2013/10/20

Bolivian Southwest



La Paz-en gure lagunak agurtu, bertan gure arrastoa utzi eta pedalei ematen hasi ginen berriro El Alto-ra igotzeko.



Handik trafikoaren zarata eta kutsadura artean Uyuni herrira abiatu ginen, 5 eguneko etapan. Pixkanaka trafikoa gutxituz joan zen, herriak ere geroz eta txikiagoak ziren eta Boliviako altiplanoko basamortuan barneratzen hasi ginen. Egun batzutarako asfaltoa alde batera utzi eta lur, harri eta hondarrezko bideetan barrena abiatu ginen. Berehala etorri ziren lehen arazoak!!! Beñat bidean pasa ziren moto batzuei begira despistatu "Begira, begira, nerea bezalako motoa!!" eta pumba! harri batekin estropoz egin zuen, atzeko llanta 8 bat eginda utziaz.


Urakana ere pasa genuen...
Beñat! seguru hemendik dela bidea?

Abentura hoiek tartean, Uyunira iritsi ginen. Bertan trenen hilerria bisitatu eta ondorengo egunetarako beharrezko janari guztia erosi genuen, astebeterako aurreikuspena gutxi gora-behera.



Aurreikuspen guztiak kargatuta Uyuniko gatzadian sartu ginen, 2 egunetarako. 10500km2-ko azalera du, Nafarroa osoak adina bezala. Gatzezko laku honek  6-8 metroko gatz kapa dauka eta azpian 120 metroko sakonerako ur putzua. Gatzadiaren erdian akanpatu genuen, gauean -10ºC-ko tenperatura izan genuelarik.






Bertatik San Juan herrixkara joan ginen. Falta genuen janaria hartzeko azken aukera (ogia, ura, zopa, pasta...). Giro desertikoa nabaritzen zen jada inguru hauetan. 


Handik beste gatzadi bat "Salar de Chiguana" igaro eta altiplanora igotzen hasi ginen, astebete 4000m-tik gora igarotzeko. Sumendi eta lakuez inguraturiko paisaia ikaragarria. Igoera gogor baten ostean, lehen akanpada 4200 metrotara kokaturiko vivac batean egin genuen. Haizea oso zakarra da arratsalde partean inguru hauetan. Beraz, oso garrantzitsua da babesgune ona aurkitzea.

Suaren goxotasunean beti ere hobeto!
Botiletan genuen edateko ur guztia izoztuta genuelarik, hurrengo goizean hegoalderantz jo genuen. Asfaltoa atzean utzi genuela egun batzuk baziren jada eta bidexkak geroz eta eskasagoak ziren. Gainera bertatik igarotzen diren "jeep tour" turistikoek bide asko txikiturik uzten dituzte. Baina parez pare eta ezker-eskuin genituen bistak geroz eta hobeak ziren. Lehen lakuak bistaratu genituen eta 2.gaua Hedionda lakuaren ertzean igaro genuen. 

Ollagüe sumendia
Cañapa lakua
Laku inguruko flamenko andinoak 4200m-tan. Hauek bai meritua!!!

Barruan 110 dolar. Kanpoan 0 $.
Lakuen ibilbidea jarraituz pixkanaka gorantz egin genuen 4x4 ibilgailuen arrastoak jarraituz 4700 metroko garaieraraino. Egun gogorra izan zen, kilometro gutxikoa, baina hondar eta haizearen aurka borrokatu behar izan genuen.



Eskerrak lotarako babesgune egokia aurkitu genuen... eta garrantzitsuena! inguru horretan zaila bazen ere sua pizteko egurra!!!!

3. gaua, 4600 metrotara
Aurreko eguneko etaparekin alderatuz hau askoz ere lasaiagoa izan zen. Paseo eder batean "Laguna Colorada"-ra heldu ginen. Gorri kolorea du (bertako alga batzuen eraginez) eta egunean zehar eguzkiaren argiarekin bere intentsitatea aldatuz joaten da. Bertako aterpetxean lo egiteko aukera izan genuen eta gauean eta hurrengo goizean "jeep tour"-eko turisten janari soberak jan genituen: espagetiak, ogia, gosariko pankekeak... Goseak egoteak zer eginarazten duen...

Arbol de Piedra
Laguna Colorada
Goizean abiatu eta berehala bidegurutze batera iritsi eta urrutira beste bi txirrindulari bistaratu genituen guregana gerturatzen. Marc (USA) eta Elsa (Mallorca) ziren. Batera egin genuen etapa. 

Marc eta Elsa bidai lagunak
Orain arteko kotarik altuena igaro genuen, 5000 metro!!!! Eskerrak ordurako ondo aklimataturik geunden eta altuerak ez zigun eragin. Jaitsiera HOTZ baten ostean, Chalviri lakura iritsi ginen. Gure sorpresarako astebetez jarraitutako 3 gurpilen arrastoak norenak ziren begiztatu genuen: 3 suitzar ziren. Laku ondoko ur termaletan zeuden beratzen jarrita. Gu lauok ere trasteak utzi eta lehen gauza horixe egin genuen: putzura!!!!

Pasarterik garaienean (5000 metro)
Chalviri lakua

Hurrengo goizean Marc erdi gaixo esnatu zenez, 3 suitzarrak eta gu biok jarraitu genuen Laguna Verde-raino. Eta beraiek egun bat gehiago geratu ziren deskantsatzen. Daliko basamortua gurutzatu eta igoera txiki baten ostean, 20km-ko beste jaitsiera OSO HOTZ bat egin genuen laku ondora arte. Bertan aterpetxe abandonatu bat erdi irekita topatu genuen eta hantxe pasa genuen gaua babesean.

Dali-ko basamortua
Lagun suitzarrak
Jaitsierarako prest!

Goizean suitzar neska gaixorik esnatu zen. Hau panorama! Bidetik jendea gaixotzen ari zitzaigun... Han geratu ziren beste egun bat gehiago eta gu biok bakarrik jarraitu genuen Bolivia- Txileko mugaruntz. Boliviako irteera seilatu eta azkenean 9 egunen ostean asfaltoa zapaldu genuen!!! Hau poza!!! Gainera 43km-ko jaitsiera San Pedro de Atacamara iristeko (2450m).



Eta noski, hainbeste gaixo bidean utzita gu libratuko ginelakoan? Ba ez. Gauean bertan ni gaixo jarri nintzen, komunera bueltaka gau osoa... Hurrengo egunean San Pedron Elsa eta Marc-ekin geratuta geunden afaltzera joateko baina panorama ikusita (Beñat bakarrik zegoen ondo) koka kola bat hartu eta bakoitza bere hostalera itzultzea erabaki genuen. Zer izan ote zen denoi kalte egin ziguna?

Hurrengo egunean San Pedro de Atacaman autobus bat hartu genuen Argentinara, Jujuy probintziara. (Ikasi dugu Argentinan ez dela "coger el autobus" esan behar...). Bertan, beste "Casa de ciclistas" batean gaude. 7 seme-alaba dituzten familia bat da, oso jatorra.

Doyharzabal familiar batzuk ere ezagutu ditugu bertan. Bazkari bat eginaz tertulia ederrean egon gara, abizenaren jatorria beraiei azalduz. 

Nere lehengusu "Amerikanua", Dante Doyharzabal
Hurrengo egunetan Argentinan barrena jarraituko dugu Mendoza-ra arte. Handik Santiago de Chile-ra pasatzeko. Ondo izan!!!!

2013/10/16

3812m-ko garaierako itsasertzean

Inken inperiotik aldenduz, Aymararren kulturan barneratu gara. Cuzcotik irten eta bidean zehar Inken hainbat ruina igaro ditugu. Hegoalderantz tira genuen, bailara eder batean barneratuz. Herrixka txikiak gehienak. Tartean Aguas Calientes izeneko herrixkan geratu ginen. Eta izenak dioen moduan, ur beroko putzuetan bainatzeko aukera izan genuen, bertan lo eginaz. Ur medizinal hauek 3800 metrotara dagoen paraje izugarrian aurkitzen dira. Igandea zenez, inguruko guztiak ere bertara gerturatuta zeuden.

Munduko sumendirik txikiena

Etaparen osteko bainu ederra
Hurrengo goizean Abra La Raya portua igotzea tokatu zitzaigun, beraz eguneko lehen kilometroak aldapa gora! Trenbidea ere bertatik igarotzen da, 4300 metrotara. Beti bezala, Maitane parajeari begira zihoan bideari arretarik jarri gabe, eta...

                                                                                        Seinale handi askoa da ba!                                                                                                                                                                                                                                                                                

Handik aurrera gozatzeko kilometroak izan ziren,  aldapa behera eta sasi-ordekan kilometroak erraz eginaz. Beste panpa handi batetik barrena joan ginen Ayaviri herrian geratu arte.


Laino beltzei ihesian
Hurrengo goizean, Juliaca-ra abiatu ginen. Bezperan bertako batzuek abisatu ziguten moduan, festetako egun nagusia zen Juliacan. Hiri nahiko handia da, Titicaca lakuaren hasieran kokaturik dago. Ederki kosta zitzaigun herriaren erdialdera iristea: herri sarrerako kale nagusian obrak, merkatua kale erdian, trena orduantxe herriko kale erditik pasatzen, festetako desfilea, bertakoak dantzan eta moxkorkerian, eta gainera, hostal bila hasi eta batzuk okupatuak, besteak itxita... 10.saiakeran lortu genuen lotarako lekua!!!!


Handik Puno-ra joan ginen, Sillustani-tik igaroz. Inken hilerri bat da, bizitzako fase guztiak azaltzen direlarik. Laku baten ertzean dago. Guk lakura gerturatu nahi genuen baina ezin izan genuen, herrira sartzeko ere ordaindu beharra baitzegoen. Gauzak horrela, ur ertzean gure ruina propioa eraikitzea erabaki genuen. Punora iristeko azken kilometroetan hainbeste esperotako Titicaca lakua bistaratuko genuen azkenean!



Hurrengo 5 egunak lakuaren ertzetik egin ditugu, Boliviara ere bertatik sartu garelarik. Inguru ikaragarria da, nahiz eta turismoaren eraginez bertako herri eta irla batzuk aldaketa handia jasaten ari diren. Pena ur ertzean ezin akanpatu izana, horrelako bistak edukita. Izan ere, arratsalde erdirako izugarrizko haizea ateratzen du eta ezinezkoa da bertan kanpina jartzea. Bizikletan ere ederki kosta zitzaigun zati batzuetan aurrera egitea.




Perutik Boliviarako "muga" barregarria. Migrazioko bulegoan ez zegoen inor. Halako batean gizon bat azaldu zen, normal jantzita, bera omen zen aduanakoa. Pasaporteak ia begiratu gabe seilatu zizkiguten eta aurrera!
Copacabanan geratu ginen. Laku ertzeko herrixka bat da, Isla del Sol famatuaren ondoan dago. Herrixka lasai bat izango zelakoan geratu ginen baina oso turistikoa da )bertakoak baina gehiago ginen atzerritarrak...). Ilunabar zoragarria ikusi genuen Calvario muinoaren gainetik eta hostalera itzuli ginen afaria prestatzera.



Hurrengo goizean herriko irteeran bidaiari bat elkartu zitzaigun. Harrigarria bada ere, gurekin batera egin zituen Copacabana eta San Pedrora arteko 42 km-ak. Hau bai canicross-etarako aproposa!

4300m-ko portura igo zen gure "Bixkor"!
La Paz mendikatea, 6400m-ko mendiekin
Gaixoak ura edan beharrean irentsi egiten zuen
Hemen lakua zeharkatzeko itsasontzi bat hartu behar izan genuen eta gure lagunaz agurtu behar izan ginen, ez baitzen ausartu barkuan beste aldera pasatzera.


Hainbeste egun laku ertzean igaro ondoren ezin izan ginen bainu bat hartu gabe geratu. Ura HOTZA eta kanpoan HAIZEA!

Orain arteko bainurik altuena (3812m)
Lotarako leku aproposa aurkitu genuen laku ertzeko hostal batean. Totora barku egileak dira eta bertako semeak Titicacaren inguruko istorio eta kondairak kontatu zizkigun. Hau dena ilunabar ederra ikusiz.



Hurrengo goizean bista ederrekin gosaldu eta La Paz hirira abiatu ginen. Bertan "Casa de ciclistas" bat zegoen eta beste txirrindulari batzuekin batera, egun batzuk igarotzeko leku aproposa.



La Paz hiri amaigabea