2013/08/30

Ekuadorretik Perura eta kostatik mendira

Azkeneko aste hauetan Ekuador hegoaldeko eta Peruko inguruak ezagutu ditugu. Denbora pixka bat pasa da Riobamban egon ginenetik. Juliok bere etxean hartu gintuen eta bi egun eder pasa genituen beraiekin herria ezagutu eta indarrak hartzen. Sukaldari lanak ere egin genituen tortilla patata eder bat prestatuz.


 Eta handik hegoalderako bidearekin jarraitu genuen, tartean portu ugari igaroz, kurbaz beteriko jaitsierak (Alausira iristeko), eguraldi frexkoa izan genuen egun horietan. Ondorioz, gau bat eskola baten ondoko etxe abandonatu batean igaro behar izan genuen, atea "hala nola" ireki eta gero 3100 metroko altueran.





Horrela Ingapircara iritsi ginen, ruina inka batzuk daude bertan, Machu Pichuren antzera baina txikiagoan, 3100 metrotan.

Ingapircako ruinak



Hemengo neurriak ez daude Altzoko erraldoiarentzat eginak...


Eta handik Cuenca hiri kolonialera. Espainiako Cuencaren erreplika bat omen da. Hiri ederra eta terrazatik bista ezin hobeak Cajas-eko parke naturalera.



Eta noski, mendi horiek parean ikusita ezin igo gabe geratu. 4200 metrotara aurkitzen da Cajas-eko parke naturala. Bertatik mendi buelta bat egiteko aprobetxatu genuen, eguraldiak utzi zigun artean behintzat...


4200 metroko tontorrean


Handik barrena kostara jaitsi eta Santa Rosan Ibarrako Joxe Marirekin bi egun igaro ondoren Peruko mugara iritsi ginen. A ze kaosa bertan...

Santa Rosan patxaran ta fariasakin

Kostatik barrena jarraitu genuen. Inguru lehorra, desertikoa, bero asko... Horrela iritsi ginen Mancorara.


 Mancora kostan dagoen herri txiki nahiko turistikoa da, hondartza ederrarekin eta ilunabar ezin hobearekin...





Casma bitarte kostaz jarraitu genuen, herri arrantzaleak, duna ikaragarriak... igaroaz.


 


Pazifikoa utzi eta 3 eguneko portuari ekin genion aldapa gora, itsas mailatik 4200 metrotara igotzeko 120 kilometrotan. Tartean "kakax blandax" sufrituaz eta guzti...



Tripak hustuta errekuperatu nahian


Punta Callan (4227m), atzean Cordillera Blanca
Behin gailurra zapalduta 30km-ko jaitsiera Huaraz-eraino Cordillera Blanca-ko mendi zoragarriak ikusiaz.





2013/08/09

Ipar hemisferiotik hegoaldera

Azken egun hauetan Ekuadorren barrena ibili gara, probintzia ezberdinak igaroz. Iparraldean Carchi probintzian hasi ginen eta Imbabura, Pichincha, Cotopaxi, Tungurahua igaroz, Chimborazora iritsi gara, bertako hiriburura Riobamba.

Imbaburan Ibarratik abiatu eta lehen akanpada librea egin genuen 3068 metroko altueran, Cotacachi sumendiaren azpian aurkitzen den laku zoragarrian: Laguna de Cuicocha.
Dagoeneko konturatu gara hemengo jendeak bizikletarekin kalkuluak egiteko abilezia handirik ez duela. Ibarran lakura iristeko zenbat denbora behar genuen galdetu eta hauxe esan ziguten "En Cuicocha...ahh!!! estais enseguida, en hora y media alcanzais facil, es casi todo plano!!!De Ibarra subir a San Antonio y luego todo llano hasta la laguna". Ta guk sinistu. Lehen aldapa igo genuen San Antoniora, handik aurrera ordeka Cotacachi herrira arte eta handik aurrera... 12km-ko igoera lakura iritsi arte. Azkenean etapa 4 ordura luzatu zitzaigun.




Handik hurrengo goizean Ekuadorreko hiriburura abiatu ginen. Panamericana baino bide motzago bat bazela bagenekien eta bezperan hango langile bati galdetu eta honek baieztatu egin zigun. Hortxe abiatu ginen goizean frexko-frexko 3000 metrotik gora asfalto bota berrian barrena obrako bi langilerekin topo egin genuen arte. Hemen ere bakoitzak bere bertsioa: batek baietz, aurrera jarraitzeko pista bat bazela mina batzuetatik barrena zuzenean Quitora eramaten zuena. Besteak berriz, hobe genuela buelta eman eta errepidez joatea, handik aurrerako pista ez zela bizikletentzat kondizio onenetan aurkitzen. Behingoagatik buelta erdia hartzea erabaki genuen eta nahiz eta kilometro gehiago izan segurutik jotzea. Orain arteko etaparik luzeena izan zen Quitora artekoa: 140km eta 9ordu pedalei ematen. Quito sarreratik hostalera (erdigunera) 17km egin genituen. Arratsaldeko 6:30ak iristerako. Eguzkiari ez zitzaizkion minutu asko geratzen... larunbata izanik festa giroa nagusi kalean, gure harridurarako turista ugari bertan. Dutxatu, afaldu eta zerbeza batzuk hartzera atera ginen, hemengo parrandarako ohiturak ere ezagutu behar...



Quito hiriburura iristen
Hurrengo egunean munduaren erdigunera joan ginen. Quitotik Iparraldera aurkitzen da, San Antonio herrian. Bertan Julio ezagutu genuen. Berarekin eta bere etxeko neskarekin bazkaldu ondoren, Riobambara iristen ginenean bere etxean geratzera gonbidatu gintuen.




Hurrengo egunean Quitotik hegoalderantz abiatu ginen, Latacungara. Cotopaxi sumendia ezker aldean genuen. 3500 metrora igo eta handik beherako jaitsiera pedalei emanez haizearen kontra izan genuen. Paisai ikaragarriak igaro genituen.

Quitotik abiatzen
                           


Latacungatik Ambatora. Eta handik Amazonia aldera desbideratu ginen. BaƱos-era. Ur termalak fama handia dute. Beraz, hurrengo eguna Urjauzien ruta erdi oinez-korrika egin eta bainu eder bat hartzeko aprobetxau genuen. Paraje eleganteak!






Nere terrenotan sartze bazeate, ikusikozue!!!!



Lokatzetan plisti-plasta txerrien antzera ibili ondoren...



Oihanean gauza harrigarriak ere ikusi ditugu... Frank topatu dugu grabaketa saioak egiten.




Hurrengo goizean gosari on batekin energiak errekuperatuta Tungurahua sumendi aktiboaren magaletik barrena Riobambara iritsi ginen. Azkenekoz orain 3 aste egin zuen eztanda, eta bere ondorioak oraindik nabariak ziren.