2013/05/16

2013ko denboraldia hasi da!



Lehengo urteko azaroan izan genuen Raidean gure lehen esperientzia. Ezin hobea. Alde negatibo bakarra 2012ko azkena zela. Gogoz geratu ginen horrelako proba gehiagotan parte hartzeko, baina aurtengo denboraldira arte itxaron behar izan dugu.

Esan bezala, 2013ko ligako lehen proba apirilaren 20an Labrazan jokatu zen, Arabar Errioxan. Oion inguruko herrietan eta SASIETAN barrena ibili ginen. Esperientzia ezin hobea beste behin ere!

Ostiral iluntzean joan ginen bertara. Labraza Oionetik 8km ingurura geratzen den herrixka txiki bat da. Muino batean kokaturik dago, mahasti eta soroez inguraturik. Herritik buelta bat eman (ez zen oso handia eta laster ikusi genuen), trago bat hartzeko tabernarik ere ez genuen topatu, eta furgonetara itzuli ginen afaltzera. Tartean furgoneta gehiago ere gerturatu ziren bertara, batzuk aurreko probatik ezagutzen genituenak, beste batzuk berriz, aurpegi berriak. Zopa beroa eta spagetiak afaldu ostean lotara.



Goizeko 7:30etan despertadorea. Leihotik begiratu eta zerua beltz. Uiuiuiuiuiiii....eguraldiak ez zeukan batere itxura onik. Eskerrak kulote luzeak ere maletan sartu nituen... hori bai, ohitura galdu gabe oraingo honetan ere erlojua eta guanteak etxean ahaztu nituen...

Labrazan, proba hasi aurretik
 Gosaria prestatu artean aldamenekoekin tertulia pixkat egin genuen. Gosaltzen indarrak hartu, motxilak eta bizikletak prestatu eta 9:30etarako frontoira joan ginen berriro gauza guztiak hartuta, bilera teknikora. Guztira 50 bikotetik gora, gure kategorian, mixtoan, 15 raider bikote ginen. Antolatzaileek bileran hainbat azalpen eta roadbook-ak banatu zizkiguten, gure buruan ibilbidea irudikatzen joan gintezen.
 
Bilera teknikoa

10etan irteera. Korrika batean mapa hartu, bizikleta gainean jarri eta baliza bila abiatu ginen. Bi etapa genituen:
- E1: BTT 55km, 5 orduko mugarekin trantsiziora itzultzeko.
- E2: Trekking 15km.
Proba guztia egiteko beti bezala 7 orduko muga, tartean proba berezi batzuk ere bazirelarik: eskalada, herri barneko orientazioa eta rappela.



Bizikletako etapa honetan ahalik eta puntu gehien bildu nahi genituen eta lehenik zati teknikoena eta desnibel gehien zuena egitera joan ginen, Meano ingurura, paraje polittak, baso artean baliza bila. Ondoren hegoalderantz zuzendu ginen, malda gutxiago, mahasti eta soro artean ibili ginen, ohiturak galdu gabe "campo a través" batzuk eginaz iritsi ginen Oionera. Bertan eskalada eta orientazioko proba bereziak egin eta atzera berriz Labraza aldera abiatu ginen, bidean genituen balizak hartuz trantsizio gunera iristeko.
Rappel-eko proba Labrazako elizako dorrean zen. Hura jaitsi eta bizikletak trantsizioan utzi ondoren trekking-ari ekin genion.
2 ordu pasatxo genituen proba burutzeko. 25 puntu ziren guztira 2.proba honetan. Ibilbidea ez genuen nahi bezala diseinatu eta uste baino denbora eta kilometro gehiago egin genituen punturik bildu gabe. Estrategia txarra oraingoan... Puntu erdiak besterik ez genituen bildu!
Azkenean 7 minutu faltan helmugaratu ginen, 6h53´ko denborarekin. 45 puntu eskuratuaz 6.postuan amaitu genuen.Traste guztiak kargatu eta Oionera jaitsi ginen talde guztiak dutxa, bazkaria eta sari-banaketa bertan baitziren. Beste taldekoekin batera tertulia eginez arratsalde politta pasa genuen.
Eta eguna amaitzeko bainu eder bat Arnedilloko errekako ur termaletan. Hurrengo egunean korri pixkat egin, beste bainu bat hartu eta etxera!

P.D.: ETBko "Zu kirolari" saiokoak ere bertan izan ziren eta ondorengo bideo grabazioa egin zuten:



http://www.eitb.com/eu/bideoak/osoa/1329822/bideoa-arabar-errioxako-laugarren-abentura-raida-jokatu-dute-labrazan/



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina