2016/02/02

Laoseko mendietatik Cambodiako basamortura

Azken berriak Laos hegoaldetik eman genizkizuen. Bizikleta konpondu ostean, bidaiaren bigarren zatiari ekin genion. Hegoalderuntz jarraitu genuen, Mekong ibaiari segiz Cambodiako muga aldera. 


Akanpatzeko leku bila genbiltzan batean, herrixka txiki honetara iritsi ginen eta familia jator honek hartu gintuen beraien etxean. Hizkuntzarekin elkar ulertzea zaila egiten bazitzaigun ere, momentu ederrak igaro genituen elkarrekin.





Pakse hirian egin genuen bi eguneko geldialdia. Motor bat alokatu eta Bolaven altiplanoa ezagutu genuen, ur-jauzi ugari daude bertan eta hauetariko bi bisitatu genituen. Bestetik, Bolaven ingurua kafe eta te plantazioengatik da ezaguna. Bertan ekoizten da Laoseko kafe famatua.







Berriro bizikleta gainean, anbulategi baten zelaiean akanpatu genuen hurrengo egunean, bertako erizainek gustu handiz hartu gintuzten bertan. Egun hartan gaixoei baino kasu gehiago egin ziguten guri! jejeje!!


Mekong ibaiko 4000 irlen ondotik Cambodiara iritsi ginen. Mugako tramiteak osatu ostean, Stung Treng herriraino iritsi ginen. Aldaketa handia herrialde batetik bestera. Ikaragarria da Cambodian gertatzen ari dena. Gobernuaren babesean, hainbat konpainia sekulako sarraskiak egiten ari dira. Milaka eta milaka hektarea deforestatzen ari dira, ondoren, lursail hauei su ematen die eta lehen oihana zena, basamortu bat bailitzan ari da geratzen. Tamalez, egunero ikusi ditugu suteak edozein bazterretan.



Errepide nagusia alde batera utzi eta nekazal inguruko herrixka txikietatik jarraitu genuen, bertako jendea eta ohiturak gertutik ezagutzeko. Cambodiako zati ezezagunena dela esan daiteke, turista askok Angkor-eko tenpluak eta kostaldea besterik ez baitituzte bisitatzen. 





Tenperatura altuak izan ditugu lagun egun guzti hauetan. Goizeko 6etarako martxan izaten ginen baina hala ere eguerdirako 40 gradura igotzen zen termometroa!!!




Egunak aurrera, Phnom Penh hiriburura heldu ginen. Hiri zaratatsu honetan bizikletan ibiltzea erronka handi bat izan zen, baina azkenerako ohitu ginen motozikleta, tuk-tuk, motokarro eta autoen artean ibiltzera. Bi egun egin genituen bertan, indarrak berreskuratu, alforjak janariz bete eta kostalderuntz jarraitu genuen, Kampot hirira hain zuzen.




Hemendik, kostaz jarraitu dugu Tailandiako mugara arte. Sihanoukville herrian beste bi egun igaro genituen bertako hondartzetan erlaxatu eta alperkerian egoteko. 2500km egin ostean merezitakoa!!






Tailandiako istorioak bidaia amaieran argitaratuko ditugu, gure helmugara (Bangkok) iristean.

Ondo pasa ihauteriak!!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina