2016/02/12

Tailandia kostaldetik Bangkok hiriburura


Tailandiako muga arazorik gabe pasa ostean, hainbat aldaketa izan genituen: hasteko asfalto berri-berria duten errepideak, bestetik, ezkerretik gidatzen dutela, eta supermerkatuak zein kaleko postuak nonahi. Ez geunden komodidade hauetara ohituta!!!

Cambodia muga inguruan
Tailandiara sartu ostean
Egun pare batez bizikletak utzi eta Tailandiako irlaz gozatzeko, Ko Chang aukeratu genuen. Irla txiki hau Trat probintzian aurkitzen da, Cambodiako mugatik oso gertu. 3000 kilometroren ostean merezitako deskantsua hartu genuen irla zoragarri eta lasai honetan.








Gure bizilekuan ohikoak ez diren animalia batzuk ere topatu ditugu bidean...



Gure ibilbidean aurrera, Bangkok-era iritsi artean, lagun berriak ezagutzeko aukera izan genuen, beraiekin egun zoragarriak pasaz. Warmshower bidez, Poei eta bere familiarekin kontaktatu genuen eta haien etxean hartu gintuzten, ongietorri ederra eginaz.


Metereologoa izateaz gain, artista ere bada! 5 minutuan egin zigun erretratu hau!


Hurrengo egunean kostaz jarraitu genuen, hondartzaren batean akanpatzeko asmotan. Baina otsailak 7-10 artean Txinatar egutegiko Urte Berria ospatzen dutenez, hondartza inguru guztiak festaleku ziren. Hotel baten ondotik hondartza lasai batera sartu ginen eta kafetegi baten aurrean toki bikaina topatu genuen. Bertako neskari galdetu eta hara ze kasualitatea! Bera ere txirrindularia zela eta gustu handiz hartu gintuen bere atarian. Egunero goizeko 4:30etan irteten dira 3 orduko bizikleta buelta egitera!


Thank you Nipapan!!!
Sattahip herria genuen hurrengo eguneko jomuga. Laku bat inguratzen duen parke eder bat topatu genuen herri sarreran, zelai berdez osatua. Kanpina montatzen ari ginela, gizon bat gerturatu zitzaigun, itsas eraikinaren inguruan hobeto zainduta egongo ginela esanaz. Hainbeste insistitu ostean, kasu egin genion eta hara mugitu ginen. Segituan etorri zitzaigun bertako postuko mutil gazte bat, nahi izanez gero dutxatzeko aukera genuela adieraziz. Afaltzen hasi bezain pronto, han azaldu zitzaigun zuku bana eta txokolatina batzuekin. Sinestezina! Gu nola eskertu ez genekiela geunden...



Hurrengo goizean, (Bangkok-era iristeko bezperan) Warmshower komunitateko beste kide batekin hitz eginda geunden. Neil-ek abereen etxola ekologiko bat du eta bertan, eskola alternatibo bat dute integraturik. Bera bertako irakaslea da eta 20 ikasle inguru dituzte adin ezberdinetakoak. Arratsaldean, beraiekin txango bat egiteko aukera izan genuen, benetan interesgarria da erabiltzen duten hezkuntza sistema eta hau aurrera eramateko egiten duten lana.


Neil bere ikasleekin "klasean"



Neil eta bertako etxolako langilea den Guillermo espainiarraren azken aholkuak entzun ostean ekin genion bizikleta gaineko azken etapari. Trafiko astuneko 100 kilometro genituen Bangkok-era iristeko. Egia esan, uste baino hobeto moldatu ginen hiriburu inguruko zoramen honen artean. Eta 3500 kilometro osatu ostean amaitutzat eman dugu bidaia zoragarri hau!!!
Azken bi egunak hiri erraldoi honetan pasa ostean, gustura hartuko dugu herri txikiko lasaitasuna etxera itzultzen garenean!

Amaiera Bangkok-en
Non sartu naiz ni?
                             

Bidaiaz gozatu duzuelakoan, hurrengora arte!!!

2016/02/02

Laoseko mendietatik Cambodiako basamortura

Azken berriak Laos hegoaldetik eman genizkizuen. Bizikleta konpondu ostean, bidaiaren bigarren zatiari ekin genion. Hegoalderuntz jarraitu genuen, Mekong ibaiari segiz Cambodiako muga aldera. 


Akanpatzeko leku bila genbiltzan batean, herrixka txiki honetara iritsi ginen eta familia jator honek hartu gintuen beraien etxean. Hizkuntzarekin elkar ulertzea zaila egiten bazitzaigun ere, momentu ederrak igaro genituen elkarrekin.





Pakse hirian egin genuen bi eguneko geldialdia. Motor bat alokatu eta Bolaven altiplanoa ezagutu genuen, ur-jauzi ugari daude bertan eta hauetariko bi bisitatu genituen. Bestetik, Bolaven ingurua kafe eta te plantazioengatik da ezaguna. Bertan ekoizten da Laoseko kafe famatua.







Berriro bizikleta gainean, anbulategi baten zelaiean akanpatu genuen hurrengo egunean, bertako erizainek gustu handiz hartu gintuzten bertan. Egun hartan gaixoei baino kasu gehiago egin ziguten guri! jejeje!!


Mekong ibaiko 4000 irlen ondotik Cambodiara iritsi ginen. Mugako tramiteak osatu ostean, Stung Treng herriraino iritsi ginen. Aldaketa handia herrialde batetik bestera. Ikaragarria da Cambodian gertatzen ari dena. Gobernuaren babesean, hainbat konpainia sekulako sarraskiak egiten ari dira. Milaka eta milaka hektarea deforestatzen ari dira, ondoren, lursail hauei su ematen die eta lehen oihana zena, basamortu bat bailitzan ari da geratzen. Tamalez, egunero ikusi ditugu suteak edozein bazterretan.



Errepide nagusia alde batera utzi eta nekazal inguruko herrixka txikietatik jarraitu genuen, bertako jendea eta ohiturak gertutik ezagutzeko. Cambodiako zati ezezagunena dela esan daiteke, turista askok Angkor-eko tenpluak eta kostaldea besterik ez baitituzte bisitatzen. 





Tenperatura altuak izan ditugu lagun egun guzti hauetan. Goizeko 6etarako martxan izaten ginen baina hala ere eguerdirako 40 gradura igotzen zen termometroa!!!




Egunak aurrera, Phnom Penh hiriburura heldu ginen. Hiri zaratatsu honetan bizikletan ibiltzea erronka handi bat izan zen, baina azkenerako ohitu ginen motozikleta, tuk-tuk, motokarro eta autoen artean ibiltzera. Bi egun egin genituen bertan, indarrak berreskuratu, alforjak janariz bete eta kostalderuntz jarraitu genuen, Kampot hirira hain zuzen.




Hemendik, kostaz jarraitu dugu Tailandiako mugara arte. Sihanoukville herrian beste bi egun igaro genituen bertako hondartzetan erlaxatu eta alperkerian egoteko. 2500km egin ostean merezitakoa!!






Tailandiako istorioak bidaia amaieran argitaratuko ditugu, gure helmugara (Bangkok) iristean.

Ondo pasa ihauteriak!!!