2016/04/20

Raid Aran 2015 (2.zatia)

9. Sekzioa. ► 33 km ◄ ▲1170 m ▼ 100 m MTB  

Sekzio hau bizikletako igoera bat zen. Aukerako balizak zeuzkan eta guk hauek alde batetara utziz bide motzenari ekin genion (beste talde guztiek bezalaxe).  Asfaltoz egin beharreko igoera. Lasai egin genuen, lasaiegi. Izan ere, hurrengo mozketa ordua justu-justu pasa genuen. Gauerdian ixten zen trekking-erako irteera ordua eta 5-10 minutu faltan iritsi ginen. Arrazoietako bat logura izan zela uste dut. Haluzinazioak benetan gertatzen direla konprobatu nuen. Errealitatea eta fikzioa nahasten dira. Ipotxak ikusten nituen bide iskinean. Konturatu eta burua bueltatzen nuenean, ez zeuden. Talde bat pasa zen beherantz, kontrako norantzan. Haiek pasa eta 15-20 segundora taldekideei galdetu nien benetan talde bat pasa ote zen edo ametsetan egin nuen. Egia zen.    

 10. Sekzioa. ► 25 km ◄ ▲1280 m ▼ 1920 m TREK+VIVAC  

La Vall Fosca, Estany de Sallente-n irteera. Trekking hau berezia zen. Gauerdian hasi genuen, vivac bat egin behar zen trekking erdian, 2300m ko altueran zegoen bailara ikusgarri batean. Bertara lo-zakua, esterila,  denda, jatekoa, hornilloa eta derrigorrezko material piloa igo behar genuen. 35 litroko motxila txiki gelditu zitzaigun. Igoeran ez genuen bide azkarrena hartu, eta denbora pixka bat galdu genuen arren, arazo gabe iritsi ginen vivac-a egin behar zen tokira. Ilun zegoen, kanpin-dendak muntatu genituenean denbora hartu ziguten eta 4 ordu egin behar genituen bertan. Bigarren gaua zenez, lo egitea beharrezkoa zen. ZIP poltsetan generaman arroza jan, tripa ondo bete eta 3 ordu t´erdi egin genituen lo.  



Iratzargailuak esnatu gintuen. Kanpora irten eta Raid guztiko momentu magikoena bizi izan genuen. Buruak nahiko fresko (lo egin ostean), tokia paregabea, eta bizipoza barruan. Pura Vida!
Traste guztiak bizkor jaso, eta berriro tipi-tapa gorantz. Vall Fosca taldearen atzetik gindoazen (beraien “etxean” geunden).  Laster iritsi ginen pasa behar genuen mendi lepora. Hortik beherantz, dena zuzen Taül-era iritsi arte. Ingurua paregabea. Bertan zegoen trantsizio gunea. Baina iritsi ginenean… Ai ama!!!! Gure asistentzia falta. Hau marroia!!! Baina berehala iritsi ziren. Eskerrak!! Furgonetetatik bizikletak presaka atera, traste mordoa bertan utzi (kanpina, hornilloa, zakua, esterila…) eta hurrengo sekzioari ekin genion.

11.  Sekzioa. ► 22 km ◄ ▲330 m ▼ 1060 m MTB  

Btt-ko sekzioa zen Taül-etik El Pont de Suert-era. Bidexka estua, hasieran zati dezente goitik behera, teknikoa, eta gero erreka alboan zihoan bidexka bat. Estua, dibertigarria, etengabeko gorabeherak. Oso ongi egin genuen. Sekzioa bukatzen geundela “Sorpresa! Material kontrola”.  Egia esan, poztu ere egin ginen. Raid guztian zehar 35 litroko motxila bizkarrean eraman ostean (GoreTex-a, euritarako prakak, botikina, jatekoa, arropa luzea, frontalak bateriekin…) eskertu ere egiten da “kontrol” bat izatea.  Baina zer eskatuko eta gure dortsal zenbakia idatzita zeukaten barritak eta janaria. “NO ME JODAS!!!! Después de llevar este mochilón en tantos y tantos kilómetros me pides unas putas barritas con número de dorsal??” Eta noski, derrigorrezkoak ziren arren guk jadanik ez genituen. Hasierako barritak eta janaria  jan ostean, trantsizioetan uzten genituelako zakar guztiak eta janari gehiago hartu (eta dortsal zenbakia ez genien jartzen). Egiari zor, ulertu zuten eta azkenean ez ziguten zigor handirik jarri.

Iritsi ginen trantsizio gunera El Pont de Suert. Bertan kayak-eko sekzioa geneukan Panta d’Escales-en. 


12.Sekzioa. ► 9+22 km ◄ ▲400+0 m ▼ 400+0 m TREK+KAYAK+CLIMBING+RAPEL

Ikaragarrizko beroa egiten zuela ikusita, ur asko hartu genuen eta erdi korrika erdi oinez joan ginen pantanoraino. Kayakean eseri, eta palak astintzen hasi ginen. Arraun ordu asko genituen aurrean. Ez zen sekzio motza. Lehenengo orduetan ongi moldatu ginen, nahiz eta gure erritmoa uretan ez den azkarrena. Hala ere nekatzen joan ahala, postura hartzea kosta egiten da: gerria nekatu (respaldo gabeko eserlekuak), mugitzen hasi… gogorra egin zitzaigun, ez baita gure “terrenoa”. Trantsizioan aurreratu genuen Vall Fosca taldeak erraztasunez aurreratu gintuen uretan. 



Sekzioa bukatzen ari zela, eskaladako proba berezi bat genuen.  Puntuez aparte 4 orduko bonus bat ematen zuena. Hala ere gure estrategian 4 ordu horiek ez ziren garrantzitsuak. Ahalik eta denbora gutxien galtzea zen klabea, eta ondorioz, lehen zatia bakarrik eskalatu genuen laurok (eta eskerrak, bestela… jur jur jur) . Puntuak hartu, eta bonusa bertan gelditu zen. Egia esan toki polita zen. Eskalada harrian eta gero “psicoblock” bat ur gainean.  Kayakak lagatzeko tokira iritsi ginen eta korrika trantsiziora. Oso-oso justu gindoazen denboraz.


Trantsiziora iristean antolakuntzak hurrengo sekzioko mozketa kendu egin zutela esan zigun. Ze ona!!! (Antolakuntzak jabetu zen agian inork ezingo zuela mozketa ordu hori gainditu). Izan ere, hasiera batean hurrengo btt-ko sekzioa bukatu eta “Trekking de Alta Montaña” hasteko ordu topea gauerdia zen.
Hau entzun genuenean lasaitu ederra hartu genuen. Laurok “osorik” geunden. Inork ez zuen aparteko minik eta istripurik ezean, helmugara garaiz heltzeko gai ikusten genituen gure buruak. Kontzentratu eta hurrengo sekziora.

13.sekzioa.  ► 47 km ◄ ▲1650 m ▼ 970 m MTB  

Btt-ko sekzio luze eta zaila. Pont de Suert-etik Vielha-ko tunelaren hegoaldeko sarreraraino. Ez zen sekzio erraza orientazio aldetik. Batez ere argia itzaltzen joan zen neurrian (3. gaua) eta erreka baten ondoko bidexketatik egin genuen zati luze batean aurreko urteetako uholdeen ondorioz erreka alboetako bidexka denak suntsitu/aldatuta baitzeuden.  Beste behin Beñatek bere orientazio gaitasuna agerian utzi zuen, sekzio aparta egin genuen. 



Zati honetan Abentura kategoriako (erreleboka doazenak)  talde bat elkartu zitzaigun. Alvar Mendez eta Victor Echevarria kataluniarrak. Gu baino indartsuago zihoazen fisikoki, baina orientatzen zailtasun handiak zituzten eta gurekin batera joatea erabaki zuten. Sekzioa bukatzen ari ginela, fisikoki oso ondo geundela ikusten genuen, baina taldekide bat sudurretik odoletan hasi zen. Esfortzuaren ondorioetako bat. Pare bat aldiz gelditu behar izan ginen lepoa eta bekokia bustitzen, pixka bat zain egon eta aurrera. Bukaerara.
Trantsiziora iritsi eta trekking de Alta Montaña egiteko prestatu ginen.

14.Sekzioa. ► 15 km ◄ ▲1350 m ▼ 1440 m TREK

Bi ibilbide zeuden.
A ibilbidea: Pic de Molieres - Artiga de Lin - Vielha.  Hau zen puntu gehien ematen zituena. Pioleta eta kranpoiak beharrezkoak. FMR talde frantsesak bakarrik osatu zuen ibilbide hau (ole sus huevos!! Zorionak).


B ibilbidea: Canal del Port de Vielha-tik. Guk bigarren ibilbide hau egin genuen, eta bertara joateko bide xelebrea aukeratu ere bai. Motzagoa baina zailagoa. Estanh Redon-era igo, hau ezkerretik inguratu eta Serra de Fontfreda-ko mendi lepo bat igaroz beste aldera pasa, Canal del Port de Vielha-ra sartzeko.  Zati honetan nahiko arriskatu genuela iruditzen zait. Asmatu egin genuen, baina lakuan geundenean ez genekien ondo ze mendi lepo aukeratu beste aldera igarotzeko. Lepo desberdinak zeuden. Lehenengo biak albo batera utzi genituen eta hirugarrena pasa genuen. Lasai gindoazen eta erabakiak segurtasunari begira bakarrik hartu genituen. Denborak ez zuen axola. Talde lan aparta! Ez dut uste lauroi inoiz ahaztuko zaigunik gau hura. Beste momentu magiko bat.

Ahaztu egin zait, baina sekzio honetan ere katalanak izan genituen kide. Gurekin beldurtuta gelditu ziren. Elkarri begiratzen zieten eta… “Estos vascos están flipaos!!! Y encima van en manga corta!!!” Egia esan ez ziren isiltzen (gurekin berriketan) eta esperientzia polita izan zen. Suhiltzaile eta sukaldari bat!!!
Kanalean sartu ondoren jaitsiera luze bat genuen. Oinez jaitsi genuen. Baliza aurkitu eta zuzenean Vielha-ra. Eguna argitzen hasi zen, eta momentu horretan pare bat taldekide balantzaka zihoazen bidean behera. Tentsioa jaitsi ondoren logura nagusi. 10 minutu lo egitera gelditu ginen (katalanak aurrera bidali genituen), esnatu, eta zuzenean Vielha-ra.



Trantsizioa zegoen aparkalekura iritsitakoan bikain gindoazela konprobatu genuen berriro.

15. Sekzioa. ► 50 km ◄ ▲1690 m ▼ 2440 m MTB  

Azken txanpa gelditzen zitzaigun. Btt-ko sekzio bat paddle surf-eko proba batekin, eta bukatzeko trekking txiki bat. Bizikletak hartu eta abiatu ginen gorantz. Bassa d’Oles-era igo ginen errepidez. Igoera luze xamarra baina zailtasun gabekoa. Egia esanda eskertu ere egiten da hainbeste ordu ondoren.  Bertara iritsitakoan paddle surf lakuan.  Zailtasun gabe eta presa gehiegi gabe osatu genuen. Handik zuzenean behera, eta gero Garona ibaiaren paraleloan doan bidexka batetatik iparralderantz Bossots herriraino.


Bertan azken trantsizioa. Bizikletak bertan utzi, eta korrika abiatu ginen. Pare bat kontrolgune pasa eta Les-eko Camping-era iritsi ginen. Bertan tirolina luze bat egin eta helmugara. Les herrian kokatuta zegoen helmugako arkura.
Poz-pozik geunden. Harro. Min handiegirik gabe. Podiumeko tokitxo bat gure eskuetan. Argazkiak atera zizkiguten. Asistentziak besarkatu genituen.


Hala ere momentu hartan, informazioa ez zen argia. Inork ez zigun argi esaten ze talde genituen aurretik edo atzetik. Zenbatek lortu genuen arroileko mozketa ordua gainditzea.
Hobetu beharreko puntua antolakuntzarentzako. Ez dugu gai honetan asko sakonduko  momentuan haserre dezentea eta malko bat edo beste ere agertu baziren ere.

Azken emaitza:

 1º postuan: Vall Fosca. David Tarres, Marta Riba, Albert Vilana eta Ota (Aitor Otamendi Oñatiarra). Zorionak laukote.
2º postuan: FMR (France Mountain Raiders). Hurrengo asteetan hauen Track-ak aztertuta kriston raida eta kriston nibela daukatela garbi ikusi genuen.
3º postuan: gu. EUSKALRAID. Zorionak guztioi!  EXPEDITION RACE batean ongi moldatu gara. Talde lan fin eta alaia mantendu dugu. Pila bat ikasi dugu. Ez da erraza izango horrelako maila daukan lasterketa batean berriro emaitza hau lortzea. Hala ere saiatuko gara.


Eskerrik asko etxeko denei. Kirola egiteko denbora lapurtzen edo lana ematen diegunei. Horrelako proba bat bukatzean oroitzapen pila etortzen dira burura. Nekeak, sentimenduak azaleratzen ditu, familia eta lagun denei besarkada bana emateko gogoa etortzen da. Horrela ba, besarkada bana guztioi!!!

2016/04/01

Maite dut Euskal Herria!

Aste Santuko opor egun hauei etekina ateratzeko asmoz, orain dela hilabetetik aparkatuta nuen bizikletari berriro alforjak gainean jarri eta Euskal Herrian barrena galtzeko proposamena egin diot neure buruari. Bizikletaz bidaiatzeak eskaintzen didan askatasuna eta bizipoza berriz ere sentitzeko gogoz bainengoen. Helmuga? Bidaia bera. 


Egun gutxi nituen eta banekien lehen egunean Bernedora iritsi behar nintzela (ostegun eta ostiralean mendiko ibilbide batzuk prestatzeko geratuta bainengoen bertan). Nondik joan? Euskal Herriko mapa hartu eta bide ezberdinak aztertzen hasi nintzen: trafiko gutxi, paisaia interesgarriak, egun batean egiteko moduko distantzia… Azkenean topatu  nuen gustuko ibilbidea: Beasain – Zegama – Otzaurte – Altsasu – Urbasa – Opakua gaina – Iturrieta gaina – Maeztu -  Korres – Izki Parke Naturala – Bernedo. Guztira 105km eta 1600m desnibel positibo. Itzulerarako, aldiz, bi egun izanik Nafarroa aldetik luzatuko dut ibilbidea.


MARTXOAK 23, ASTEAZKENA

Goizean trenez Beasainera. 9etan abiatu naiz geltokitik Zegama aldera doan bidegorriari jarraika. Hasierako paseotxo polita Otzaurte igotzen hasi aurretik. Aldapa gora hankak berotu zaizkit baina jarraian jaitsiera luzea Altsasura. Hotza!! “Hemen tenperatura hau egiten badu, zer demontre topatuko ote dut Urbasa gainera iristean?” - galdetzen  nion neure buruari. Laster batean erantzuna. Oraindik eta hotz gehiago, haize zakarra (eta nola ez, beti bezala aurka) eta aurrerago topatuko nuen beste sorpresatxoren bat…



Gogotsu igo naiz Urbasa gainera eta jaisten hasi bezalaxe, eskuinerantz Opakua aldera irteten den bidea hartu dut (ibilgailuentzat erdi bidean, Nafarroa-Araba mugan, itxita dago). 18km-ko zeharkaldia da. Nafarroako zatian haize hotzaz gain ez dut bestelako arazorik izan. Asfalto txukuna eta elur makinek bidea garbiturik zeukaten. Hala ere, gauzak erabat aldatu dira Arabako aldera pasa naizenean. Argazki pare bat atera bideari begiratu eta…asfalto beltza beharrean elur kapa zuri-zuria begi bistan. “Ba, ez da horrenbesterako izango! Seguru aurrerago garbiturik dagoela.” Alferrik izan da nire burua engainatzea, Opakua gainera irten arteko 7km-ak bizikletari bultzaka egin behar izan baititut. 2 ordu t´erdi, hankak blai eginda eta indarrak ahituta iritsi naiz bertara. Oinetako lehorrak jantzi, indarrak berreskuratu, buruko txipa aldatu eta martxa! Horrelako gertakizunak ere abenturaren parte baitira!



Pedalei emanez aurkitzen naiz berriro ere, Iturrieta gainetik Maeztu aldera. Paisaia zoragarria inguru honek eskaintzen duena, lasaia, bakartia, ezezaguna… Maeztura jaistean Korres aldera doan errepidea hartu dut, trafiko oso gutxikoa eta Izkiko Parke Naturalaren bihotzetik igarotzen dena. Zoragarria benetan! Ziur itzuliko naizela berriro ere inguru hauetara!



Bernedora bitarteko jaitsieran paraje ederra izan dut begi bistan: Kantabria mendilerroa. Aurreko larunbatean bertan izan genuen aurtengo lehen raida eta orduan ez zen brometako eguraldia tokatu! Euria eta behe lainoa. Azkenean, 6:30ak aldera iritsi naiz Bernedoko aterpetxera. Merezitako dutxa hartuko dut gainontzekoak iristen diren artean!


MARTXOAK 24 ETA 25

Bi egun hauek esan bezala Kantabria mendilerroan Txiribitu Astialdi Taldeko begiraleekin udalekuetarako ibilaldiak prestatzen igaro ditut. Ostegunean 10 orduko zeharkaldia egin genuen Bernedotik abiatu eta Lagran arte, tontorrez tontor mendilerro guztia gurutzatuz. (Esan behar abiatu bezalaxe bi ordu behar ez den bide batetik egin genituela, baina akatsaz ohartu eta berehala hartu genuen bide zuzena). Goialdeko zati batzuetan arazoa elurra izan zen. Hau ekiditeko xendaz kanpo ibili behar izan ginen zati askotan, biderik ez zegoen lekuetan aurrera egiteko malabarismo batzuk eginaz.



San Tirso tontorra
Kantabria mendilerroa
Lagran-eko mendi lepora iristen

Ostiraleko ibilaldia lasaiagoa izan zen, galbiderik gabea. Pipaon eta Bernedo arteko bidea GR1 eta GR38 ibilbideak konbinatuz osatu genuen, 16km-ko paseo zoragarria mendilerroaren azpialdeko basoetatik barna.


MARTXOAK 26, LARUNBATA

Goizeko 8:30etan jarri naiz martxan errepidean. Hego haizea eta eguraldi zoragarria izango ditut lagun. Gaurko ibilbidea hauxe: Bernedo – Kanpezu Santikurutze – Acedo – Murieta – Lizarra – Murugarren – Genbe gaina – Ultzurrungo gaina – Ollo. Guztira 90km eta 1055m desnibel positibo.
Bidean hainbat herrixka txiki igaroz konturatzerako iritsi naiz Lizarra sarrerara. Kilometro batzuk Vasco-Navarro trenbide zaharreko bide berdetik egin ditut. Acedon, errepidetik jarraitzea erabaki dut, pista putzuz eta lokatzez beterik baitago hainbat puntutan. 



Txirrindulari ugari gurutzatu ditut bidean, atzera begira geratzen dira asko eta asko. Badirudi oraindik ez dela oso ohikoa emakumezko bat txirrinduan bera bakarrik bidaiatzen ikustea. Herrietatik igarotzean ere gauza bera gertatzen zait askotan, ea beste norbait ba ote datorren zain geratzen dira begira. Dagoenerako ohitu naiz eta grazia egiten dit jendearen erreakzioak, batzuentzat pentsaezina gertatzen baita emakumezko bat bakarrik bidaiatzen ikustea.


Kontuak kontu, Lizarra sarreran Lizarraga portura doan errepidea hartu dut, laster batean eskuinerantz Etxauri aldera abiatzen den bidea hartzeko.  Murugarren, Ziritza, Muez… eta hemendik gorantz Genbe gaineraino. Hemendik aurrera bi aukera ditut Ollo bailarara iristeko: Artetako gainetik (Goñi herritik) edo Ultzurrungo gainetik. Bigarren aukera honen alde egin dut eta bailara osoko bista ezin hobeak eskaintzen ditu gainetik. 

Ollo bailara Ultzurrungo gainetik


Inguruaz gozatuz ziztu batean beheran nintzen eta 14:30ak aldera iritsi naiz Ollo herrira. “Gure Sustraiak” aterpetxean lekua hartua nuen aurrez. Oso proiektu interesgarria da aterpetxe honetako bazkideek aurrera daroatena. Irabaz asmorik gabeko Baserri-eskola bat dute martxan, ezindu fisiko zein psikikoei erabat egokitutako instalazioekin. Arratsaldean bertako “Sua” txakurrak lagundurik mendi buelta bat egiteko aprobetxatu dut eta iluntzean aterpetxean prestaturiko afari goxoa dastatzeko aukera izan dut. Afalostean herritik bueltatxo bat eman eta lotara!

Ollo bailara

MARTXOAK 27, IGANDEA

Ederki asko deskantsatuta gosari ederra nuen prest jantokira jaistean. Hau guztia janda indarrak izango ditut gaurko etapari aurre egiteko! 10ak aldera abiatu naiz, presarik gabe, gaurkoa motza baita: Ollo – Anoz – Urrizola – Ekai – Uharte Arakil – Arbizu – Lizarrustiko gaina – Ataun – Ordizia – Altzagarate.

"Gure Sustraiak" aterpetxea
Ollotik abiatu eta bailaran behera Irurtzun – Iruña arteko errepide zaharrera irten naiz. Irurtzun aldera hartu eta Urrizola herrira igo naiz, pistaz Ekai herrira irteteko. Horrela Irurtzun erdigunea saihestu dut.

Sakanako bailaran nago jadanik. Arbizura arteko bidean, ezkerrean San Donato (Beriain) eta eskuinean Aralar izango ditu zaindari. Gaurkoan ere txirrindulari ugari bidean kilometroak egiten, giro aproposa baitago horretarako. 

Sakanako bailara, Beriain atzealdean

Arbizutik igoera xamur baten ostean eguerdirako Lizarrusti gainean naiz. Zerbait jan eta aurrera, hurrengo kilometroak azkar egin ditut Ataun aldera aldapa behera eta ondoren sasi-ordekan Ordiziara arte. Gaurko azken igoera: Altzagarate. Lizarrustikoak baina aldapa gehiago du honek! Baina gora iristean Aizkorri eta Aralarko mendiak aurrez aurre. Bista zoragarriak etapari amaiera emateko.


Egun gutxiko irteera izan bada ere, erabat biziberrituta itzuli naiz etxera. Gainera beste behin, gure lurraldeak eskaintzen dizkigun txoko zoragarri gehiago ezagutzeko parada izan dut. Urrutira joan gabe ere altxor ederrak baititugu etxetik gertu!