoria orientazioko 3 balizak aurkitu eta martxan jarri ginen gainerako puntuak hartuz 2.trantsiziora gerturatzeko.

Denboraz uste baino azkarrago eta lehen 2 etapetan puntu guztiak eskuratuz iritsi ginen trantsiziora. Bertan, trekking-erako zapatilak jantzi, mapa berria hartu eta korrika abiatu ginen. Hemen hasi ziren komeriak.Geroz eta ahulago sentitzen nintzen, ez nuen ur askorik edan aurreko etapetan, motxilako camelback-a ez baitzebilen behar bezala. Beñatek eskalada egin bitartean zerbait jan eta indarrak errekuperatzeko aprobetxatu nuen. Oraindik beste 3 ordu geratzen zitzaizkigun amaitzeko. Luze joango zitzaidalakoan nintzen... Desnibel handiko trekking-a zen, eta puntu guztiak hartzea ezinezkoa izango zitzaigula aurreikusi genuen. Puntu bat edo bi hartu gabe utziko genituela uste genuen baina azkenean 3 izan ziren, baliza baten bila 15 minutu pasa baikenituen alper-alperrik, azkenean ez aurkitzeko!


Trantsiziora itzuli, bizikletak hartu eta azken etapa burutzeko 2 ordu genituen. Denbora ikusita ezinezkoa zitzaigun puntu guztiak hartzea. Azkar batean mapa aztertu eta 4 baliza hartu gabe uztea erabaki genuen. Igoera gogorrak zituen, eskerrak ordurako gorputzaldi txarrari buelta ematen hasita nintzen!

6 ordu eta 35 minutuan iritsi ginen Lizarrara, 59 puntu lortuta. Gainerako taldeek zer egin zuten ez genekien, beraz, puntu zenbaketa egin arte itxaron behar genuen emaitza jakiteko.

Luzaketak egin, dutxan hanketako zauriak garbitu eta plazan elkartu ginen talde guztiak bazkaltzera. Aurreko probetatik ezaguna dugun beste bikote batekin batera bazkaldu genuen, elkarren esperientziak kontatuz. Eta jarraian denok itxaroten geunden sari banaketa...


Aralar Kirolak Raid Taldea txapeldunak! 2.postuan kataluniarrak geratu ziren eta 3.postuan bilbotarrak. Poza nabaria zitzaigun aurpegian aurpegian saria jaso genuenean...



2014/05/29

RAID Luki Extreme

Pasa den larunbatean eman genion hasiera 2014ko Columbia Raid ligari. Gogotsu geunden denboraldia hasteko eta lehen proba Getxon izan genuen "Luki Extreme" izenekoa.


Asteburu pasa bikaina egin genuen Bizkaiko kostaldean. Ostiral arratsaldean gerturatu ginen bertara, Azkorriko hondartzako aparkalekuan aparkatu, kostatik paseatu eta ilunabar zoragarriaz gozatu genuen afaldu bitartean.



Larunbat goizeko 7ak. Jaikitzeko garaia. Ondo gosaldu eta irteera gunera joan ginen. Bertan dortsalak jaso eta beharrezko materiala prestatzeari ekin genion. Beharrezko material guztia motxilara: botikina, erremintak, jateko zerbait, manta termikoak, txilibituak, mugikorra... Bizikletak ere prest jarri eta trantsiziorako motxila ere entregatu genuen.

9:30etan bilera teknikoa. Azken zalantzak argitu eta irteera emateko  5 minutu faltan 1.etapako kontrol txartela furgonetan ahaztu genuela konturatu nintzen. Korrika honen bila joan eta irteera postuan kokatu ginen (a ze eskapada!).10etan eman zitzaion hasiera probari. 4 etapatan banaturik zegoen.


Lehen etapan hiri orientazioa, kayak eta coasteering. Uste baino azkarrago amaitu genuen zati hau, puntu guztiak eskuratuz. Ordu eta erdi beharko genuela aurreikusten genuen eta 1h10 minutuan burutu genuen.

Zapatilak aldatu, bizikletak hartu eta 2.etaparekin hasi eta berehala Beñatek guanteak trantsizioan ahaztu zituela konturatu zen. Atzera buelta guanteak hartzera. Urduritasunak baretu eta proban zentratu ginen. Ondo gindoazen, puntu guztiak eskuratuz. Proba berezien gunera iritsi ginen: arku tiroa + eskalada + rappel. Beñatek egin zituen hirurak. Bikain! Nik bitartean ibilbidea aztertu nuen. Puntu bat hartu gabe uztea pentsatu genuen, denboragatik. Bizikletan jarraitu genuen, ederki gindoazen sasi tarteko jaitsiera batean Beñati atzeko gurpila pintxatu zitzaion arte. Hala ere ez ginen zorte txarra eduki genuen bakarrak izan...

Konponketa lanetan
Ahal zen azkarren hura konpondu eta kosta ertzetik (a ze parajeak) 3.etapako trantsizio gunera gerturatu ginen, tartean genituen puntuak hartuz. Bidean puntu bat hartu gabe geratu zitzaigun (gure despistea).


3. etapa, 10km-ko trekking bat. Hau ere uste baino lehenago ari ginen amaitzen. Puntu guztiak eskuratuta! Berriro bizikletak hartu eta 4.etapan 5km egin behar genituen, helmugara iristeko, tartean 4 puntu hartuz.

6 ordu eta 5 minutuan amaitu genuen Raid-a. Denbora soberan, jakinez gero bizikletako etapan puntu guztiak eskuratu ahal izango genituen.

Merezitako dutxa eta bazkariaren ostean sari banaketaren txanda iritsi zen.


TXAPELDUNAK!!! Denboraldi hasiera ederra!!! Kopa eta bi motxila oparitu zizkiguten. Gainera ondoren zozketak egin ziren eta bertan Getxoko Hydra Artean spa zirkuiturako sarrerak tokatu zitzaizkigun. Asteburua borobiltzeko plan politta!!!




Hurrengo proba larunbat honetan (maiatzak 31), Lizarran. Itxura ederra du honek ere...

2014/05/22

Rogaine BTT Villatuerta

Apirilaren 5ean motorrak berotzen joateko BTT Rogaine bat egin genuen Villatuertan. "Norte a Sur" taldeak antolaturiko 4 orduko proba ederra izan zen.
Hasi aurretik banatu zizkiguten mapak eta 10 minutu izan genituen hauek aztertu eta ibilbide egokiena diseinatzeko. Oraingo honetan aukeraturiko estrategia ez zen batere egokia izan.


Lizarraldeako inguruetan barrena ibili ginen kontrol puntuen bila. Paraje zoragarriak, baita desnibela ere... Izan ere bi bukletan banatu genuen ibilbidea: lehen zatian desnibel gehieneko ingurura jo genuen, bertan baitzeuden balio altueneko kontrol puntuak. Eta bigarren zatirako utzi genituen beste aldekoak. Errazagoak izan arren denboraz larri genbiltzan eta puntu asko hartu gabe utzi behar izan genituen.


Azkenean, juxtu-juxtuan bada ere, proba irabaztea lortu genuen, guztia 3h eta 53 minututan amaituz eta 2.sailkatuei puntu bakarreko aldea ateraz.


2014/05/07

EMANALDIAK "BIZIABENTURA HEGOAMERIKAN"

Gure 6 hilabetetako abenturak ezagutu nahi? Eskaini behar ditugun hurrengo emanaldietan baduzue horretarako aukera. Animatu!


EGUTEGIA 2015:

Otsailak 5: Aretxabaleta GLHBI
Apirilak 2: Bergarako Udaleko Pleno Aretoan (19:30h)
Apirilak 9-10: Bergarako ikastetxeak
Maiatzak 14: Donostia, Izadi Kirolak (20:00h)
Maiatzak 29: Ibarrako Gaztetxean (19:30h)
Urriak 29: Berastegiko Udal Aretoan (19:00h)
Azaroak 16: Adunako Udal Aretoan (19:30h)

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Hemen duzue entzungai Euskadi Irratiko "BIDALDI" irratsaioan Aitor Elduaienek eginiko elkarrizketa:

Elkarrizketa: Bogota-Ushuaia bizikletaz

mendibizizale


Deskribapena: Sei hilabete behar izan dituzte Maitane Garmendiak eta Beñat Doyharzabalek Bogota-Ushuaia distantzia bizikletaz egiteko: Kolonbia, Ekuador, Peru, Bolivia, Txile eta Argentinan barrena ibilii dira; Bidaldin euren esperientzia kontatu digute, eta egindako bloga ere aurkeztu digute.

2014/01/22

BUKATU DA......SE ACABO!!!

2013.urtea bukatzearekin batera bukatu zen gure abentura ere. Urte berri egunean heldu ginen etxera. Beno, hainbeste etxe pasa ondoren, azkenik, gure etxera. Gauza guztiek omen dute bere hasiera eta amaiera. Ba gure bidaia ere bere bukaerara iritsi da ia 6 hilabeteren ostean.


Ushuaian, bizikletak alde batera utzi eta egun ederrak igaro genituen. Txirrindulari bat gehiago ere elkartu zitzaigun taldera, Andrej, eslobakiarra. Honek, ordean, orain hasi behar du bidaia. Gu lauroi inbidia nahikoa eman zigun! Eta alderantziz, guk gomendio batzuk ere eman genizkion bere abenturarako.

Bertan, egun pare bat lasai egon eta "Paso de las ovejas" deritzon trekking-a egin genuen. Ohiturak galdu gabe, munduaren amaieran ere sastraka eta lokatz artean trabaturik ibili ginen. Ez daukagu erremediorik!!!




Elurra ere zapaldu genuen. Eskerrak beheranzko zatia argiagoa zen...




Eta indarrak errekuperatzeko, zer hobeto buffet eta parrillada librea baino? Bapo afaldu genuen!


Abenduaren 24ean lagunengandik eta etxekoengandik urrun egon arren, afari ederra prestatu genuen "txirrindulari familiak" Ushuaiako kanpinean.


Gure bizikletak kanpineko jabeari saldu genizkion. Eta ondorioz, Txuri eta Beltxa Ushuaian utzi eta hegaldia hartu genuen Buenos Airesera.

3 ordutan, Patagoniako haize hotzetik alde egin (3ºC) eta labe kiskalgarri batekin egin genuen topo (40ºC). Azken 4 egunak bertan igaro genituen, hostal batean. Goizean korri pixkat egin eta eguna lasai igarotzen genuen, hiria ezagutuz. Eguraldi beroak ez zuen ahalbidetzen gauza handiegirik egitera.


Bertako Euskal Etxearekin kontaktuan jarri ginen. Beraien elkartea ezagutzera eta bertan afaltzera gonbidatu gintuzten. Gustura egon ginen tertulian: beraien euskal jatorria nondik zetorren, Argentina eta Euskal Herriaren egoera gaur egun...



Eta noski!!! Ezin Argentinatik irten "Bife de chorizo" famatua probatu gabe!!!

On egin!
Konturatzerako Buenos Aires-etik Euskal Herrira itzultzeko garaia iritsi zitzaigun. Aireportura joan eta hegazkinean sartzeko prest geundela, ekaitz elektrikoak zirela eta hegaldia bertan behera geratuko zela iragarri ziguten. Hurrengo eguneko arratsaldera arte itxaron beharra geneukan. Hotel batera eraman gintuzten bidaiari guztiak eta hurrengo eguerdian berriro aireportura.

12 kanpaikadak Atlantikoaren gainean ospatu genituen (txanpainik eta mahatsik gabe, noski!). Eta azkenik, urte berri egunean, eguerdian, iritsi ginen Bilboko aireportura.



Eskerrik asko bidaian zehar lagundu gaituzuen guztioi!!!!




Hurrengo abentura zein ote?