2016/01/16

Kilometroak aurrera, Laosen gora eta behera!

Iada 3 aste igaro ditugu Laosen, baita kilometroak eta istorioak pilatu ere. Iparraldeko txoko ugari ezagutu ditugu Van Vieng-ez geroztik.


Inguru oso menditsua, egunero egunero markagailuak desnibel handiak markatzen zizkigun. Mendietan, herrixka txikietan bizi diren etnia ezberdinekin elkarbanatu ditugu gure abenturak, elkar komunikatzea askotan (ia gehienetan) oso zaila egiten bazaigu ere.



Urte zahar gaua Luang Prabang hirian ospatzea egokitu zitzaigun. Leku ederra indarrak berreskuratuta mendiko etapa gogorrei ekiteko!


"Lao massage" jaso ostean


Urteberri festak, ezkontzak...lehen pertsonan bizitzeko parada izan genuen, Luang Namthako kasua, adibidez. Trekking bat egitera irten ginen Ban Sida herrixkara eta kasualitatez, han zer topatuko? herriko bi gazteren arteko ezkontza! Bazkarira gonbidatu gintuzten segituan eta hantxe egon ginen festan herrikoekin batera, Laolao (Laos-eko whiskia) edanez, tripa janariz nahikoa bete genuen! Sida, etnia minoritario bat da, Laos iparraldean 20 herrixketan bizi direla adierazi ziguten. Esperientzia benetan ederra!





Akanpada asko egin ez baditugu ere, eginikoak bikainak izan dira. Herri txikietako eskolak leku aproposak dira horretarako. Bertakoen kuriositatea ere pizten genuen eta azkenean eskola batean, haurrekin petankan jolasten ere aritu ginen!






Nong Khiaw herrian, kirolez aldatu eta Nam Ou ibaian kayak egiteko aukera aparta izan genuen. Ibaian gora barkuz igo ginen (oraindik ez dugu ulertu zergaitia baina gu ontzi batean eta kayaka beste batean igo ginen). Tartean, barkuari helizea hautsi zitzaion, egurra zulatu eta ontzia urez betetzen hasi zen. Bi aldiz geratu behar izan ginen konpontzen eta azkenean, pasaeran zihoan beste ontzi batek erreskatatu behar izan gintuen. Bitartean, gure kayaka non zegoen arrastorik ez geneukan, noski! Eskerrak helmugara iritsitakoan bertan zegoen gure zain! Jaitsiera ederra izan zen, ur lasterretako zati batzuekin, ilunabar dotorea ikusiz heldu ginen herrira.





Orain hegoalderuntz goaz, mendiak utzi eta Mekong ibaiaren zentzua jarraituaz. Azken egunetan arazo mekaniko batzuk izan ditugu: BeƱati atzeko llanta hautsi zitzaion eta gure kabuz konpontzen saiatu bagara ere, azkenean Pakshan hirian, llanta berria erosi behar izan dugu eta mekaniko lanak egin. Bidaia amaiera arte iraungo duelakoan...




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina