2016/04/01

Maite dut Euskal Herria!

Aste Santuko opor egun hauei etekina ateratzeko asmoz, orain dela hilabetetik aparkatuta nuen bizikletari berriro alforjak gainean jarri eta Euskal Herrian barrena galtzeko proposamena egin diot neure buruari. Bizikletaz bidaiatzeak eskaintzen didan askatasuna eta bizipoza berriz ere sentitzeko gogoz bainengoen. Helmuga? Bidaia bera. 


Egun gutxi nituen eta banekien lehen egunean Bernedora iritsi behar nintzela (ostegun eta ostiralean mendiko ibilbide batzuk prestatzeko geratuta bainengoen bertan). Nondik joan? Euskal Herriko mapa hartu eta bide ezberdinak aztertzen hasi nintzen: trafiko gutxi, paisaia interesgarriak, egun batean egiteko moduko distantzia… Azkenean topatu  nuen gustuko ibilbidea: Beasain – Zegama – Otzaurte – Altsasu – Urbasa – Opakua gaina – Iturrieta gaina – Maeztu -  Korres – Izki Parke Naturala – Bernedo. Guztira 105km eta 1600m desnibel positibo. Itzulerarako, aldiz, bi egun izanik Nafarroa aldetik luzatuko dut ibilbidea.


MARTXOAK 23, ASTEAZKENA

Goizean trenez Beasainera. 9etan abiatu naiz geltokitik Zegama aldera doan bidegorriari jarraika. Hasierako paseotxo polita Otzaurte igotzen hasi aurretik. Aldapa gora hankak berotu zaizkit baina jarraian jaitsiera luzea Altsasura. Hotza!! “Hemen tenperatura hau egiten badu, zer demontre topatuko ote dut Urbasa gainera iristean?” - galdetzen  nion neure buruari. Laster batean erantzuna. Oraindik eta hotz gehiago, haize zakarra (eta nola ez, beti bezala aurka) eta aurrerago topatuko nuen beste sorpresatxoren bat…



Gogotsu igo naiz Urbasa gainera eta jaisten hasi bezalaxe, eskuinerantz Opakua aldera irteten den bidea hartu dut (ibilgailuentzat erdi bidean, Nafarroa-Araba mugan, itxita dago). 18km-ko zeharkaldia da. Nafarroako zatian haize hotzaz gain ez dut bestelako arazorik izan. Asfalto txukuna eta elur makinek bidea garbiturik zeukaten. Hala ere, gauzak erabat aldatu dira Arabako aldera pasa naizenean. Argazki pare bat atera bideari begiratu eta…asfalto beltza beharrean elur kapa zuri-zuria begi bistan. “Ba, ez da horrenbesterako izango! Seguru aurrerago garbiturik dagoela.” Alferrik izan da nire burua engainatzea, Opakua gainera irten arteko 7km-ak bizikletari bultzaka egin behar izan baititut. 2 ordu t´erdi, hankak blai eginda eta indarrak ahituta iritsi naiz bertara. Oinetako lehorrak jantzi, indarrak berreskuratu, buruko txipa aldatu eta martxa! Horrelako gertakizunak ere abenturaren parte baitira!



Pedalei emanez aurkitzen naiz berriro ere, Iturrieta gainetik Maeztu aldera. Paisaia zoragarria inguru honek eskaintzen duena, lasaia, bakartia, ezezaguna… Maeztura jaistean Korres aldera doan errepidea hartu dut, trafiko oso gutxikoa eta Izkiko Parke Naturalaren bihotzetik igarotzen dena. Zoragarria benetan! Ziur itzuliko naizela berriro ere inguru hauetara!



Bernedora bitarteko jaitsieran paraje ederra izan dut begi bistan: Kantabria mendilerroa. Aurreko larunbatean bertan izan genuen aurtengo lehen raida eta orduan ez zen brometako eguraldia tokatu! Euria eta behe lainoa. Azkenean, 6:30ak aldera iritsi naiz Bernedoko aterpetxera. Merezitako dutxa hartuko dut gainontzekoak iristen diren artean!


MARTXOAK 24 ETA 25

Bi egun hauek esan bezala Kantabria mendilerroan Txiribitu Astialdi Taldeko begiraleekin udalekuetarako ibilaldiak prestatzen igaro ditut. Ostegunean 10 orduko zeharkaldia egin genuen Bernedotik abiatu eta Lagran arte, tontorrez tontor mendilerro guztia gurutzatuz. (Esan behar abiatu bezalaxe bi ordu behar ez den bide batetik egin genituela, baina akatsaz ohartu eta berehala hartu genuen bide zuzena). Goialdeko zati batzuetan arazoa elurra izan zen. Hau ekiditeko xendaz kanpo ibili behar izan ginen zati askotan, biderik ez zegoen lekuetan aurrera egiteko malabarismo batzuk eginaz.



San Tirso tontorra
Kantabria mendilerroa
Lagran-eko mendi lepora iristen

Ostiraleko ibilaldia lasaiagoa izan zen, galbiderik gabea. Pipaon eta Bernedo arteko bidea GR1 eta GR38 ibilbideak konbinatuz osatu genuen, 16km-ko paseo zoragarria mendilerroaren azpialdeko basoetatik barna.


MARTXOAK 26, LARUNBATA

Goizeko 8:30etan jarri naiz martxan errepidean. Hego haizea eta eguraldi zoragarria izango ditut lagun. Gaurko ibilbidea hauxe: Bernedo – Kanpezu Santikurutze – Acedo – Murieta – Lizarra – Murugarren – Genbe gaina – Ultzurrungo gaina – Ollo. Guztira 90km eta 1055m desnibel positibo.
Bidean hainbat herrixka txiki igaroz konturatzerako iritsi naiz Lizarra sarrerara. Kilometro batzuk Vasco-Navarro trenbide zaharreko bide berdetik egin ditut. Acedon, errepidetik jarraitzea erabaki dut, pista putzuz eta lokatzez beterik baitago hainbat puntutan. 



Txirrindulari ugari gurutzatu ditut bidean, atzera begira geratzen dira asko eta asko. Badirudi oraindik ez dela oso ohikoa emakumezko bat txirrinduan bera bakarrik bidaiatzen ikustea. Herrietatik igarotzean ere gauza bera gertatzen zait askotan, ea beste norbait ba ote datorren zain geratzen dira begira. Dagoenerako ohitu naiz eta grazia egiten dit jendearen erreakzioak, batzuentzat pentsaezina gertatzen baita emakumezko bat bakarrik bidaiatzen ikustea.


Kontuak kontu, Lizarra sarreran Lizarraga portura doan errepidea hartu dut, laster batean eskuinerantz Etxauri aldera abiatzen den bidea hartzeko.  Murugarren, Ziritza, Muez… eta hemendik gorantz Genbe gaineraino. Hemendik aurrera bi aukera ditut Ollo bailarara iristeko: Artetako gainetik (Goñi herritik) edo Ultzurrungo gainetik. Bigarren aukera honen alde egin dut eta bailara osoko bista ezin hobeak eskaintzen ditu gainetik. 

Ollo bailara Ultzurrungo gainetik


Inguruaz gozatuz ziztu batean beheran nintzen eta 14:30ak aldera iritsi naiz Ollo herrira. “Gure Sustraiak” aterpetxean lekua hartua nuen aurrez. Oso proiektu interesgarria da aterpetxe honetako bazkideek aurrera daroatena. Irabaz asmorik gabeko Baserri-eskola bat dute martxan, ezindu fisiko zein psikikoei erabat egokitutako instalazioekin. Arratsaldean bertako “Sua” txakurrak lagundurik mendi buelta bat egiteko aprobetxatu dut eta iluntzean aterpetxean prestaturiko afari goxoa dastatzeko aukera izan dut. Afalostean herritik bueltatxo bat eman eta lotara!

Ollo bailara

MARTXOAK 27, IGANDEA

Ederki asko deskantsatuta gosari ederra nuen prest jantokira jaistean. Hau guztia janda indarrak izango ditut gaurko etapari aurre egiteko! 10ak aldera abiatu naiz, presarik gabe, gaurkoa motza baita: Ollo – Anoz – Urrizola – Ekai – Uharte Arakil – Arbizu – Lizarrustiko gaina – Ataun – Ordizia – Altzagarate.

"Gure Sustraiak" aterpetxea
Ollotik abiatu eta bailaran behera Irurtzun – Iruña arteko errepide zaharrera irten naiz. Irurtzun aldera hartu eta Urrizola herrira igo naiz, pistaz Ekai herrira irteteko. Horrela Irurtzun erdigunea saihestu dut.

Sakanako bailaran nago jadanik. Arbizura arteko bidean, ezkerrean San Donato (Beriain) eta eskuinean Aralar izango ditu zaindari. Gaurkoan ere txirrindulari ugari bidean kilometroak egiten, giro aproposa baitago horretarako. 

Sakanako bailara, Beriain atzealdean

Arbizutik igoera xamur baten ostean eguerdirako Lizarrusti gainean naiz. Zerbait jan eta aurrera, hurrengo kilometroak azkar egin ditut Ataun aldera aldapa behera eta ondoren sasi-ordekan Ordiziara arte. Gaurko azken igoera: Altzagarate. Lizarrustikoak baina aldapa gehiago du honek! Baina gora iristean Aizkorri eta Aralarko mendiak aurrez aurre. Bista zoragarriak etapari amaiera emateko.


Egun gutxiko irteera izan bada ere, erabat biziberrituta itzuli naiz etxera. Gainera beste behin, gure lurraldeak eskaintzen dizkigun txoko zoragarri gehiago ezagutzeko parada izan dut. Urrutira joan gabe ere altxor ederrak baititugu etxetik gertu!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina