2012/11/13

HAMARREKO BOROBILA!!

HAMARREKO BOROBILA! Horrelaxe definitu daiteke pasa berri den asteburua. Esperientzia bikainak bizitzeko aukera eman dit: Raid abentura probetan hastapena, Behobia-SS lasterketa mitikoa, ondorengo pintxo-poteo-afaria kuadrilarekin (hau ere Behobia egunean ohitura bihurtzen ari zaiguna)...

Denbora bat baneraman jada Raid probaren batean parte hartzeko gogoarekin. Euskal Herrian ligaxka bat bazela jakinarazi zidaten uda bukaeran eta azkenean iritsi zen hainbeste esperotako abentura proba: "II Raid Esteribar" Nafarroako Zubiri herrian. Hasiera batean urriaren amaierarako zegoen iragarrita baina data aldaketa batzuk medio azaroaren 10era atzeratu zuten. Egutegia begiratu eta... AZAROAK 11: BEHOBIA-SS lasterketa. Hala ere ez genuen zalantza handiegirik egin Beñatek eta nik: "doble o nada". Behobian aspalditik izena emanda geunden eta Raid-ean ere apuntatzea erabaki genuen "ea zer ateratzen den...".

Bezperako egunak azken prestaketak egiten pasa genituen. Batetik larunbateko probarako (egunero web orrian sartu ea datu teknikoen inguruan informaziorik jartzen zuten, bizikletak puntu-puntuan jarri, beharrezko material guztia bildu...) eta bestetik igandeko lasterketarako azken entrenamenduak ere egin behar ziren...

OSTIRALA: RAID BEZPERA
Iritsi zen azkenean ostirala. Bazkalondorako dena prest. Gauza guztiak furgonetan sartu (beste behin ere bi asterako gindoazela ematen zuen, hori traste pila!!!), bizikletak montatu eta 17:00ak aldera abiatu ginen Ibarratik Zubirira ilusioz gainezka. Eguerdian jaso genuen datu teknikoen inguruko azken emaila, beraz, bidaiaren zati bat proban izango genituen etapa ezberdinen ideia bat egiten joateko aprobetxatu genuen. 

Zubirira iritsi eta Eugi aldera joan ginen. Bagenekien proban 40 metroko rappel bat egin beharra zegoela. Gure usteen arabera, Eugiko presako pareta izan zitekeen hori egiteko leku posibleetako bat, eta bertara joan ginen, zer nolako tokia ote zen ikustera. Baina "usteak...erdia ustel", eta larunbatean konprobatu genuen bezalaxe rappela ez zen bertan burutu.

19:00ak aldera berriro Zubirin ginen. Bizikletak furgonetatik kendu eta azken begiratua eman genien:
  • Gurpilen presioa begiratu
  • kuenta km-ak egokitu
  • Erreminta eta ordezko kamarak errebisatu
  • Azken diseinuko portamapas-a manillarrean kolokatu
  • ...
Dena OK zegoela konprobatutakoan motxila eta trantsizio gunetako materiala prestatzeari ekin genion. Izan ere Raid proba hauetan materialaren zati bat derrigorrez motxilan eraman beharrekoa da. Hortxe hasi ginen maletatik material guztia kanpora ateratzen:
  • Motxilarako: botikina, manta termikoa, txaketa inpermeablea, malla luzeak, cortavientos-a, txifloa, brujula, janaria, ura...
  • Trantsizioetarako: zapatilak, kuloteak, janaria, ur botilinak, betaurrekoak, kaskoa...
Ordubete inguru behar izan genuen dena prestatzeko. Eskerrak bezperatik dena txukun-txukun prest utzi genuen, bestela... Eta hortxe etorri zen gure lehenengo nobatada. Programan jartzen zuenaren arabera, ostiral iluntzeko 20etatik 22etara partehartzaileei harrera egiten zitzaien, "apertura de suelo duro" deitzen zaiona. Gu konbentzituta geunden dortsalak ere nahi zuenarentzat orduan banatuko zituztela. Eta hantxe azaldu ginen Zubiriko frontoira. Partehartzaile gehiagoren mugimendua ere antzematen zen jada. Antolatzaileetako batengana gerturatu eta hauxe izandako elkarrizketa:

- Arratsaldeon, para recoger los dorsales es aquí?
- Aquí es la apertura del suelo duro.
- Pues eso, entonces se recogen aquí verdad?
- No, no, esto es el suelo duro. Es decir, se recibe a los participantes para que puedan dormir en el frontón, con esterilla y saco, o sea, en el "suelo duro". Aunque hoy hemos conseguido un albergue con literas...
- Aaaaahhh....nosotros pensabamos....vale,vale.... se nota que es la primera vez que venimos... entonces la recogida de dorsales es mañana?
- Si, si. Mañana a partir de las 7. 

Ba horixe, argi geratu zitzaigun "apertura de suelo duro"ren definizioa zein den: partehartzaileek lo egiteko lekuaren edo lurraren irekiera.
Beste furgoneta batzuekin batera frontoi ondoan aparkatu eta afaria prestatzeari ekin genion, pasta platerkada earra ardo botila batekin lagunduta. Hurrengo egunerako indarrak hartu beharra zegoen ta!!!


LARUNBATA: RAID ESTERIBAR
Goizeko 6:30ak. Iratzargailua hasi da joka, 5 minutu gehiago...berriro joka. Jaikitzeko garaia. Gauean izugarrizko euri jasa bota du. Lurra blai eginda dago eta  behe-laino izugarria dena tapatuz.Hala ere, iragarpenek diotenez iluntzerarte eguraldiak eutsiko diola ematen du...

Jaiki, jantzi eta gosaria prestatu dugu. Frontoira joan eta dortsal banaketarekin hasi dira. 33 zenbakia egokitu zaigu. Horrekin batera roadbook-a ere banatu digute. Gosaltzeko garaian "estrategia-plana" prestatzen aritu gara. Hauexek gaurko Raid-eko probak:
  • 1. etapa: Rogaining. Orientazio proba bat da, Zubiri inguruko mendi bideetatik barrena korrika. Guztira 20 kontrol puntu seilatzeko. 1,2 eta 3 puntuko balioa dute.
  • 2.etapa: MTB. Mendi bizikletako 10km-ko ibilbidea. Guztira 3 kontrol puntu.
  • 3.etapa: Orientazioa herri inguruan. Guztira 16 kontrol puntu eta tartean habilidade proba bat: zankoak.
  • 4.etapa. MTB. Mendi bizikletaz 27km. Tartean memoriako proba bat eta 40metroko rappel bat.
Etapa bakoitzean zenbat denbora pasa eta nola egin pentsatu ondoren, bizikletak eta materiala hartu eta 8:30etan bilera teknikora joan gara partehartzaile guztiak.


Handik irteera puntura bidali gaituzte. Atzerapen batzuk direla eta 9:10etan emango zaio hasiera probari. Aurpegi ezagun batzuk ere ikusi ditugu tartean, mendi lasterketetan ibiltzen den jendea...giro bikaina irteera gunean. Guztira 58 raider bikote: 44 gizonezkoetan, 11 mixtoan eta 4 emakumezkoetan.


Irteera eman bezain laster bikote bakoitza ibilbideen mapa bila joan gara. Denak zintzilik zeuden soka batetik. Azkar batean 1.etapako kontrol puntuei bistazoa bota eta hauen bila abiatu gara, denak zalapartaka, batzuk alde batera, besteak bestera...bikote bakoitzak bere estrategia propioari jarraituz. Guk ere halaxe egin dugu, 1:30h genituen kalkulatuak etapa hau burutzeko, denbora horretan ahalik eta puntu gehiena lortuaz. Ohiturak galdu gabe, sastraka eta lokatz artean ibili gara aurrera eta atzera, (eskerrak galtza luzeei...)

Berriro frontoira itzuli, kontrol-txartela antolatzaileei entregatu eta 2.etapa hasteko bizikletak hartu ditugu. Kontrol txartel berria hartu, mapari bistadizoa bota eta han abiatu gara Zubiriko zubi ezaguna gurutzatu eta alpadan gora; hormigoizko pista lehenik, todo-unozko pista ondoren, lokatz artean sartu garen arte. Hor hasi dira aurrera egiteko lehen komeriak... aldapa gora bizikleta irristatuz, zati batzuetan bizikleta eskuan hartu eta ahal zen moduan gora eta gora. Ez dira berehala pasa 10 kilometroak!!! Jaitsiera "konplikatu" baten ostean (beste batentzat "bajada guapoa") Erro herrira iritsi gara. 3.etapa bertan izango zenaren susmoa bagenuen eta halaxe izan da. 

Frontoiean bizikletak utzi eta habilidade proba egitera: zankoak!!! urteak hontan ibili gabe, eta nabari zen, oso habilak ez garela izan, baina puntua poltsikora!


Bideoren bat ere grabatu digute...


Etapa honetako berezitasuna bikoteko bi kideek separatzeko aukera zutela zen. Beraz, bien artean bakoitzak aurkitu beharreko kontrol puntuak banatu eta ordu erdi barru berriro plazan elkar ikusiko garea geratu gara. Etapa honetako puntu guztiak lortu ditugu, bat izan ezik. Berriro bizikletak hartu eta 4.etapari eman diogu hasiera. Oraindik 2.etapatik jendea iristen ari zen eta 3.etapa burutzen ere jende asko geratzen zen. Orduari begiratu eta 12:50 ziren. "Denboraz ondo gabiltza, ea 14:40rako rappelera iristen garen eta handik helmugara...". Horixe komentatu dugu elkarren artean eta mapari jarraituz herri txiki batera, Orondritzera, iritsi gara. Han 42.kontrol puntua, memoria probari (aukerazkoa zen egitea) hasiera ematen ziona. Mapa zati bat zegoen zintzilik, memorizatu edo bisualizatu beharrekoa. Bertan ondorengo kontrol puntua non zegoen azaltzen zen. Bizikletaz haraino joan eta hemen berdin, memorizatu beharreko beste mapa zati bat...guztira 6 puntu lortu eta berriro 42. kontrol puntura iritsi gara, mapa orokorreko ibilbidearekin jarraitzeko. Jaitsiera politt baten ostean, errepidera atera gara, hankek eskertu dute asfalto pixkat bat, baina okerrena orain aldapa gora genuela rappeleko punturaino. Denboraren barruan genbiltzanez rappela egitea erabaki dugu, Aintzioa herrian dauden eskaladako pareta elegante batzuetan. Bikoteko batek burutu behar zuen proba hau eta Beñatek egin du, niri ondo etorri zait 10 minutuko tarte hau pixka bat errekuperatzeko...

3.etapa burutzeko estrategia aztertzen...

Eta hemendik helmugarako kilometroak ere ez dira berehala pasa, hasieran asfaltoan aldapa behera Loizu herrira. Handik laster hasi da pista batean goranzko igoera ere, baita zeruko laino beltzak iragartzen ari ziren euria ere... Helmugarako bidean geratzen zitzaizkigun 3 puntuak eskuratu eta azken 3 kilometroak aldapa behera Santiago bideko bidezidorrean behera disfrutatuz egin ditugu, Zubiri herrirako sarrera berriz kantari, hau poza genuena barnean. Emaitzarik ez genekien baino eginikoarekin gustura geunden, denak emanda eta tope disfrutatuta.

Blai eginda eta bideko lokatz gehienak gainean genituela iritsi gara frontoira. Guztira 6h43min-ko denborarekin. Gauza guztiak furgonetan utzi eta dutxara. Frontoiean bertan bazkaria eman digute parte hartzaile guztiei, pasta platerka on bat arratsaldeko 5etan. Han beste partehartzaile batzuekin hizketan egon gara, elkarren esperientziak kontatu... eta halako batean sailkapena zintzilikatu dute paretean, bagenuen gogoa emaitza jakiteko. Bertara gerturatu eta bikote mixtoen irabazlea 47 puntu lortuta... ARALAR KIROLAK RAID TALDEA!!!!!! Ezin genuen sinistu, debut ederra izan da, garaipenarekin etxera!!!eta esperientzia ahaztezina, pena hau izan dela aurtengo ligako azken proba. Datorren urtean gehiago egiteko aukera izango dugu.

 

Bukatzeko, eskerrak eman Aralar Kirolak dendari patrozinatzaile lanak egiteagatik. Egin beharrekoa ahalik eta ondoen egiten saiatu gara eta emaitzak aldekoak izan dira...

Handik bueltan Ibarrara. Hurrengo egunean Behobiako lasterketa zain genuen eta. Bidean ezagun batzuen zorion mezuak ere jaso ditugu, eskerrik asko guztioi. 

Afaltzeko berriro pasta eta ardo botila garaipena ospatzeko. Masaje saio eder bat hankak soltatzeko eta lotara hurrengo egunerako indarrak berreskuratzera!

IGANDEA: BEHOBIA-SS LASTERKETA
Goizeko 7:30ak. Esnatzeko garaia. Nere hankek atzoko karga nabari zuten, Beñat, berriz, sentsazio onekin jaiki da, denborak hausteko gogoz. Nire aurtengo helburua, ordea, lasterketa ahalik eta gustuen bukatzea zen, belauna dela eta ez dela, ez dut askorik entrenatzerik izan asfaltoan, eta atzoko probaren ondoren...

Urtero bezala Arri eta ni Tolosan elkartu gara trenean Irunera joateko. Behobiara iritsi  eta izugarrizko zaparrada. Pontxo bana gainetik jantzi eta gasolinerako aterpera joan gara. 10:45tan nuen irteera ordua. Pixka bat estiratu, 5 minutu rodatu eta irteera postura. Gustura hasi naiz korrika, sentsazio onekin, hankak uste baino arinago, atzoko karga ez zen nabari momentuz behintzat. Denborari begiratu eta kilometroak aurrera zihoazen bezalaxe esan dut "zergatik ez saiatu dortsal gorria lortzen eta 1:33ren azpitik egiten?". Halaxe izan da. Azkenean helmugako marra 1:32:28 orduko denborarekin igaro dut. Lasterketan gozatuz eta zatiren batzuetan sufrituz ere bai, ezagun ugari bidean (asko ikusi ere ez ditut egin baina...). Inondik inora espero ez nuen emaitza izan da, 4 urte hauetan eginiko denborarik onena. Arri beranduago ateratzen zen, eta honek ere bere denborarik onena egin du aurtengoan 1:37 orduko denborarekin. Eta Beñat zer esanik ez, laster beltz artean ikusiko haugu korrika!! 1:09:48ko marka egin du!!

Eguerdian hantxe elkartu gara lehengo urtean bezalaxe kuadrila ederra Donostian pintxo-poteoa egiteko asmotan. Giro ezin hobea, bai eguraldi aldetik baita anbiente aldetik ere. Donostian hasitako poteoak iluntzean Tolosan izan du jarraipena, afaria ere elkartuz eta azkenean zerbeza batzuk gainean genituela etxera iritsiz. Asteburuak merezi zuen, horixe, 10ekoa!!!



2012/09/07

ABUZTUKO OPOR TXIKIAK

Uda honetako oporren lehenengo zatitxoa pasa da dagoeneko. Astebeteko oporrak izan ditut (abuztuak 3tik 12ra), nahiz eta motz xamarrak izan ederki aprobetxatuak izan dira. Batetik bestera ibili naiz geratu ere egin gabe: udalekuak, Bardeak, Landak, Jaka, Pirinioak…

ABUZTUAK 3-6: ATXONDO (UDALEKUAK)
Opor egun hauen lehen geldialdia Atxondon izan zen;  Ibarrako Txiribitu Astialdi Taldekoei bisita egin nien udalekuetara. Bertan beraiekin aspaldiko oroitzapenak berpizteko aukera izan nuen (begirale nintzen garaiko uneak gogora ekarri…) Egun ederrak pasa genituen; haur eta gazteekin jolas nahikoa egin, txorakeria nahikoa esan, begiraleen artean apustuak  egin, mendiko rutak organizatu, gau giroan terrazan tertulian egon… Lo-ordu askorik ez genuen izan baina beno, egun gutxi zirenez ahal zen guztia aprobetxatu beharra zegoen!!!
Toki paregabea da Atxondoko etxe hau, Anbotora bista zoragarriak eskaintzen dituena etxeko ataritik. Urkiolara ere bisita egin genuen, mendiko rutak prestatzen ibili ginenean umeekin gau bat bertan pasako genuela pentsatu genuen. Eta beraz, bertan lo egiteko leku egoki bat bilatu beharra zegoen. Eta Urkiolan geundela aprobetxatuz harriari ere buelta batzuk eman behar ba!! 7 buelta eman behar omen zaizkio ( eta guk badaezpada 7 buelta zentzu batean eta 7 buelta beste zentzuan eman genizkion… jejeje!!!)
Ba lo-tokiarekin zorteko izan ginen eta bat ez, bi aterpetxe topatu genituen: Santutegiaren ondoan daude biak; bat librea da, normalean egunez bakarrik egoten da irekita baina azkenaldian gauez ere irekita edukitzen dutela esan zigun interpretazio zentruko langileak. Bigarrena, berriz, pribatua da, (Santutegiarena) baina oso prezio onean alokatu daiteke 4€/pertsonako eta gauko. Hori bai, minimo 60€ eskatzen dituzte. Guztiz ekipatua dago, 22 ohe, bainugela, sukaldea tresna guztiekin, jangela… Norbaitek Urkiola-Anboto aldetik asteburu pasaren bat egiteko asmoa badu, bertan lo egiteko toki paregabea da. Guk, ruta bi taldetan banatuta egin behar genuenez biak hartu genituen.
Igandean abiatu behar genuen mendi aldera motxilak hartuta, baina eguraldi iragarpenek notizia onik ez zutenez, astelehenera atzeratu genuen. Nik astelehenean Ibarrara itzuli behar nuenez hantxe agurtu nituen mendi aldera abiatu zirenean!

ABUZTUAK 6-9: BARDEAK BIZIKLETAN
Bazkalondoan Atxondotik itzuli eta iluntzean bertan Bardeetara joateko geratuta nengoen Irungo lagun batekin Ibarran. Etxera etorri, motxila hustu, bizikletako gauzekin berriro bete eta furgonetan bizikleta eta traste guztiak kargatu ostean iluntzeko 8ak aldera abiatu ginen Nafarroa hegoalderantz.

Bardeetako Parke Naturalaren sarreran (El Pasoko aparkalekuan) lo egiteko asmoa genuen, Carcastillotik 10km-ra. Baina azken herri honetara iristean herriko jaiekin egin genuen topo. Gure artean zera komentatu genuen “Bertan gaudenez, afaldu eta trago pare bat hartuko ditugu ezta?”. Esan eta egin. Furgoneta aparkatzeko toki egoki bat topatu, afaldu eta astelehen buruzuri batean hantxe atera  ginen zerbeza pare bat hartzeko asmoarekin. Gaueko 23:30ak, ia inortxo ere ez tabernetan. Bertako zerbitzari bati galdetu genion eta honek 1:30ak aldera arte ez zela parrandarik hasten esan zigun. Bi aukera zeuden: furgonetara lotara itzuli ala bertako giroa ezagutu eta herriko festetan murgiltzea. Eta noski, bigarren aukeraketa egin genuen. Gainera herrikoen artean erabat integratzeko zapi gorri bana lortu genituen eta  jada ez geneukan aitzakiarik parrandarako!!

ABUZTUAK 7, ASTEARTEA à Noches alegres…
…mañanas tristes. Ajea, resaka, biharamuna… edozein sinonimok balio du gure hurrengo eguneko panorama deskribatzeko. Bizikleta??? Gainean jarriz gero seguruenik 100 metro zuzen egiteko kapazak ez ginen izango! Izugarrizko beroa egiten zuen eta gosaldu ondoren herritik lasai-lasai buelta bat ematea pentsatu genuen. Siesta txiki bat egin eta pixka bat espabilatzeko erreka baten bila hasi ginen. Monasterio de la Olivara gerturatu ginen, handik Aragon ibaira joan ahal izateko. Beste gorputz bat geratu zitzaigun ur freskotan sartu ostean. Hori bai, erreka bazterreko moskitoen merienda izan ginen uretatik ateratzean!!!
Handik Figarolera. Bertan aterpetxe bat dago Dos Haches izenekoa. 2008 eta 2009.urteetan eginiko bizikleta irteeretan bertan egin nuen lo eta harreman oso ona egin nuen bertakoekin; Maria Angeles, bere senarra eta ahizparekin. Beraz, aspalditik pendiente neukan bisita egiteko aprobetxatu nuen.
Eta honen ostean behingoz “fundamentua” egiteko garaia iritsi zen. Arguedas-era joan ginen, hurrengo eguneko bizikleta ibilbidea Yugoko ermitatik hasi behar baikenuen. Hona iritsi eta hemen ere festak. Hala ere gure gorputzak ez zeuden jai girorako… Jende ugari kalean, errekortariak eta zezenen desfilea ikusten. Nafarren tradizioa baita! Gainera Arguedasen entzierro moduko bat egiten dute Yugora doan errepidetik. “El Estrecho” deitzen dioten jaitsiera da. Dozena bat zezen soltatzen dituzte goian eta hauek herriraino jaisten dira, zezen plazara iristeko.
Ilunabarrean Yugoko ermitara  igo ginen. Taberna, albergea eta merendero handi bat ere badaude bertan. Aparkaleku handi bat du eta bertan pasa genuen gaua. Izugarrizko gau giroa zegoen, zeru izartsua bistan, zakuak atera eta kanpoan lo egiteko aparta (moskitoengatik izango ez balitz…)

ABUZTUAK 8, ASTEAZKENA à Bardena Extrem…
Gaur bai. Kuloteak eta mailota jantzi eta hankak astintzeko momentua heldu da. Goizago irteteko asmoa bagenuen ere azkenean 9:30ak jota jarri gara martxan. Goizean goizetik Lorentzo ederki hasi da berotzen, a ze eguna izango duguna aurretik…
Atzo gauean ibilbideari begirada bat botatzen aritu ginen eta 60km inguru izango zirela aurreikusi genuen, 5 ordu inguruko buelta. Virgen del Yugoko ermitatik beheruntz abiatu eta Ferialeko urtegira zuzendu gara.
El Ferial-eko urtegia

Handik pistari jarraituz Bajada de las Yeguas-etik barrena El Paso-ra gerturatzeko.
Bajada de las Yeguas-eko jaitsiera
Bertan “Monumento al Pastor Bardenero” izeneko eskultura bat dago. Ofizio honek orain hainbesteko arrakastarik ez badu ere, oraindik batzuk mantentzen dute lehengo artzainen ohitura. Bardeetan negu hotza igaro ostean maiatza aldera “Cañada Real de los Roncaleses” deritzon bidetik Piriniotako mendietara eramaten dituzte ardiak, ondoren azaro aldera berriro itzultzeko.
"El Paso"ko aterpea eta aparkalekua

Handik berriro basamortuan barnealdera egin dugu “El Rallón” aldera. Toki esanguratsua da hau. Pista zabalak utzi eta bidezidorretatik barna sartu gara bertara iristeko. Igoeran botatako izerdiek saria dute bertatik Bardena guztiko ikuskizunaz gozatu ahal izateko.
El Rallón tontorreko panoramika

El Rallón gaina eta azpian Paso de los Ciervos Jaitsiera
Bertan azaldu diot nire lagunari nondik nora izango diren gure hurrengo kilometroak. Rallonetik jaitsi eta kilometro bat atzera eginda “Paso de los Ciervos” deritzon jaitsierarako bidegurutzea hartzen da ezkerrera. BTT zaleei gehien gustatzen zaien jaitsiera da hau. Eta hemendik, bidezidor gehiagotatik barrena, “Poligono de Tiro”ko pistara iritsi gara. Dagoeneko ur faltan izango ginela konturatuta geunden eta “Castil de Tierra”ra iristeko biderik motzena hartzea pentsatu dugu. Eskerrak!!!! 40 gradutik gora egiten zituen dagoeneko, eguneko ordurik beroenak genituen bete-betean…
Paso de los Ciervos
Poligono de Tiro-ren beste aldean Castil de Tierrara iritsi gara. Potx eginda dagoeneko. Ur eskasia, itzalik eza… ahuldadea hasi da agertzen… Castil de Tierra da Bardeetako formazio ezagunenetakoa.

Handik pare bat kilometro atzera egin eta Cañada batean sartu gara ibilbide hasieran hartu dugun pistara ateratzeko. Aurrera eta aurrera… bidegurutze batean duda sartu zaigu ondo gindoazen hala ez. Jarraitzen ari ginen bidea ez zen hasiera batean mapan jarraitu nahi genuena baina gure orientazioak ez gindoazela hain gaizki esaten zigun. Momentu horretan pajaroi latza etorri zait gainera. Bizikletatik jaitsi, lurrean etzan, gel bat hartu, geratzen zitzaigun azken ur tragoa edan eta xuabe-xuabe aurrera jarraitu behar izan dut. Ezin genuen denbora gehiagoan geldirik geratu, urik ez geneukan, itzalik ez zegoen eta eguerdiko 14:00ak inguru ziren, eguzkia bete-betean!
Poliki-poliki kilometroak egiten ari garela, oasi bat bezala agertu da ur putzu bat bidearen ezkerretara. “Aluzinazioa ala benetakoa ote???” Hau poza!! Horrelakoetan eskertzen da ura benetan!! Eskerrak potabilizatzaileak genituen… Botilinak bete, uretan burua eta gorputza freskatu eta azken ordu erdi pattalari buelta emateko gai izan naiz! Mapa atera, non gauden kokatu eta beste berri on bat!ez genbiltzan hain desbideratuta!!! eta laster irten gara hasierako pistako bidegurutzera. Handik Yugora beste 5-6 km geratzen zitzaizkigun. Umorea aldatu zaigu hau jakitean eta bromak egiten hasi gara “Virgen del Yugo”ren inguruan…
6 orduko ibiliaren ostean 15:30ak aldera iritsi gara furgonetara!!! 72km izan dira azkenean. Iturri azpian burua sartu, ur nahikoa edan eta zerbait jan ostean bizikletak furgonetan muntatu eta Ferialeko urtegira joan gara merezitako bainua hartzera. Hau bai izan dela “pequeños placeres de la vida” esaten dena!!! Ura edukitzearen zoriontasuna!!!
 Urdinez markatuta eginiko ibilbidea
Gaurko honetan Bardeen alde gogorrena bizi izan dugu, “Extrem Bardenas“. Ni behin baino gehiagotan bertan egona nago, baina nirekin etorri denari ez dakit ze oroitzapen geratuko zaion basamortu honen inguruan, lehenengo aldia paraje honetara etortzen dena, eta kondizio hauetan…
Arguedasera itzuli gara, supermerkaturen bat irekita ote zen… baina festetan dena itxita. Zezenen entzierroa ikusi eta Tuterara joan gara fruta eta zuku batzuk erostera, hidratazio beharra genuen!
Errepide iskineko merendero batean meriendatu eta lasai-lasai tertulian egon ostean konklusio batera iritsi gara: “Ezin dugu beste egun bat gehiago bero hauekin hemen bizikletan ibili. Nora joango gara? Mendia ala kosta? Landetara??”. Ba horrelaxe, bi aldiz pentsatu gabe, martxan jarri gara iparralderantz. 2 ordu pasatxoan Capbreton-era heldu gara.
Kostako brisaren frexkotasunean afaldu, itsasoan beste bainu bat hartu eta lotara. Deskantsatzeko premia bagenuen eta biak!


ABUZTUAK 9, OSTEGUNA à LES LANDES
Bezperan harturiko pasatuaren ostean, gaurkoan presarik gabe jaiki gara. Itsasertzean lasai gosaldu, bainujantzia eta galtza motzak jantzi eta pare bat orduko bizikleta itzulia egin dugu Hossegor, L´Etang Noir, L´Etang Blanc eta Capbreton ingurutik.
A ze kontrastea egun batetik bestera; Bardeen bakartasunetik turista artera, basamortuko lehortasunetik pinudi berdeetara, ur putzu eskasetatik itsaso zabalera…
Furgonetara bueltan, bizikletak furgonetari muntatu eta azken bainu bat hartzera joan gara. Hondartza jendez lepo, eta uretan ere zer esanik ez! Bero honekin normala den bezala denak putzuan freskatzen…
Bazkaldu eta bidean martxan jarri gara etxerantz. Arratsaldeko 16:30ak aldera Ibarran egoteko.
Abentura eta bizipen ugariz beteak izan dira hiru egun hauek. Une oso onak eta noski, muturreko egoera horietan ez hain onak ere bai. Hala eta guztiz ere, momentu zail horiei ere aurre egiten jakin dugu eta nola ez, momentu onez topera disfrutatzen ere bai!  

ABUZTUAK 10, OSTIRALA à JAKA
Atzo iluntzean beste behin motxila bat hustu bestea bete eta Jakara eraman beharreko traste guztiak prest utzi nituen.
Goizeko 9:30etan geratu naiz Izarorekin Jakara abiatzeko. Alerta emana zegoen beroarengatik, eta kotxean ur botilak aldamenean hartuta errepidean martxan jarri gara. Biok Jakara eginiko azken eskapada orain 5 urte inguru izan zen. Beti esan eta esan ari ginen “Pirineota jun behar deu ba berriro biak e…!” Eta horrelaxe iritsi da gaurko eguna. Azkenean martxan gara ilusio handiz eta astebururako plan zehatzik gabe… momentukoaren arabera erabakiko dugu zer egin.
Eguerdi alderako bertan ginen. Nire izebaren apartamentuan trasteak utzi eta terrazan Shandy bat hartuz astebururako behar ditugun erosketen zerrenda bat egin dugu. Kalera jaitsi, ostiral goiza zenez merkadillotik buelta bat eman eta supermerkatura joan gara erosketak egitera. Presarik gabe lasai bazkaldu eta laurak aldera igerilekura jaitsi gara.
Bainu bat hartu eta siesta txiki bat egiteko aprobetxatu dugu (bero gehiegi aukeran eta bigarren bainu bat hartu dugu denbora gutxira). Azken urteetan ikusi gabe nituen Jakako kuadrilako batzuk topatu ditut bertan; Eibarkoak, Donostiakoak… garai zaharrak gogora ekarri, azken urteetako berrien laburpen txiki bat bata besteari egin eta agurtu gara. Berriro terrazan meriendatzeko laranja zuku eta meloi zati frexko bana jan eta kalera. Iluntzeko 20:30ak eta 36º markatzen zituen termometroak!!! Hau ez da ohikoena Jaka bezalako herri batean… Giro bikaina kaleetan, betiko moduan erdiak baino gehiago euskaldunak eta ezagun ugari ere bai tartean! Poteo txiki bat egin eta 10ak aldera afaltzera. Pasta entsalada eder bat jan eta biharko egunari begira zer egin pentsatzen hasi gara. Eguraldi iragarpenen arabera bero egingo duela esaten dute, baina mendi buelta bat emateko giro bikaina. Beraz, Astunetik Pico de los Monjes mendira igoko garela pentsatu dugu.

ABUZTUAK 11, LARUNBATA à PICO DE LOS MONJES
Goizeko 8etan jaiki eta terrazara gosaltzera. Goizean goizetik bero sentsazio handia. Gaurkoan ere…
Motxilak prestatu, mendiko arropak jantzi eta kotxean martxan abiatu gara Astunera. 9:45etan bertan ginen eta 10ak aldera abiatu gara mendian gora. Astuneko eski estazioan, azken jatetxearen ondoko bidezidor batean gora abiatu behar da, errekatxo bati jarraika goruntz. Igoera honen ostean laku baten ondora iristen zara, hau zeharkatuz Col de los Monjes lepora ailegatzeko.

Hemen ezkerrera hartu eta segituan gerturatzen zara tontorrera. Azken zatiak du agian zailtasun apur bat, trepada txiki bat eta segituan Pico de los Monjes gailurrean!!! Uste genuena baino lehen igo gara, ordubete inguruan. Jaitsiera bide beretik egin beharrean, kresteriotik gainez gain jarraitzea erabaki dugu. Denbora soberan genuen eta giro bikaina mendi gailurretan. Guztira 3,5 orduko mendi itzulia egin dugu.

Hirurak alderako berriro etxean ginen bueltan. Zeozer jan (terrazan berriro ere) eta pistinara jaitsi gara. Txapuzoi eder bat eta beste siesta txiki bat, gaurkoan gainera tenperatura freskoxeagoarekin hobe! Dutxatu eta kalera. Pote pare bat hartu betiko tabernetan eta etxera afaltzera. Bihar igandea, dudan ginen Oroeleko mendi igoera ikusi edo guk beste mendi bueltaren bat egingo genuen… azkenean erabakita. Anayetera joango gara. Ni lehengo urtean igo nintzen koadrilako batzuekin, baina Izaro inoiz izan gabe zegoen eta ni ere berriz joateko gogoz. Beraz horixe izango dugu biharko plana!

ABUZTUAK 12, IGANDEA à PICO Y VERTICE DE ANAYET
Gaurkoan lehenago jaiki gara, 7etan. Ohiturei jarraituz terrazan gosaldu (gaurkoan freskotasun gehiago nabari zen), gauzak prestatu, motxilak hartu eta kotxean abiatu gara. 8:45etarako Formigalen ginen, Anayeteko eski estazioko sarrerako aparkalekuan kotxea utzita.
Kotxetik atera eta… hau haize hotza!! Gu galtza motzetan eta jertse ziztrin bat besterik ez genuela joan gara bertara!!! “Hemen horrelako haize hotza baldin badabil…hor goian zer edukiko ote deu?”. Ez zegoen atzera bueltarik, gainean genuenarekin, motxilak hartu eta hotzari aurre egiteko pausu bixi-bixian abiatu gara gorantz.
Hasierako 1,5-2 kilometroak asfaltoan, eski estazioko instalazioetara iritsi arte. Handik aurrera bidea ondo seinalizaturik dago, hasieran GR-11ko marka zuri gorriak jarraitu behar dira, eskuinerantz egin eta Culivillas-eko barrankoan gora abiatzeko. Bidea harrizko hitoek markatzen dute, hala ere bidezidorra garbi ikusten da. Gainera, udan, jende ugari igotzen da bertatik Ibones de Anayet-eraino.
Guk ere jende ugari topatu dugu bidean, tartean euskaldun dexente eta ezagunak ere bai, noski! Ibonetara iristean parajeaz gozatzea besterik ez dizu eskatzen inguruak. Aurrez aurre Anayeteko tontorra eta verticea, eskuinean Midi D´Ossau eta ezkerrean Pico Arroyeras.

Argazki batzuk atera ostean aurrerantz jarraitu dugu, parez pare ditugun Anayet-eko tontor eta verticearen arteko lepora igotzeko. Hona heldutakoan aurrena tontorrera igotzea pentsatu dugu, ondoren verticetik barrena kresteriotik Pico Arroyeras-eraino heltzeko.
Beraz, eskuinerantz jo dugu, atzeko partetik hitoei jarraituz berriro ere lakuen aldera atera arte. Hemen, igoera txiki baten ondoren, pasorik delikatuenera iristen gara; harkaitzera anklaturik dagoen kate batetik egiten da aurrera, tximini batera iritsi arte. Hemen beste trepada txiki bat eta azken hitoei jarraituz gailurrean gara.
Gora iristean berriro bista zoragarriak. Argazki batzuk atera, briñoi bat gustura jan eta goian dagoen kuadernoan gure notatxo bat idatzi dugu (bakarren bat bertara igotzen bazarete hantxe ikusiko duzue).
Anayet-eko tontorrean atzean Midi D´Ossau delarik
Bide beretik berriro leporaino jaitsi eta verticera abiatu gara. Igoera zuzena, galbiderik gabea. Behetik begiratuta ez badirudi ere, esan verticea pikoa baino altuagoa dela.

Handik kresteriotik aurrera eginez, Pico Arroyeras genuen hurrengo jomuga. Bista ederrak eskaintzen dituen ibilbidea, erraza eta gora-behera handiegirik gabea. Azken zatiak du igoera polit bat, Arroyeras gaina zapaltzeko gainditu beharrekoa. Goian beste argazki pare bat atera eta jaitsierako bidearen bila hasi gara. Liburuak bi jaitsiera posible eskaintzen zizkigun. Guk lehenengoa aukeratu dugu, bestea baino garbiagoa ematen zuelako. Aukeraketa ona izan den? Ez dakit ba, hasieran ondo, baina gero harri solte asko, zati bat behintzat arriskutsu xamarra, malda handiarekin. Behin hau gaindituta, ez dauka konplikazio gehiagorik, belardi batera ateratzen zara eta handik Ibones de Anayet aldera jo behar da, bertara iritsi aurretik eskubitara berriro Culivillasko jaitsiera hartzeko.
Pico Arroyeras-etik Ibonetarako jaitsieran
Konturatzerako iritsi gara eski estaziora. Eta handik kotxerainoko bidea ezagun batzuekin (irakasle ohi batekin) tertulian egin dugu, orain dela 8-10 urteko istorioak gogora ekarriaz!
Guztira 5:30 orduko itzulia. Hasieran hotzaren beldur baginen ere, behin Culivillasko barrankoan gora abiatutakoan hotzak joan zaizkigu eta tontorretan ere eguraldi bikaina izan dugu.
Jakara itzuli, bazkaldu, dutxatu eta etxea garbitu. Gustura jaitsiko ginen pistinara siesta bat botatzera baina denboraz larri xamar genbiltzan eta zuzenean etxera abiatzea pentsatu dugu.

Hauexek izan dira nire abuztuko abenturak. Ederki aprobetxatutako astea izan da. Orain hurrengoen zain geratu behar…

P.D.: norbaitek Bardeei buruzko gehiago jakin nahiko balu  www.bardenasreales.es webgunean dauka ibilbideen inguruko informazio guztia.

2012/07/26

FRANTZIAKO TOURRA 2012

Lehengo astean Frantziako tourra ikusten eta bizikletan kilometro batzuk egiten izan ginen anaia eta biok. Astearte iluntzean Ibarratik atera eta Arreau herrira joan ginen, 3 ordu inguruko bidaia. Afalordurako bertara iritsi eta herri sarrerako aparkaleku handi batean montatu genuen gure kanpamentu basea. Izan ere herri hau zen furgoneta batera eta bestera mugitzen aritu gabe bertatik bizikletarekin mugitzeko aukera onena ematen ziguna. Beraz, hiru egunetan bertan eduki dugu furgoneta eta handik mugitu gara etapa ezberdinak ikustera. Egun bakoitzeko etapak kontatuko ditut segidan, eta aldi berean zuek animatu nahi zaituztet ibilbide hauek ezagutzera!

Uztailak 18: Arreau-Col D´Aspin-Col du Tourmalet-Col D´Aspin-Arreau à 85km
Goizeko 7ak aldera esnatu ginen. Goizean goizetik eguraldi eguzkitsua zetorren. Indarrak hartzeko gosari ederra egin, motxilan aldatzeko arropa, Euskalteleko elastikoa, janari pixka bat eta beharrezko materiala sartu eta 8:30ak aldera abiatu ginen D918 errepidean Tourmalet aldera. Goizeko frexkurak segituan joan zitzaizkigun, lehenengo kilometrorako aldapa gora hasi baikinen Col D´Aspin igoaz. Guztira 11km-ko igoera eta 800m-ko desnibel positiboa duena (hankak ondo berotzeko nahikoa…). Txirrindulari ugari gindoazen bidean, gehienak errepideko bizikletarekin, gu ordea mendiko “mountain bike” pisutsuekin, eta aldapa gora ederki nabaritzen zen diferentzia…


Col D´Aspineko ingurua

Aspineko lepora igo, barrita bat janez inguruko mendietako bista zoragarriez gozatu eta beheranzko bidea hartu genuen Sainte Marie de Campan herrira arte. Errepide bazterretan jende ugari autokarabana eta furgonetekin etapa ikusteko goizetik lekua hartuta. Handik Tourmaleteko lepora 19km eta 1275m-ko desnibel positiboko igoera genuen,. Goizeko lehen orduetako freskotasuna aspaldi joan zen eta eguzkiak bete-betean jotzen zuen. Xuabe-xuabe hartu genuen igoera, ura maiz edan, La Mongien deskantsu txiki bat eginaz botilinak bete eta gorantz jarraitu genuen. Beste 4km geratzen ziren oraindik. Gaina begi bistan genuen baina ez ginen nahi ordurako bertara ailegatu!!!
Saint Marie de Campan, igoeraren hasiera

Jendetza andana, izugarrizko jai giroa eta eguraldi aproposa bertan egoteko. Euskalteleko kamiseta jantzi, bazkaldu eta txirrindulariak iritsi arte 20 minutuko siesta txiki bat egiteko denbora izan nuen errepide bazterrean. Esfortzuak pena merezi zuen!

Aurreikusi bezala 3ak aldera hasi ziren txirrindulariak iristen, hauek ikustea bai gozamena, malda gora zelaian joango balira bezala igotzen ziren!! Euskal afizioa iskin guztietan antzeman zitekeen, ikurrinek eta kolore laranjak bazter guztiak betetzen zituzten. “Zer litzake Piriniotako tourreko etapa bat euskaldunik gabe?” galdetzen genion batak besteari. Voeckler izan zen gaina zapaltzen lehena eta baita etaparen irabazlea ere. Hala ere Euskalteleko txirrindulariek lan bikaina egin zuten.
Hauek pasa bezain laster, ahalik eta azkarren, itzulerako bideari heldu genion, igoerako 19km-ak ziztu bizian igaro ziren jaitsieran eta konturatzerako Sainte Marien ginen berriro. Aurreraxeago zegoen La Seoube herriko taberna batean ikusi genuen etaparen amaiera Coca Cola fresko bat hartuz. Eta ondoren berriro Aspineko lepora igo beharra, oraingoan lehen jaitsi genuen aldetik. Azken bi kilometroak luze joan ziren, eta ez nuen nahi ordurako gaina zapaldu. Anaia han zegoen zain, honek bai, atakea jo eta ziztu bizian egin zituen igoerako azken kilometroak, frexko-frexko!!!
Eguna bukatzeko falta zitzaizkigun azken 11km-ak aldapa behera genituen eta 18:45 aldera furgonetan ginen. Erreka aldamenean genuenez, txapuzoi bat hartuz freskatu ginen bertan. Ur hotzak erabat berrituta utzi gintuen eta afal aurretik herritik buelta bat ematera joan ginen. 800 biztanle inguru dituen herri lasaia da Arreau, eta Frantzian ohikoa denez, hemen ere arratsaldeko 6etatik aurrera ez zegoen bertako inor kalean, kanpoan geundenak bertara joandako “turistak” ginen.
Furgonetara itzuli eta pasta entsalada eder bat afaldu genuen Mikel Laboaren diska entzunaz. Tertulia pixka bat egin gau giroa aprobetxatuz eta lotara.

Uztailak 19: Arreau-Peyragudes-Arreau à 45km
Ibilbide motzagoa genuen hau. 7:30etan jo zuen iratzargailuak. Kanpora begiratu eta lainotuta, tarteka lanbro pixka bat ere ari zuen. Momentu batean zalantza egin bagenuen ere, azkenean xirak jantzi eta joatea erabaki genuen. Motxila barruko gauzak plastikozko poltsetan “txukun-txukun” sartu eta martxan abiatu ginen D618 errepidean. Borderes-Louron igaro eta Avajan herriko bidegurutzera bitarteko zatia “falso llanoa” zen, eta pixkanaka altuera irabazten hasiak ginen. Hankei aurreko eguneko kargatik libratzeko ondo etorri zitzaien. Bidegurutzean, D618an jarraituz hasi genuen Col d´Peyresourde-ko igoera. 12km eta 900m-ko desnibel positiboko igoera. Txirrindulari euskaldun ugari topatu genituen igoeran, baita Tolosaldeko jendea ere. Frantses talde bat elkartu zitzaigun bidean. Haiek niri hitz egin eta hitz egin eta nik ez niela ezer ulertzen esan arren berean jarraitzen zuten (haiek ingelesez ideia handirik ez eta nik frantsesez are gutxiago…). Baina keinu bidez eta ingeles-frantsez pixkat txapurreatuz elkar ulertzea lortu genuen, eta igoeraren zati handi bat haiekin egin nuen, (anaia igoeretan artixta dugunez, honek aurre hartu zigun eta).
Peyragudes-era iritsi baino 3km lehenago Esait-eko gunea zegoen eta euskaldun ugari bertan festa giro ederrean. Gu herriraino igo ginen, eguzkiak bere tokia egin nahi zuen baino behelainoak eta haize hotzak ez zioten uzten.
Peyragudes-eko gaina

Oraindik eguerdiko 12ak ziren eta etapa arratsaldeko 16:45ak arte ez zen pasatzen bertatik. Terraza batean eseri eta lasai egoteko tartea izan genuen. Etapa ikusteko kilometro bat beheruntz jaitsi eta errepide bazterrean tokia hartu genuen. Hemen ere bazkaltzen genuen bitartean beste ezagun batzuekin topo egin, eta siesta txiki bat botatzeko aukera izan genuen Tourreko karabana pasatzen hasi arte.

Beheko kurban norbegiar kuadrila bat zegoen izugarrizko zirkoa montatzen (ez nuke hurrengo egunean haien ajerik eduki nahi…) eta haiekin entretenituta barre batzuk egin genituen txirrindulariak pasatzen hasi arte. 17:00ak aldera igo ziren, Valverdek erraz irabazi zuen etapa.

Txirrindulari gehienak pasatzearekin batera bueltan abiatu ginen, a ze kaosa!! Oinezkoak, txirrindulariak, furgonetak, autokarabanak… denok beherantz egin nahi genuen eta lehen kilometroak erdi oinez egin behar izan genituen. “Desastre” hartatik atera eta konturatzerako… Arreaun ginen! (oraingo honetan portua jaitsi eta “falso llano” hori alde baikenuen).
Berriro errekan bainu bat hartu, herrian buelta bat eman eta afaria prestatzera. Afalostean  hurrengo eguneko ibilbideari begirada bat botatzeko aprobetxatu genuen. Ez geneukan tourreko etaparik ikusteko, baina bai ibilbide polit bat pentsaturik: Cap de Long lakuetara igotzea.

Uztailak 20: Arreau – Saint Lary Soulan – Lac d´Oredon – Cap de Long – Arreau à 70 km
Eguna lainoturik esnatu zen. Goizeko 7ak. Anaiak bizikleta gainean jartzeko izugarrizko pereza zuen eta ondorioz bakarrik egin nuen ibilbidea. Termiko luzea eta txalekoa jantzi, xira motxilan sartu eta bidean abiatu nintzen. 70km eta 1400m-ko desnibel positiboa nituen aurretik. D19 errepidea aukeratu nuen Bazus Aure herrira ailegatzeko (D929an baino trafiko gutxiago du). Handik Saint Lary Soulan-era D929-ko bidegorritik. Eta hemendik aurrera errepide berean jarraituz pixkanaka aldapa gora (oraindik malda handirik gabe) altuera irabazten hasi nintzen. Fabian herria gurutzatu eta gutxira aurkitzen da Cap de Long lakuetara igotzeko bidegurutzea. Errepide nagusian jarraituz gero (D118) Bielsako tuneletik barna Espainia aldera pasatzen zara, eta eskuinera hartu behar da (D929an jarraituz) lakuetara igotzeko.
14km eta ia 1100m-ko desnibela duen igoera hasi aurretik barrita bat jan, botilinak berriro bete eta gorantz abiatu ninzten. Pixkanaka lainoak behean geratzen hasi ziren eta goian zeru urdina zen nagusi. Igoerako kilometrorik gehienak eguzkitan egin nituen baina bero handiegirik gabe. Igoera exijentea baina zoragarria. Aurreneko kilometroetan bailaran aurrera egiten du errepideak zuhaitz artean. Ondoren zuhaitzek pixkanaka zelai berdeei egiten die tokia eta azkenik zelai berdeak gutxituz, arroka sendoek hartzen dute lekukoa.



Igoera amaitzeko 3 km faltan agertzen da lehen lakua: Lac D´Oredon. Bertatik Cap de Long lakuaren pareta ikus daiteke.
Lac d´Oredon

Azken kilometroak egin eta iritsi nitzen Cap de Long-era. Bertan igoeran topatu nuen Barakaldoko batekin tertulia pixka bat egiteko aprobetxatu nuen. Argazki batzuk atera, inguruaz gozatu eta beherantz abiatu ginen.

13:30ak aldera iritsi nintzen berriro bueltan Arreaura. Azkar batean bazkaldu eta bizikletak furgonetan montatu ondoren Tolosara abiatu ginen, arratsalderako bertan egon beharra baikenuen.
Badakizue, udan aukera baduzue, animatu eta hortxe dituzue hiru proposamen bizikletaz egiteko!

2012/07/24

Post G2H



Hauexek dira lehengoan jartzerik eduki ez nituen "Goierriko Bi Handiak" probako bi irudiak:


G2Hko partehartzaileetako batzuk Beasainen irteera gunean. Ezkerretik eskuinera: Iker Beloki, Ion Ubide, Joseba Usabiaga, Unai Ugartemendia eta Maitane Garmendia.



G2Hko ibilbidearen profila: 88km-ko luzera eta 6000m desnibel positiboa.