Inken inperiotik aldenduz, Aymararren kulturan barneratu gara. Cuzcotik irten eta bidean zehar Inken hainbat ruina igaro ditugu. Hegoalderantz tira genuen, bailara eder batean barneratuz. Herrixka txikiak gehienak. Tartean Aguas Calientes izeneko herrixkan geratu ginen. Eta izenak dioen moduan, ur beroko putzuetan bainatzeko aukera izan genuen, bertan lo eginaz. Ur medizinal hauek 3800 metrotara dagoen paraje izugarrian aurkitzen dira. Igandea zenez, inguruko guztiak ere bertara gerturatuta zeuden.
|
Munduko sumendirik txikiena |
|
Etaparen osteko bainu ederra |
Hurrengo goizean Abra La Raya portua igotzea tokatu zitzaigun, beraz eguneko lehen kilometroak aldapa gora! Trenbidea ere bertatik igarotzen da, 4300 metrotara.
Beti bezala, Maitane parajeari begira zihoan bideari arretarik jarri gabe, eta...
|
Seinale handi askoa da ba! |
Handik aurrera gozatzeko kilometroak izan ziren, aldapa behera eta sasi-ordekan kilometroak erraz eginaz. Beste panpa handi batetik barrena joan ginen Ayaviri herrian geratu arte.
|
Laino beltzei ihesian |
Hurrengo goizean, Juliaca-ra abiatu ginen. Bezperan bertako batzuek abisatu ziguten moduan, festetako egun nagusia zen Juliacan. Hiri nahiko handia da, Titicaca lakuaren hasieran kokaturik dago. Ederki kosta zitzaigun herriaren erdialdera iristea: herri sarrerako kale nagusian obrak, merkatua kale erdian, trena orduantxe herriko kale erditik pasatzen, festetako desfilea, bertakoak dantzan eta moxkorkerian, eta gainera, hostal bila hasi eta batzuk okupatuak, besteak itxita... 10.saiakeran lortu genuen lotarako lekua!!!!
Handik Puno-ra joan ginen, Sillustani-tik igaroz. Inken hilerri bat da, bizitzako fase guztiak azaltzen direlarik. Laku baten ertzean dago. Guk lakura gerturatu nahi genuen baina ezin izan genuen, herrira sartzeko ere ordaindu beharra baitzegoen. Gauzak horrela, ur ertzean gure ruina propioa eraikitzea erabaki genuen. Punora iristeko azken kilometroetan hainbeste esperotako Titicaca lakua bistaratuko genuen azkenean!
Hurrengo 5 egunak lakuaren ertzetik egin ditugu, Boliviara ere bertatik sartu garelarik. Inguru ikaragarria da, nahiz eta turismoaren eraginez bertako herri eta irla batzuk aldaketa handia jasaten ari diren. Pena ur ertzean ezin akanpatu izana, horrelako bistak edukita. Izan ere, arratsalde erdirako izugarrizko haizea ateratzen du eta ezinezkoa da bertan kanpina jartzea. Bizikletan ere ederki kosta zitzaigun zati batzuetan aurrera egitea.
Perutik Boliviarako "muga" barregarria. Migrazioko bulegoan ez zegoen inor. Halako batean gizon bat azaldu zen, normal jantzita, bera omen zen aduanakoa. Pasaporteak ia begiratu gabe seilatu zizkiguten eta aurrera!
Copacabanan geratu ginen. Laku ertzeko herrixka bat da, Isla del Sol famatuaren ondoan dago. Herrixka lasai bat izango zelakoan geratu ginen baina oso turistikoa da )bertakoak baina gehiago ginen atzerritarrak...). Ilunabar zoragarria ikusi genuen Calvario muinoaren gainetik eta hostalera itzuli ginen afaria prestatzera.
Hurrengo goizean herriko irteeran bidaiari bat elkartu zitzaigun. Harrigarria bada ere, gurekin batera egin zituen Copacabana eta San Pedrora arteko 42 km-ak. Hau bai canicross-etarako aproposa!
|
4300m-ko portura igo zen gure "Bixkor"! |
|
La Paz mendikatea, 6400m-ko mendiekin |
|
Gaixoak ura edan beharrean irentsi egiten zuen |
Hemen lakua zeharkatzeko itsasontzi bat hartu behar izan genuen eta gure lagunaz agurtu behar izan ginen, ez baitzen ausartu barkuan beste aldera pasatzera.
Hainbeste egun laku ertzean igaro ondoren ezin izan ginen bainu bat hartu gabe geratu. Ura HOTZA eta kanpoan HAIZEA!
|
Orain arteko bainurik altuena (3812m) |
Lotarako leku aproposa aurkitu genuen laku ertzeko hostal batean. Totora barku egileak dira eta bertako semeak Titicacaren inguruko istorio eta kondairak kontatu zizkigun. Hau dena ilunabar ederra ikusiz.
Hurrengo goizean bista ederrekin gosaldu eta La Paz hirira abiatu ginen. Bertan "Casa de ciclistas" bat zegoen eta beste txirrindulari batzuekin batera, egun batzuk igarotzeko leku aproposa.
|
La Paz hiri amaigabea |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina