Lehengo astean Frantziako tourra ikusten eta bizikletan kilometro batzuk egiten izan ginen anaia eta biok. Astearte iluntzean Ibarratik atera eta Arreau herrira joan ginen, 3 ordu inguruko bidaia. Afalordurako bertara iritsi eta herri sarrerako aparkaleku handi batean montatu genuen gure kanpamentu basea. Izan ere herri hau zen furgoneta batera eta bestera mugitzen aritu gabe bertatik bizikletarekin mugitzeko aukera onena ematen ziguna. Beraz, hiru egunetan bertan eduki dugu furgoneta eta handik mugitu gara etapa ezberdinak ikustera. Egun bakoitzeko etapak kontatuko ditut segidan, eta aldi berean zuek animatu nahi zaituztet ibilbide hauek ezagutzera!
Uztailak 18: Arreau-Col D´Aspin-Col du Tourmalet-Col D´Aspin-Arreau à 85km
Goizeko 7ak aldera esnatu ginen. Goizean goizetik eguraldi eguzkitsua zetorren. Indarrak hartzeko gosari ederra egin, motxilan aldatzeko arropa, Euskalteleko elastikoa, janari pixka bat eta beharrezko materiala sartu eta 8:30ak aldera abiatu ginen D918 errepidean Tourmalet aldera. Goizeko frexkurak segituan joan zitzaizkigun, lehenengo kilometrorako aldapa gora hasi baikinen Col D´Aspin igoaz. Guztira 11km-ko igoera eta 800m-ko desnibel positiboa duena (hankak ondo berotzeko nahikoa…). Txirrindulari ugari gindoazen bidean, gehienak errepideko bizikletarekin, gu ordea mendiko “mountain bike” pisutsuekin, eta aldapa gora ederki nabaritzen zen diferentzia…
Col D´Aspineko ingurua
Aspineko lepora igo, barrita bat janez inguruko mendietako bista zoragarriez gozatu eta beheranzko bidea hartu genuen Sainte Marie de Campan herrira arte. Errepide bazterretan jende ugari autokarabana eta furgonetekin etapa ikusteko goizetik lekua hartuta. Handik Tourmaleteko lepora 19km eta 1275m-ko desnibel positiboko igoera genuen,. Goizeko lehen orduetako freskotasuna aspaldi joan zen eta eguzkiak bete-betean jotzen zuen. Xuabe-xuabe hartu genuen igoera, ura maiz edan, La Mongien deskantsu txiki bat eginaz botilinak bete eta gorantz jarraitu genuen. Beste 4km geratzen ziren oraindik. Gaina begi bistan genuen baina ez ginen nahi ordurako bertara ailegatu!!!
Saint Marie de Campan, igoeraren hasiera
Jendetza andana, izugarrizko jai giroa eta eguraldi aproposa bertan egoteko. Euskalteleko kamiseta jantzi, bazkaldu eta txirrindulariak iritsi arte 20 minutuko siesta txiki bat egiteko denbora izan nuen errepide bazterrean. Esfortzuak pena merezi zuen!
Aurreikusi bezala 3ak aldera hasi ziren txirrindulariak iristen, hauek ikustea bai gozamena, malda gora zelaian joango balira bezala igotzen ziren!! Euskal afizioa iskin guztietan antzeman zitekeen, ikurrinek eta kolore laranjak bazter guztiak betetzen zituzten. “Zer litzake Piriniotako tourreko etapa bat euskaldunik gabe?” galdetzen genion batak besteari. Voeckler izan zen gaina zapaltzen lehena eta baita etaparen irabazlea ere. Hala ere Euskalteleko txirrindulariek lan bikaina egin zuten.
Hauek pasa bezain laster, ahalik eta azkarren, itzulerako bideari heldu genion, igoerako 19km-ak ziztu bizian igaro ziren jaitsieran eta konturatzerako Sainte Marien ginen berriro. Aurreraxeago zegoen La Seoube herriko taberna batean ikusi genuen etaparen amaiera Coca Cola fresko bat hartuz. Eta ondoren berriro Aspineko lepora igo beharra, oraingoan lehen jaitsi genuen aldetik. Azken bi kilometroak luze joan ziren, eta ez nuen nahi ordurako gaina zapaldu. Anaia han zegoen zain, honek bai, atakea jo eta ziztu bizian egin zituen igoerako azken kilometroak, frexko-frexko!!!
Eguna bukatzeko falta zitzaizkigun azken 11km-ak aldapa behera genituen eta 18:45 aldera furgonetan ginen. Erreka aldamenean genuenez, txapuzoi bat hartuz freskatu ginen bertan. Ur hotzak erabat berrituta utzi gintuen eta afal aurretik herritik buelta bat ematera joan ginen. 800 biztanle inguru dituen herri lasaia da Arreau, eta Frantzian ohikoa denez, hemen ere arratsaldeko 6etatik aurrera ez zegoen bertako inor kalean, kanpoan geundenak bertara joandako “turistak” ginen.
Furgonetara itzuli eta pasta entsalada eder bat afaldu genuen Mikel Laboaren diska entzunaz. Tertulia pixka bat egin gau giroa aprobetxatuz eta lotara.
Uztailak 19: Arreau-Peyragudes-Arreau à 45km
Ibilbide motzagoa genuen hau. 7:30etan jo zuen iratzargailuak. Kanpora begiratu eta lainotuta, tarteka lanbro pixka bat ere ari zuen. Momentu batean zalantza egin bagenuen ere, azkenean xirak jantzi eta joatea erabaki genuen. Motxila barruko gauzak plastikozko poltsetan “txukun-txukun” sartu eta martxan abiatu ginen D618 errepidean. Borderes-Louron igaro eta Avajan herriko bidegurutzera bitarteko zatia “falso llanoa” zen, eta pixkanaka altuera irabazten hasiak ginen. Hankei aurreko eguneko kargatik libratzeko ondo etorri zitzaien. Bidegurutzean, D618an jarraituz hasi genuen Col d´Peyresourde-ko igoera. 12km eta 900m-ko desnibel positiboko igoera. Txirrindulari euskaldun ugari topatu genituen igoeran, baita Tolosaldeko jendea ere. Frantses talde bat elkartu zitzaigun bidean. Haiek niri hitz egin eta hitz egin eta nik ez niela ezer ulertzen esan arren berean jarraitzen zuten (haiek ingelesez ideia handirik ez eta nik frantsesez are gutxiago…). Baina keinu bidez eta ingeles-frantsez pixkat txapurreatuz elkar ulertzea lortu genuen, eta igoeraren zati handi bat haiekin egin nuen, (anaia igoeretan artixta dugunez, honek aurre hartu zigun eta).
Peyragudes-era iritsi baino 3km lehenago Esait-eko gunea zegoen eta euskaldun ugari bertan festa giro ederrean. Gu herriraino igo ginen, eguzkiak bere tokia egin nahi zuen baino behelainoak eta haize hotzak ez zioten uzten.
Peyragudes-eko gaina
Oraindik eguerdiko 12ak ziren eta etapa arratsaldeko 16:45ak arte ez zen pasatzen bertatik. Terraza batean eseri eta lasai egoteko tartea izan genuen. Etapa ikusteko kilometro bat beheruntz jaitsi eta errepide bazterrean tokia hartu genuen. Hemen ere bazkaltzen genuen bitartean beste ezagun batzuekin topo egin, eta siesta txiki bat botatzeko aukera izan genuen Tourreko karabana pasatzen hasi arte.
Beheko kurban norbegiar kuadrila bat zegoen izugarrizko zirkoa montatzen (ez nuke hurrengo egunean haien ajerik eduki nahi…) eta haiekin entretenituta barre batzuk egin genituen txirrindulariak pasatzen hasi arte. 17:00ak aldera igo ziren, Valverdek erraz irabazi zuen etapa.
Txirrindulari gehienak pasatzearekin batera bueltan abiatu ginen, a ze kaosa!! Oinezkoak, txirrindulariak, furgonetak, autokarabanak… denok beherantz egin nahi genuen eta lehen kilometroak erdi oinez egin behar izan genituen. “Desastre” hartatik atera eta konturatzerako… Arreaun ginen! (oraingo honetan portua jaitsi eta “falso llano” hori alde baikenuen).
Berriro errekan bainu bat hartu, herrian buelta bat eman eta afaria prestatzera. Afalostean hurrengo eguneko ibilbideari begirada bat botatzeko aprobetxatu genuen. Ez geneukan tourreko etaparik ikusteko, baina bai ibilbide polit bat pentsaturik: Cap de Long lakuetara igotzea.
Uztailak 20: Arreau – Saint Lary Soulan – Lac d´Oredon – Cap de Long – Arreau à 70 km
Eguna lainoturik esnatu zen. Goizeko 7ak. Anaiak bizikleta gainean jartzeko izugarrizko pereza zuen eta ondorioz bakarrik egin nuen ibilbidea. Termiko luzea eta txalekoa jantzi, xira motxilan sartu eta bidean abiatu nintzen. 70km eta 1400m-ko desnibel positiboa nituen aurretik. D19 errepidea aukeratu nuen Bazus Aure herrira ailegatzeko (D929an baino trafiko gutxiago du). Handik Saint Lary Soulan-era D929-ko bidegorritik. Eta hemendik aurrera errepide berean jarraituz pixkanaka aldapa gora (oraindik malda handirik gabe) altuera irabazten hasi nintzen. Fabian herria gurutzatu eta gutxira aurkitzen da Cap de Long lakuetara igotzeko bidegurutzea. Errepide nagusian jarraituz gero (D118) Bielsako tuneletik barna Espainia aldera pasatzen zara, eta eskuinera hartu behar da (D929an jarraituz) lakuetara igotzeko.
14km eta ia 1100m-ko desnibela duen igoera hasi aurretik barrita bat jan, botilinak berriro bete eta gorantz abiatu ninzten. Pixkanaka lainoak behean geratzen hasi ziren eta goian zeru urdina zen nagusi. Igoerako kilometrorik gehienak eguzkitan egin nituen baina bero handiegirik gabe. Igoera exijentea baina zoragarria. Aurreneko kilometroetan bailaran aurrera egiten du errepideak zuhaitz artean. Ondoren zuhaitzek pixkanaka zelai berdeei egiten die tokia eta azkenik zelai berdeak gutxituz, arroka sendoek hartzen dute lekukoa.
Igoera amaitzeko 3 km faltan agertzen da lehen lakua: Lac D´Oredon. Bertatik Cap de Long lakuaren pareta ikus daiteke.
Lac d´Oredon
Azken kilometroak egin eta iritsi nitzen Cap de Long-era. Bertan igoeran topatu nuen Barakaldoko batekin tertulia pixka bat egiteko aprobetxatu nuen. Argazki batzuk atera, inguruaz gozatu eta beherantz abiatu ginen.
13:30ak aldera iritsi nintzen berriro bueltan Arreaura. Azkar batean bazkaldu eta bizikletak furgonetan montatu ondoren Tolosara abiatu ginen, arratsalderako bertan egon beharra baikenuen.
Badakizue, udan aukera baduzue, animatu eta hortxe dituzue hiru proposamen bizikletaz egiteko!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina